Futbola

Uriarte: «Ez dugu buruan San Mamesen obra handi bat egitea»

Athleticeko presidenteak esan du gizonezkoen taldeak Europarako sailkatzea duela helburu, eta emakumezkoenak, lau onenen artean geratzea.

Jon Uriarte eta Mikel Gonzalez. LUIS TEJIDO / EFE
Jon Uriarte eta Mikel Gonzalez, gaur, San Mamesen, prentsaurrekoa eman aurretik. LUIS TEJIDO / EFE
jon eskudero
2025eko irailaren 18a
15:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteroko legeari eutsiz, denboraldi hasiera bakoitzeko prentsaurrekoa eskaini du gaur Jon Uriarte Athleticeko presidenteak, Mikel Gonzalez futbol zuzendariarekin batera, San Mamesen. Gizonezkoen eta emakumezkoen taldeen helburuez hitz egiteaz gain, hainbat gai jorratu ditu Uriartek, eta Aymeric Laporteren kasuari heldu dio batik bat. Hasiera batean FIFAk atzera bota zuen fitxaketa, baina Athleticek erakutsi zuen gauzak ongi egin zituela, eta azkenean arrazoia eman zion FIFAk. «Kasuak iraun duen bitartean dezente sufritu dugu, baina pozik gaude azkenean Laporte gurekin dagoelako», aitortu du Uriartek. Orain, kluba lanean ari da jokalariak Txapeldunen Ligan parte hartzeko eskubidea izan dezan. «Gure ustez, legea bete dugu, eta espero dugu Laportek jokatu ahal izatea».

Gizonezkoetan helburua hirugarren urtez jarraian Europarako sailkatzea dela adierazi du presidenteak. Ezer baino lehen gaineratu du helburuak denek elkarren artean finkatu dituztela: jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritzako kideen artean. «Gutxienez 48 partida jokatuko ditugu sasoi honetan, eta sortu dugun inertzia irabazlea mantendu nahi dugu. Oso zaila izango da, baina berriro Europarako sailkatzen saiatu behar dugu». Ildo horretan, lehentasuna ligak dauka, Uriarteren esanetan. «Liga da jaten ematen diguna, eta horretan zentratuko gara. Txapeldunen Ligak ilusio handia piztu du guztion artean, eta ahalik eta urrunen iristea izango da erronka. Ea bide luzea egiten dugun Espainiako Kopan ere».

Emakumezkoen taldearen kasuan, liga hasiera ez da «espero bezalakoa» izan, Gonzalezen esanetan. Jokoan izandako bederatzi puntuetatik bakarra bildu dute zuri-gorriek, baina ez da kezkarik sortu batere zuzendaritzaren baitan. «Ligako talderik gazteena gurea da, eta, oraina ez ezik, etorkizun itzela daukagu. Konfiantza handia dugu». Athleticek Espainiako Superkopa jokatuko du sasoi honetan, AEBetan, eta hara bidaiatzea begi onez ikusi du Uriartek. «Emakumeen kirolean gu baino aurreratuagoak daude Estatu Batuetan, eta interesgarria izango da bidaia».

Yeray Alvarezen kasuari buruz ere mintzatu da Uriarte. «Hamar hilabeteko zigorra gehiegizkoa da, argi geratu baita nahi gabeko zerbait izan zela. Ikusiko dugu helegitea jarri edo ez». Azkenik, gaizki-ulertu bat argitu nahi izan du presidenteak. «Nire hitz batzuk gaizki ulertu ziren, eta zabaldu da San Mamesen obra handi bat egitea aurreikusten ari garela. Ez da egia. Momentuz ez daukagu halako ezer buruan».

realak cartujan jokatuko du BIHAR, betisen aurka

Mamuak agertzen hasi baino lehen, denboraldiko lehen garaipena lortu nahi du bihar Realak, Sevillan (Espainia), Betisen aurka (21:00, DAZN). Jokoan izandako hamabi puntuetatik soilik bi lortu dituzte txuri-urdinek: berdindu egin zituzten lehen bi partidak, eta galdu azken biak. Horregatik, puntu premian lehiatuko dira Cartujan. Zelai kutuna du hura Realak, han irabazi baitzion Athletici Espainiako Kopako finala, 2021ean. Baina, galduko balu, historiako liga hasierarik txarrenetako bat egingo luke. Sergio Francisco entrenatzaileak lasaitasuna eskatu du: «Emaitzek adierazten dutena baino hobeto dago taldea. Heldutasuna ikusten diet jokalariei, eta susperraldia laster iritsiko dela uste dut». Lehen aldiz, Sadiq deialdian sartu du entrenatzaileak. «Bat gehiago izango dira aurrerantzean», azaldu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.