Juan Ayusok irabazi du Itzulia, indarra eta estrategia uztartuta

Talde lanaz baliatu, eta maillot horia kendu dio Skjelmoseri. Hura baino indartsuagoa izan da maldan gora. Etapa Carlos Rodriguezek irabazi du, eta podiumean bukatu du Itzulia. Bilbao seigarren izan da azken sailkapenean, eta Ion Izagirre bederatzigarren.

Oscar Rodriguez eta Ayuso (JUAN HERRERO / EFE)
Oscar Rodriguez eta Juan Ayuso, Eibarren. JUAN HERRERO / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko apirilaren 6a
18:05
Entzun

Maisulana egin du UAE taldeak Euskal Herriko Itzuliko azken etapan. Aukera asko zituen joko taula irauli eta Mattias Skjelmose (Lidl) txapelik gabe uzteko, eta gai izan da arbeleko zirriborroak errepidean gorpuzteko. Aurrera bidali ditu txirrindulariak, txandaka, eta Juan Ayusok biribildu du apustua, Urkaregin Skjelmose gaindituta. Xake-mate. Carlos Rodriguezekin (Ineos) batera iritsi da Eibarko helmugara. Ez zaio etapan lehiatu. Nahikoa zuen maillot horiarekin. Rodriguezek, garaipenaz gain, sailkapeneko bigarren postura egin du salto. Segundo bakarrarengatik hartu dio aurrea Skjelmoseri. Hirugarren bukatu du danimarkarrak, 43 segundora. 

Etaparen bilakaerak ez ezik, amaierako sailkapenak ere agerian uzten du UAEren nagusitasuna. Izan ere, lehen zazpi postuetan lau txirrindulari sartu ditu Josean Fernandez Matxinek zuzenduriko taldeak: Marc Soler laugarren izan da, Brandon McNulty bosgarren, eta Isaac Del Toro zazpigarren. Taldekako sailkapena ere irabazi du, ezinbestean. Euskaldunen artean, berriz, Pello Bilbao (Bahrain) izan da onena etapan zein azken sailkapenean: zortzigarren iritsi da Eibarrera, eta seigarren postuan finitu du Itzulia, 1.48ra. Ion Izagirre (Cofidis), berriz, bederatzigarren izan da, 3.06 galduta. Alex Aranburuk (Movistar) ezin izan du iraun lehen hamar sailkatuen artean, baina puntuen maillot berdea soineratu du bederen.

Txirrindulariak gora eta behera ibili dira zerra itxurako ibilbidean. Zazpi mendate igo dituzte guztira 137 kilometroan; ahalegin labur bezain bortitza egin behar izan dute. Ayusok izua piztu du Izuan, eta Urkaregin urkamendira eraman du Skjelmose. Buruz buru gailendu zaio liderrari. Valentziarraren garaipena, haatik, su geldoan egosi da. Lehenik eta behin, Elkorrietan bi txirrindulari bidali ditu aurrera UAE taldeak: Igor Arrieta eta Sjoer Bax (UAE). Xake taulako peoiak ziren haiek. Lan handia egin dute. Beste hogei ziklistarekin batera egin dute ihes. Tartean ziren Gorka Izagirre (Cofidis), Sepp Kuss eta Steven Kruijswijk (Visma), Oscar Onley (DSM), Esteban Chaves (Education First) eta Bauke Mollema (Lidl), besteak beste.

Lasai joan da lasterketa Azurkin eta Gorlan gora. Iheslariek hiru minututik gorako aldea izan dute bi mendate horien tontorrean. Skjelmosek lanean jarri ditu taldekideak, eta haiek aparteko surik gabe gidatu dute tropela. Alabaina, Krabelinen beste fase batean sartu da etapa. Chavesek xehatua eman dio ihesaldiari, erritmoz aldatuta. Berehala ihardetsi dio Arrietak. Zazpikote bat osatu da lasterketa buruan. Atzean, berriz, William Junior Lecerfek (Soudal) piztu du sua, helmugatik 71 kilometrora. Solerrek  jarraipena eman dio erasoari. UAE taldeak joko taulan mugitu duen lehen pieza garrantzitsua izan da. Dorre bat, kasu horretan, kataluniarrak zuzen egin baitu aurrera. Atzean gelditutako zenbait iheslarirekin egin du bat jaitsieran. Bax taldekidea zeukan bertan. Minutu baten tartea zabaldu du onenekin.

Ayusoren eraso bikoitza

Argi gorria piztu da tropelean. Lidl taldeak laguntza behar zuen, eta Bora taldea aliantzarako prest agertu da Trabakuara bidean. Gauzak hala, minutu batera bildu zaizkio aurreko zortzikoteari mendate magalean, eta minutu erdira Solerren multzoari. Kataluniarra jo eta ke aritu da lasterketa burura iritsi nahian. Igoeran ez du lortu, baina jaitsieran bai, Arrietaren laguntzari esker. Gero, indarrez egin du tira nafarrak. Sekulako maila eman du, beste behin ere.

Izuan lehertu da Arrieta, baita onenen multzoa ere. Skjelmosek berak piztu du txinparta, 29 kilometro falta zirela. Atzean utzi nahi zituen arerioak, baina aurrea hartu dio Ayusok. Kontraeraso bikaina izan da, Solerrekin bat egin baitu. Onley eta Chaves izan dira iraun duten iheslari bakarrak. Skjelmose 20 segundoko galerarekin iritsi da gailurrera. Jaitsieran, baina, sua itzaltzen lagundu dio Rodriguezek. Gutxi iraun dio lasaituak liderrari, Urkaregin berriz ere eskapo egin baitio Ayusok. Txapelaren bila bizi abiatu da hura, Rodriguezekin batera.

Elkarrekin ederki konpondu dira. Biek zuten asko irabazteko. Eta ospatzeko ere bai, behin helmuga igarota. Skjelmose 41 segundo beranduago iritsi da, bikain eutsi dioten Soler eta Onleyrekin batera. Podiumeko hirugarren koskara igo da azkenean, Ayuso eta Rodriguezen itzalpean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.