Jose Manuel Otxotorena atezainen maisua zendu da, 64 urterekin. Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen, 1961ean, eta Real Madrilekin egin zuen debuta Lehen Mailan. 1982an izan zen. Lehen Mailako jokalariek greba egin zuten lan hitzarmena zela kausa, eta orduan izan zuen aukera, 21 urterekin. Madrilgo taldearekin ondorengo garaikur hauek irabazi zituen: hiru liga, bi kopa, Espainiako Superkopa bat eta bi UEFAko Kopa.
Baina ez zuen lortu titular postuan finkatzea. Miguel Angel eta Paco Buyo izan zituen aurretik. 1988an Valentziara joan zen. Han egin zuen bere kirol ibilbidearen zatirik handiena. Besteak beste, 1989-1990eko denboraldian Zamora saria irabazi zuen, Ligan gol gutxien sartzen dioten atezainari ematen zaion saria. Gainera, 1990ean Italian jokatutako Munduko Kopan egoteko aukera izan zuen, Espainiako selekzioaren ordezko atezain. Valentzian ez ezik, Tenerifen eta Logroñesen ere jokatu zuen.
Erretiroa hartu zuenean, atezainak entrenatzen hasi zen, Rafa Benitezekin. Valentzian, Liverpoolen eta Espainiako selekzioan aritu zen egiteko horretan. Valentzian oso estimatua zen, eta han igarotako urteetan 19 entrenatzailerekin jardun zuen lanean. Espainiako selekzioarekin Eurokopa eta Munduko Kopa irabazi zituen. Eskola zaharreko atezaina zen. Ikusgarritasunari baino gehiago, eraginkortasunari ematen zion garrantzia.