Jose Ignacio Pradesek bi sasoirako kontratua sinatu du Itxakorekin

Eldako entrenatzaile ohia «ilusioz» etorri da Lizarrara, baina onartu du ziklo bat amaitu eta erronka zaila duela

Erredakzioa
Iruñea
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
«Erronka zaila da, baina ilusioz beteta etorri naiz». Horixe azpimarratu zuen atzo Jose Ignacio Pradesek, Itxakoko entrenatzaile berriak (Petrer, Herrialde Katalanak, 1975). Ambros Martinen zikloa itxi, eta Pradesena hasten da orain Lizarrako taldearentzat. Bi denboraldirako kontratua sinatu du, eta Itxakoko presidente Miguel Bujandarekin batera agertu zen jendaurrean atzo, jada entrenatzaile ohi den Ambros Martinek agur erran eta handik ordu eta erdira.

Eldatik etorri da Prades Itxakora. Entrenatzaileak argi du Lizarrako taldean ziklo bat itxi dela Ambrosen agurrarekin, eta atzo onartu zuen datorren denboraldirako duen erronka ez dela batere erraza. «Zaila izanen da. Bagenekien gauzak nabarmen aldatuko zirela, eta egoera horri aurre egin beharko diogu. Talde ahalik eta lehiakorrena osatzea da asmoa».

Lan horri ekin behar dio orain Itxakok. Hainbat jokalarik iragarri dute taldea utziko dutela, eta huts horiek ahalik eta ongien betetzen saiatu beharko du. «Zuhurtasunez jokatu behar dugu, taldea osatu arte», erran zuen Pradesek. Helburua, hala ere, Liga irabaztea eta Txapeldunen Ligan «lan ona» egitea izanen dela nabarmendu zuen Itxakoko entrenatzaileak. Baikor agertu zen Prades, eta «edozein lehiaketa irabaz dezakeen taldea» osatzea espero duela erran zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.