Espainiako Vuelta

Jumbo-Vismaren beste erakustaldi bat

Roglicek irabazi du Vueltako 8. etapa, Xorret de Catin, eta Kussek Vueltako lidergoa kendu dio Martinezi. Lazkano distiratsu aritu da ihesean, eta Landa bosgarren jarri da sailkapen nagusian

jarraia232366.jpg
enaut agirrebengoa
2023ko irailaren 2a
18:51
Entzun

Dena nahi duenak dena galtzen omen du. Ordea, esaerari entzungor ari zaio egiten Jumbo-Visma taldea Espainiako Vueltan: dena nahi dute, eta oraingoz, nahi bezala dabiltza. Ostegunean etapa lortu zuten Sepp Kussek, eta gainontzeko hautagaiak atzeratu zituzten taldeko bi lemazainek, Primoz Roglic eta Jonas Vingegaardek. Gaur, berriz, etapa Roglicek eskuratu du, eta aurrekoan behatz mamiz ukitu ondoren, elastiko gorria soineratu du Kussek. Tropeleko langilerik onenetako bat da estatubatuarra, baina lider jantzia ere ederki doakio. Hori bai, taldearen plana lasterketa Roglic edo Vingegaardekin irabaztea da. Herbeheretarrek plan zehatza dute sasoi berean hiru itzuli handiak irabazteko, eta bide onetik doaz.

Dena den, helburu bat bete gabe utzi dute gaur: Xorret de Catiko igoeran beste kolpe bat ematea hautagaien arteko borrokan. Remco Evenepoelek (Soudal) oso erritmo bizia ipini du maldan gora, eta Kuss izan da sua pizten ausartu den bakarra. Onenak batera iritsi dira mendate gainera, eta jaistiera labur baten ondoren, esprinta jokatu dute etapa irabazteko. Evenepoelek hartu du ekimena, baina azken bihurgunean aurrea hartu dio Roglicek, eta esloveniarrarentzat izan da garaipena, Evenepoel eta Juan Ayusoren (UAE) aurretik. Vueltako 11 etapa ditu dagoeneko zorroan. Mikel Landa (Bahrain) 11. izan da, eta bosgarren jarri sailkapenean, 2.29ra. Postu bat atzerago dago Evenepoel, hautagaien artean onena, 2.31ra. Orpoz opro ditu Roglic, Vingegaard, Ayuso eta Enric Mas (Movistar); 21 segundoren barruan daude bost faboritoak.

Ia ordekarik gabeko etapa osatu du tropelak Denia eta Xorret de Cati artean: bost mendate igo behar izan ditu, eta beste aldapa eta muino ugari gainditu. Ibilbidea egokia zen ihesean aritzeko, eta hainbat saiakeraren ondoren, 30 txirrindulari elkartu dira lasterketa buruan. Euskal herritarrak ziren iheslarietako bi: Jonathan Castroviejo (Ineos) eta Oier Lazkano (Movistar). Maila handiko multzoa osatu dute, besteak beste, Damiano Caruso (Bahrain), Romain Bardet (DSM), Rui Costa (Intermarche), Andreas Kron (Lotto) eta Cristian Rodriguezekin (Arkea).

Zailtasun handiko etapa izan da aurrean sartu direnentzat. Izan ere, tropelean anbizioz jokatu du Jumbok, eta lasterketa gogortzeko apustua egin, lema Lenny Martinez (Groupama) liderraren eta haren taldearen esku utzi beharrean. Horrekin batera, aurrekoek lehia bizia izan dute hautaketa egiteko. Su batean aritu dira, baina multzoak ez du eztanda egin, eta oso apurka xehatu da. Thomas De Gendtek (Lotto) bakarkako saiakera egin du urrundik, eta hura harrapatu ostean, eraso eta kontraerasoka aritu dira. Azkenean, laukote batek eragin du eten erabakigarria, helmugarako 40 kilometrora.

Galbahea igaro duenetako bat Lazkano izan da. Arabarra beti ibili da ondo kokatuta, eta indar erakustaldia egin du: zuloak itxi ditu, erasora jo du, eta errelebo indartsuak eman ditu. Caruso, Costa eta Kron izan ditu bidaide Xorret de Catira bidean, denak lehen mailako mendatea igaro eta jaitsieraren ondoren garaipena lortzeko esperantzarekin. Alabaina, laukotearen ilusioa ezerezean utzi dituzte Roglic eta Vingegaarden taldekideek. Etapa garaipena eskuratu nahi zuten, eta bide batez, Martinezek zeraman maillot gorria ere bai.

Azken igoerara iritsi eta berehala hasi da sufritzen lasterketako liderra. Lazkanoren ahaleginak ere gutxi iraun du. Hura eta Costa izan dira tropelak harrapatu dituen azken iheslariak. Behin onenen txanda iritsita, erasora jo du Kussek, eta inor ez zaio gurpilera atera. Evenepoel ez da itsutu, eta pixkanaka itxi du zuloa. Flandriarrak erritmo bizian eraman ditu beste faboritoak, eta ez zaizkio oldartu. Alde horretatik, irabazle sentitu daiteke. Esprintean, berriz, gehiegizko konfiantza izan du, eta Roglicek diru-zorroa lapurtu zion.

Etzi atseden hartu aurretik, mendiko beste etapa bat jokatuko dute bihar, Cartagena eta Collado de la Cruz artean. Ibilbidea ez da gaurkoa bezain gorabeheratsua izango, baina helmuga bigarren mailako Caravaca de la Cruz mendatean egongo da. Tarteka oso malda pikoak aurkituko dituzte azken igoeran, eta faboritoek adi ibili beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.