Futbola

Jorge Vilda kargugabetu du Espainiako Federazioak

Txalo egin zion Rubialesi, dimitituko ez zuela iragarri zuen agerraldian. Jokalariek esana zuten, hark karguan jarraituz gero ez zirela selekziora itzuliko. Iaz, gainera, hamabost jokalarik salatu zuten, teknikariaren mezuek ez zutela taldean eraginik, eta anbizioa falta zitzaiola. Hori dela eta, uko egin zioten Espainiako selekziora joateari.

Jorge Vilda Espainiako selekzioko hautatzaile ohia. AARON GILLIONS / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2023ko irailaren 5a
17:07
Entzun

Espainiako Futbol Federazioak Jorge Vilda selekzioko hautatzailea kargugabetu du. 2015etik zen teknikaria, eta Munduko Txapelketa irabazi berritan kendu dute kargutik. Entrenatzaile madrildarra Pedro Rocharekin, gaur egun Federairoko presidentea denarekin, bildu da goizean, eta hark eman dio erabakiaren berri. Luis Rubialesen eskutik iritsi zen kargura, eta Rubialesek duela astebete emandako prentsaurrekoan zuzendari ohiari txalo eginez aritu zen Vilda, uneoro. Munduko Txapelketa irabazi arren, jokalariek aho batez adierazi zuten ez zutela Espainiako selekziora itzultzeko asmorik Rubiales eta Vilda haien karguetan zeuden bitartean.

Rubialesen auzia jende askoren ahotan egon da azken asteetan. Rubialesek musu bat eman zion ezpainetan Hermosori haren borondatearen aurka, Espainiak Munduko Kopa irabazi osteko domina banaketan. Aurretik, keinu itsusiak egin zituen palkoan. Rubialesek dimititzea espero zen, baina hari egindako «erasoak» salatzeko egin zuen prentsaurrekoa. Egun hartan, Vildak federazioko presidente zenaren hitzak txalotu zituen behin eta berriro. Ez hori bakarrik, bien arteko erlazio onaren adierazgarri, soldata igoera bat agindu zion Rubialesek Vildari batzar horretan bertan. 160.000 euro kobratzetik urtero milioi erdi kobratzera igaroko zen hurrengo lau urteetan.

Handik egun batzuetara, aldiz, behin FIFAk Rubiales zigortu zuenean, jarrera hori gaitzetsi zuen Vildak. Hala hitz egin zuen azken gertaeren gainean: «Sentitzen dut Espainiako emakumezkoen futbolaren garaipena horrela kaltetu izana orain arte gure agintaria zenak izandako eta aitortutako jokabide desegokiagatik. Benetako burugabekeria izan da, eta inoiz ikusi gabeko egoera sortu da, selekzioaren merezitako garaipena lausotuz». Munduko Txapelketara joan diren jokalariek eta gehiagok esana zuten aurretik ez zirela Espainiako Selekziora itzuliko Rubiales eta Vilda haien karguetan zeuden bitartean.

Hala ere, ez da jokalariek Vildarekin izan duten gatazka bakarra. Iaz, Ingalaterran jokatu zen Eurokoparen ostean, jokalarien kexak iritsi ziren. Prestakuntza hobea egin zitekeela zioten, eta Jorge Vildaren mezuek ez zutela taldean eraginik. Anbizio falta ere salatu zuten jokalariek. Horregatik, aurrerapauso bat ematea erabaki zuten, eta haien haserrea agertu zieten EFFari eta Vildari. Aurrerago beste urrats bat egin zuten, eta hamabost jokalarik selekzioaren deialdietan ez sartzeko eskatu zioten federazioari. Tartean ziren Ainhoa Vicente, Amaiur Sarriegi eta Nerea Eizagirre: «Espainiako selekzioan izan diren azken gertakariek eta sortutako egoerak, zuek ezagutzen dituzuenak, eragin handia dute nire egoera emozionalean eta, beraz, nire osasunean», zioten idatzian. Hainbat jokalarik atzera egin eta Munduko Txapelketan izan ziren, baina Vicentek, Sarriegik eta Eizagirrek idatzian esandakoari eutsi, eta ez dira Espainiako selekziora itzuli.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.