«Athletic bazkideena da; inor ez dago klubaren gainetik». Hitz horiek hartu ditu abiapuntu Jon Uriarte Athleticeko presidenteak, San Mamesen. Kirol helburuei begirako agerraldia aurreikusi arren, gonbidapenei buruzko argibideak ematen egin ditu minutu gehienak, eta aho bizarrik gabe hitz egin du. Klubeko hainbat ordezkariri eta ordezkari ohiri San Mamesera joateko gonbidapenak kendu zaizkiela-eta, sua piztu da azken asteotan, baina esan du erabakiak ez duela atzera-bueltarik. «Ez da izan kapritxoz hartutako neurria. Athletic indartsuago eta iraunkorrago bat sortzea da helburua, eta kluba osatzen dugun kide guztion esfortzua ezinbestekoa da».
Gonbidapenak kentzeak ondorio positiboak izango ditu Athleticentzat, presidentearen esanetan. Azaldu duenez, 1.019 eserleku geratuko dira libre, eta horrek 1,3 milioi euroko irabazia ekarriko du denboraldi bakoitzeko. Eserleku horietatik guztietatik gehienak bazkide berriak egiteko erabiliko dira; izan ere, 11.000 lagunetik gorako itxaron-zerrenda dago.
Uriartek argitu duenez, gonbidapenak kentzea ez da goizetik gauera hartutako erabakia izan. Lau motibo nagusi azaleratu ditu. Batetik, arrazoi instituzionalak daude tartean. «Kluba bazkideena da, eta barne arauak idatzita daude. Bada, zazpigarren artikuluak dio bazkide berriak erakartzeko obligazioa dugula». Arrazoi sozialak ere aipatu ditu agintariak. «Partida gehienetan sarreren eskaria handiagoa da eskaintza baino, eta jende askok geratu behar izaten du estadiora sartu gabe. Horri irtenbidea eman behar diogu».
Klubaren kultura eta kudeaketa ereduari dagokionez, presidenteak aitortu du ezin dutela beste alde batera begiratu. «Eraginkortasunez kudeatu behar dugu gai hau. Errazena izango zen orain arte bezala jarraitzea, eta erabakia hartzea oso zaila izan da, baina beti izan behar dugu kontuan bazkideek dutela lehentasuna». Eta, laugarrenik, arrazoi ekonomikoak hartu behar dira aintzat. «Azken sei denboraldietatik bostetan galerak izan ditugu, eta klubak hazten jarraitzea nahi badugu, diru sarrerak behar ditugu».
«Partida gehienetan sarreren eskaria handiagoa da eskaintza baino, eta jende askok geratu behar izaten du estadiora sartu gabe. Horri irtenbidea eman behar diogu»
JON URIARTE Athleticeko presidentea
Diru kontuetan sakondu du gehien Uriartek. Lehenik eta behin, garbi utzi du Athletic ez dagoela ekonomia gerra batean murgilduta. «Egoera ez da alarma pizteko modukoa, baina kontuak orekatu behar ditugu. Hainbat denboraldiz Europara sailkatu gabe egongo bagina, zuloa gero eta handiagoa litzateke, eta hori eragoztea da gure lana». Hori bai, Athleticek ezin dio utzi hazteari. «Etorkizunean hobeak izatea da gure apustua. Horretarako, klubeko langileei dagokienez, gastuak areagotu ditugu, azpiegituretan ere inbertitu dugu, eta ahalegin berezia egin dugu jokalari garrantzitsuei eusten. Helburua da Athletic osatzen duten guztiak zoriontsu izatea, era horretan lortuko baitugu gero eta klub hobea eraikitzea».
Jokalarien aldartea, ordea, ez dirudi bere onenean dagoenik. Gizonezkoen lehen taldeko kapitainek publikoki esan zuten ez zitzaiela ongi iruditu gonbidapenak kendu izana. Uriartek halaxe erantzun die. «Denetariko erreakzioak topatu ditugu klubeko ordezkarien artean. Zerbait zure sentitzen duzunean eta kentzen dizutenean, haserrea izan ohi da sentitzen den lehen gauza, baina denek ulertu behar dute bazkideek dutela lehentasuna». Gainera, presidenteak aurreratu duenez, jokalariek aukera izango dute sarrerak erosteko. «Jokalari baten guraso, bikotekide edo seme-alabarik ez da geratuko San Mamesetik kanpo, sarrerak erosteko aukera izango baitute».
Azkenik, estadioan eserleku gehiago jartzeko lanean ari direla jakinarazi du Uriartek. «Bideragarritasun ekonomikoa aztertu ondoren, tramitazio fasean gaude orain, eta paper kontuak amaitzen dugunean, argituko dugu zein izango den gure asmoa».
Helburua: Europa
Kirol arloari dagokionez, eta gizonezkoen lehen taldeari begiratuta, azken denboraldietako hitz magikoa jarri du mahai gainean berriz ere presidenteak: Europa. «Ligako beste taldeen aurrekontuei begiratuta, Europarako sailkatu ohi diren batzuen parean gaude, eta gure helburua ere horixe izango da, berriro Europarako sailkatzea».
Fitxaketarik egin ez arren, taldearekin pozik agertu da Uriarte. «2024an Kopako txapeldun izan ziren 28 jokalarietatik soilik hamalau daude taldean orain; multzo gaztea daukagu, baina orekatua eta lehiakorra». Konfiantza handia agertu du Edin Terzicekin. «Sekulako ilusioarekin ari da lanean, eta ikusten da goi mailako entrenatzailea dela. Oraindik goizegi da ondorioak ateratzeko, baina bide onean goaz».
«Terzic sekulako ilusioarekin ari da lanean, eta ikusten da goi mailako entrenatzailea dela. Oraindik goizegi da ondorioak ateratzeko, baina bide onean goaz»
JON URIARTE Athleticeko presidentea
Emakumezkoen taldeari dagokionez, lehen bost postuetan sailkatzea izango da taldearen helburua. Jokoan izandako hamabi puntuetatik zazpi eskuratu ditu orain arte Victor Martinen multzoak. «Jokalari bakar batek ere ez ditu 30 urte baino gehiago. Talde gaztea daukagu, baina lehiakorra. Hazten jarraitu nahi dugu, eta ligan ez ezik, Espainiako Kopan ere lan ona egin nahi genuke».