Kabiarra jaten segitu nahi du Athleticek

Jon Uriarte presidenteak bikaintzat jo du lehen bi taldeen sasoia, eta anbiziotsu daude datorren urterako. Proiektu «irabazlea» eginda, talentu handiko jokalariei eustea «errazago» zaio klubari.

 Jon Uriarte Athleticeko presidentea eta Mikel Gonzalez kirol zuzendaria, gaur, San Mamesen egindako agerraldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Jon Uriarte Athleticeko presidentea eta Mikel Gonzalez kirol zuzendaria, gaur, San Mamesen egindako agerraldian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
jon eskudero
2025eko ekainaren 5a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bikaintzat jo ditu Jon Uriarte Athleticeko presidenteak lehen bi taldeen denboraldiak, San Mamesen egindako agerraldian. Besteak beste, Uriarte eta Mikel Gonzalez kirol zuzendaria bi ordu luzez mintzatu dira kazetarien aurrean, eta kluba etengabe hazten ari dela nabarmendu dute. «Proiektu irabazlea sortu dugu, eta bide berari eutsi nahi diogu, umiltasuna, anbizioa eta autoexijentzia oinarri hartuta». Uriartek azaldu duenez, sasoi hasieran markatutako helburuak berdindu ez ezik, gainditu ere egin dituzte, eta hamarreko nota jarri die nola gizonezkoek hala emakumezkoek egindako lanari. Arlo ekonomikoak bide ematen duenez, kluba hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartu du presidenteak. «Kabiarra jan dugu, eta kabiarra jaten segitu nahi dugu».

Ernesto Valverderen gidaritzapean, «mende honetako sasoirik onena» osatu du Athleticek, Uriarteren hitzetan. Jaten ematen duen lehiaketa liga izaki, lehentasuna zen ahalik eta posturik onena lortzea, eta Txapeldunen Ligarako sailkapena lortzea «izugarria» izan da. «Balio itzela ematen diot eginiko lanari. 55 partida jokatu ditugu guztira, eta hiruzpalau egunean behin jokatuz ligan laugarren geratzeak meritu handia du». Ildo berean hitz egin du Gonzalezek. «Bidaia asko izan ditugu, baina Valverdek lortu du taldea beti lehiakor aritzea. 70 puntu eskuratu ditugu, ligan gol gutxien jaso duen taldea izan gara, eta ez dago gehiago eskatzerik. Azken bi urteetan jauzi handia egin dugu». Zailtasun denak nota onarekin gainditu ditu taldeak. Gonzalez: «Talde irabazlea bilakatu gara. Berme handia eskaintzen dugu, eta urtez urte hobetzen ari gara. Pena izan da Europa ligan finalerdietan kanporatzea, baina erronka dugu epe hurbilera begira. Europan etengabe aritzea da gure asmoa».

«Proiektu irabazlea sortu dugu, eta bide berari eutsi nahi diogu, umiltasuna, anbizioa eta autoexijentzia oinarri hartuta»

JON URIARTE Athleticeko presidentea

Hain zuzen, Athleticeko multzoaren merkatuko balioa %25 handitu da urtebeteren buruan, eta 367 milioi eurokoa da gaur egun. Zenbakiak besterik ez dira, baina Valverderen multzoari buruz ongi hitz egiten dute datu horiek. Uriarte: «Valverde da eduki dezakegun entrenatzailerik onena, zukua ateratzen baitie jokalari guztiei. Kasik denek jauzi bat egin dute gora, eta urtez urte taldea hobetuz joatea dugu xede». Sasoi honetako lana berdintzea zaila izango den arren, klubeko arduradunek buru-belarri dihardute lanean, Uriarteren esanetan. «Talentua duten jokalariak mantentzea da lehentasuna, eta, osatzen ari garen proiektu irabazlea kontuan hartuta, errazagoa da hori lortzea. Nico Williamsek, esaterako, erronka politak izango ditu Athleticen».

Aznarren ordezkoa, airean

Gizonezkoetan bezala, emakumezkoetan ere laugarren sailkatu da Athletic ligan, baina ez du lortu Txapeldunen Ligarako sailkapenik. Liga amaierara arte lehia horretan ibili dira zuri-gorriak, eta penaz mintzatu da Uriarte. «Balio handia ematen diogu egin dugun lanari, baina tristura eragin digu lehen hiruretan ez sailkatzeak. Espainiako Kopan Cacereñoren aurka kanporatu izana ere kolpe gogorra izan zen, baina ezin du ilundu egin dugun sasoia». Gonzalezen esanetan, etxean huts egin du Athleticek. «Etxetik kanpo, ligako talde onenetan hirugarrena izan gara, baina etxean ez gara ohi bezain sendo aritu. Dena den, oso talde gaztea daukagu, eta anbiziotsu gaude hurbileko etorkizunari begira».

«[David Aznar entrenatzailea] Bi denboraldiz egon da gure artean, eta, profesional bikaina izateaz gain, pertsona aparta da. Eskutik helduta aritu gara lanean, eta bien artean erabakitako zerbait izan da Bilbon ez jarraitzea»

MIKEL GONZALEZ Athleticeko kirol zuzendaria

Gonzalezek esan du datozen egunetan jakinaraziko dutela entrenatzaile berria nor izango den. David Aznarrentzat hitz onak izan ditu. «Bi denboraldiz egon da gure artean, eta, profesional bikaina izateaz gain, pertsona aparta da. Eskutik helduta aritu gara lanean, eta bien artean erabakitako zerbait izan da Bilbon ez jarraitzea». Uriartek berak, berriz, agintaldiko azken urtea izango du, eta ez du jakinarazi berriz aurkeztuko den hauteskundeetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.