Kanpoan ere hirunaka nahi du

Etxetik kanpo lehen puntuak eskuratzen ahaleginduko da Alaves, gaur, Rayo Vallecanoren aurka

Luis Rioja, eskuinean, Kike Garcia animatzen, belauniko baitago penalti bat huts egin ostean. ENDIKA PORTILO / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Sasoi hasiera ona egin du Alavesek Lehen Mailara itzuli den urtean. Arabarrek denboraldiaurre motza izan dute sasoiko lehen partidak prestatzeko, eta hori zen Luis Garcia Plaza teknikariaren beldurretako bat. Taldeak, baina, ondo erantzun du, eta jokatu diren hamabi puntutatik erdiak lortu ditu: sei. Formula berarekin gainera. Etxean jokatu dituen bi partidak irabazi ditu Alavesek. Bietan joko alaia erakutsi du taldeak. Etxetik kanpo, baina, bi partidak galdu ditu. Gaur izango du lehen aukera Mendizorrotzatik urrun punturen bat lortzeko. Rayori egingo diote bisita arabarrek (21:00, Movistar La Liga).

Etxean ikusi da Alavesik onena, baina txanponak alde ona eta txarra dauka. Etxetik kanpo ez du puntu bat bera ere eskuratu. Cadizen galdu zuen lehen jardunaldian, aurkari zuzen baten aurka, eta Getafen azken-azkenea egin zion ihes partidak eskuetatik. Orain arte bi talde desberdin ikusi dira etxeko eta kanpoko partidetan; argi eta garbi. Zaleek etxeko partidetan ematen dioten hausporik gabe sufritu egiten dute arabarrek. Defentsako lanean sendo aritzeari ematen dio garrantzia Madrilgo teknikariak kanpoko partidetan, eta erasoko jokoa kontraerasoetara mugatzen da. Garcia Plaza horren gainean mintzatu zen atzoko prentsaurrekoan: «Zaila da etxetik kanpo puntuak biltzea. Arraroa da talde batek kanpoan etxean baino puntu gehiago biltzea. Guretzat ez da obsesio bat izan behar etxetik kanpora puntuak eskuratzea».

Vallecasen arituko da Alaves, gaur, eta etxetik kanpo lehen puntuak eskuratzen ahaleginduko da taldea. «Rayo Lehen Mailan finkatuta dago jada. Oso jokalari onak ditu, gainera,urte asko elkarrekin jokatu dutenak». Giuliano Simeone denbora luzerako egongo da futbol zelaietatik kanpo, baina hura da min hartuta dagoen jokalari bakarra. Beste jokalari guztiak lehiarako prest ditu Garcia Plazak. Jesus Owono, Abdelkabir Abqar, Rafa Marin, Samu Omorodion eta Ianis Hagi haien selekzioekin aritu dira azken astean, baina entrenatzailearen esanetara daude jada. Hala ere, azken biak iritsi berriak dira, eta Garcia Plazak haiekin oraindik lan asko egin behar dutela dio. «Geldialdian gurekin egon direnekin lan ona egin dugu, baina iritsi berriekin lan taktikoa egitea falta zaigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.