Kabitu ezinda daude

Pedalei eragiten jarraitzeko ia aukerarik gabe, amore emateko zorian zeuden Gari Bravo eta Jon Ander Insausti, baina Muriasen proiektu berriak parez pare ireki die etorkizunaren atea bi goierritarrei. Hasteko irrikan daude biak ala biak.

unai zubeldia
Beasain
2014ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Irudikatu bospasei urteko neska-mutiko parea, ezkutuan eman opari gustagarriren bat, haien aurpegiei begiratu segidan, eta jarri begirada horietan Gari Bravo (Lazkao, Gipuzkoa, 1989) eta Jon Ander Insaustiren irudiak (Mutiloa, Gipuzkoa, 1992). Horixe da Murias taldeko txirrindulari guztiek daukaten sentimendua. «Poza», «ilusioa», «zorion sentsazioa»... Nahi adina luza daiteke zerrenda. «Hamabi txirrindularirentzat tokia izan, eta gu tartean egotea...». Kabitu ezinda dago Bravo, Insausti ondotik irribarrea ezkutatu ezinda daukala. «Nik gertutik bizi izan ditut Jon Odriozolaren azken proiektuak», hasi da mutiloarra, Ner Group eta Jaurlaritza aipatuz. «Eta asko sufritu nuen bi horiek bertan behera geratu zirenean, txirrindularitzan jarraitzeko aukera bakarra hura zela ikusten nuelako».

«Euskaltelekin gertatu zena gertatu ondoren, etxeko proiektu batean aritzeko itxaropen handirik ez neukan nik», hartu dio txanda Bravok. «Eta curriculuma prest neukan enpresetara bidaltzen hasteko». Lazkaotarra horregatik dago «ikaragarrizko ilusioarekin». Lehiaketa egun gutxi pilatu du aurten Efapel Portugalgo taldean. «Eta amore emanda nengoen. Urduri egon nintzen etxean, eta ez zen erraza izan». Baina azken-azken unean tokia egin zion Muriasek.

Bestela zegoen Insausti. «Odriozolak hasieratik esan zidan saiatuko zela ni taldean sartzen, erabat bere esku ez zegoen arren». Mutiloarra ere «dezenteko tentsioarekin» egon zen deiaren zain. «Beldurra baineukan azken unean proiektua bertan behera geratuko ote zen. Ezjakintasun egoera hori gogorra izan zen niretzat eta familiarentzat». Eta, hain zuzen ere, horregatik hartu zuen «lasaitu handia» Muriasen proiektuak aurrera egingo zuela eta bera tartean egongo zela jakin zuenean.

Emaitzekin «erotu gabe»

Dagoeneko egin dute lehen bileratxoa, eta «oso sentsazio onekin» dago Bravo. «Profesionaletan ibilitako lauzpabost txirrindulari gaude, eta oso gazteak dira gainerakoak. Gogo ikaragarria dute». Muriasena «oso proiektu serioa» dela uste du lazkaotarrak. «Eta, nork daki, Euskaltel-Euskadi zenaren hasiera izan daiteke hau. Euskal Herrian behar dugu horrelako proiektu bat». Bravok badaki «poliki-poliki» joan beharra dagoela. «Baina lo hartu gabe».

Insaustik ere «oso lantalde ona» aurkitu du. «Murias bete-betean sartu da proiektuan, eta gogotik lan eginda amets egin nahi dutela esan digu». Erotu gabe, hori bai. «Ezin dugu ahaztu hirugarren mailan gaudela eta emaitzak pixkanaka iritsiko direla». Errepidean gutxik edukiko dute, ordea, sortu berria den proiektuko txirrindulariek baino grina handiagoa. Insaustik gogotik eskertu dio Muriasi eman duen pausoa. «Enpresa askoren izenak agertzen dira beti, baina eurek egin dute aurrera, eurek jarri dute dirua, eta ondo pentsatutako pausoa izan da. Etorkizun polita izan dezake proiektuak, euskal zaleak zain daudelako proiektu batekin lotura berezia sentitzeko».

Egutegi kontuak ez dituzte erabat zehaztu oraindik. «Baina San Luisko Itzulitik gonbidapena jasotzeko borrokan dabiltza», argitu du Insaustik. «Mallorcan hasiko ginateke bestela; Andaluziako Itzulia zalantzan dela Espainia mailako lasterketa gehienak jokatuko genituzke; Euskal Herrikoak ere bai; Portugal eta Frantziako beste hainbat; eta, osatzeko, Italia eta Belgika aldeko batzuk ere bai». Mutiloarraren ustez, txirrindulari guztiei «egutegi polita» eskaintzeko aukera izango du Odriozolak.

Bravok ez dauka lasterketa edo emaitza jakin bat buruan. «Maila polita eman nahiko nuke urte guztian, eta eman didaten aukera baliatu». Insaustik, ordea, bai; Insaustik beldurrik gabe aitortu du umetako ilusioa: «Ordiziako Klasikoa irabaztea. Beste guztia ez, baina emaitzak gure esku daude, eta ia ezinezkoa bada ere, etxeko lasterketa irabazi nahiko nuke. Hiru aldiz izan da garaile lehengusua [Gorka Izagirre], eta entrenamenduetan pixka bat xaxatzeko ere...». Hori bai, mutiloarrak, aurretik, ziklo-krosean finduko du sasoi puntua. «Abenduan eta urtarrilean lasterketa batzuk jokatuko ditut. Grina handia sortzen dit ziklo-krosak, eta errepiderako prestaketa gisa baliatuko ditut lasterketa horiek. Zoratu egiten nau ziklo-krosak».

25 urterekin eta tartean Euskaltel-Euskaditik igarota, Bravok badaki lasterketa dezentetan ardura hartzea egokituko zaiola. «Baina horrek ez dit sortzen inolako presiorik. Egoitz eta biok izango gara helduenak, eta bada garaia zer egiteko gai garen erakusteko». 2013an Euskaltel-Euskadin zeukan pedal kolpea berreskuratu nahiko luke lazkaotarrak. «Baina gazteak gu baino indartsuago badatoz, gure esku dagoen guztia egingo dugu haien alde. Inoiz ez naiz sentitu gaizki gazteagoei laguntzean. Txirrindulari eskuzabala naiz».

Insaustik ere aspalditik entzun behar izan du «etorkizun handiko txirrindularia» dela. «Baina presiorik ez, ilusio handia daukat Egoitz [Garcia] edo Gari [Bravo] bezalako txirrindularien artean lehiatzeko. Umetatik erreferentzia izan dira guretzat, eta den-dena emango dut euren alde». Horixe izango da Muriasen indarguneetako bat: «Izenen gainetik, denok denen alde lan egiteko borondatea izango dugula». Urte bakarrerako kontratua daukate denek, baina oparirik onenaren pare jaso dute guztiek Muriasen pausoa. «Bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiogu Muriasi eman digun aukeragatik, eta ez dugu begiratu nahi urrutirago. Loteria tokatzearen parekoa da hau guretzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.