KAE 2 ligako zazpigarren estropada jokatuko dute gaur Areetan

Ondarroa da bandera irabazteko faboritoa, sei estropadetatik lautan onena izan baita ligako liderra

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
KAE 2ko arraunlariek Areetan (Bizkaia) jokatuko dute gaur zazpigarren estropada (12:00). Lehiaketako sailkapenaren arabera osatuko dituzte txandak; aurrenekoan joango dira Luanco, Lu- txana, Hibaika eta Donostiarra; bigarrenean jardungo dute Raspasek, San Pedrok, Mundakak eta Trintxerpek; eta azkenekoan bilduko dituzte lehen lau sailkatuak: Colindres, Getaria, Busturialdea eta Ondarroa. Hiru ziaboga eman beharko dituzte lau luzetan, ohiko moduan.

Orain arteko lanak aztertzen badira, Ondarroa da faboritoa. Ez ditu alferrik irabazi sei estropadetatik lau. Horregatik da ligako liderra. Beste bietan Busturialdea izan da azkarrena. Bien artean ez dago alde handirik, eta halako berdintasuna izanik, edozein izan daiteke emaitza. Hiru punturen aldea dago sailkapenean ondarrutarren alde. Atzeraxeago dago Getaria, lehen postutik zazpi puntura, eta bigarrenetik laura. Ez dira baztertu behar getariarrak gaurko lehian. Zenbait estropadatan, oso segundo gutxian sartu izan dira-eta hirurak. Azken txandako laugarrena, Colindres, muturrean sartzeko gertu izan da batzuetan, eta horregatik bada ere, kontuan hartu beharko da. Gauzak bere onean joanda, azkeneko txandakoren batek behar luke izan garailea, besteak urruti antzera sartu izan zaizkielako orain arteko estropadetan.

Gipuzkoako liga ere gaur

Beste estropada bat ere jokatuko da gaur. Pasaian izango da, San Miguel ligakoen eremu berean, eta ordu erdi lehenago (17:30). Gipuzkoako ligako hirugarren jardunaldiari egin beharko diote aurre emakumezkoek. Lehen txandan ariko dira Hondarribia, Orio eta Bizkaia, eta bigarrenenean San Juan, Zumaia eta Getaria-Tolosa. Bi ziaboga eman beharko dituzte hiru luzetan.

Aurreko bi estropadetan Getaria-Tolosa nagusitu da, eta gaur ere faboritoa da. Kontuan hartzeko beste bi traineruak Zumaia eta San Juan dira. Ligako bigarren jardunaldian, hiru segundoan sartu ziren hirurak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.