Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: C multzoa. Kroazia 0. Espainia 1 / Italia 2. Irlanda 0.

Kasualitaterik ez

Espainiak eta Italiak irabazi egin dute azken jardunaldian, eta final-laurdenetarako sailkatu dira, C multzoko lehen bi postuetanKroaziarrek estu hartu dituzte espainiarrak, baina garesti ordaindu dute punteria falta

Kasualitaterik ez.
Julen Etxeberria.
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Kroazia. Pletikosa; Vida (Jelavic, 66. min.), Corluka, Schindelfeld, Strinic; Vukojevic (Eduardo, 81. min.), Rakitic; Srna, Modric, Pranjic (Perisic, 66. min.); eta Mandzukic.

Espainia. Casillas; Arbeloa, Ramos, Pique, Jordi Alba; Busquets, Xabi Alonso, Xavi (Negredo, 89. min.); Iniesta, Torres (Navas, 60. min.) eta Silva (Cesc Fabregas, 73. min.).

Gola. 0-1. Jesus Navasek (87. min.).

Epailea. Wolfgang Stark (Alemania). Txartel horiak: Kroaziako Corluka, Srna , Strinic, Jelavic eta Rakitici.

Bestelakoak. 39.076 ikusle Gdansk Arena estadioan (Polonia).

Italia. Buffon; Abate, Barzagli, Chiellini (Bonucci, 58. min.), Balzaretti; Pirlo; Marchisio, Thiago Motta, De Rossi; Di Natale (Balotelli, 74. min.) eta Cassano (Diamanti, 62. min.).

Irlanda. Given; O'Shea, Dunne, St. Ledger, Ward; McGeady (Long, 66. min.), Whelan, Andrews, Duff; Robbie Keane (Cox, 86. min.) eta Doyle (Walters, 76. min.).

Golak. 1-0. Cassanok (35. min.); 2-0. Balotellik (90. min.).

Epaileak. Cuneyt Cakir (Turkia). Txartel horiak: Italiako Balzaretti, De Rossi eta Buffoni; eta Irlandako O'Shea eta St. Ledgerri. Txartel gorria: Irlandako Andrewsi, bi txartel hori ikusi ondoren (89. min.)

Bestelakoak. 38.794 ikusle Poznango Udal estadioan (Polonia).

Ez traturik, ez konpontxorik. Espainiak eta Italiak egin dute aurrera C multzoan. Futbolaren legearen arabera sailkatu dira: irabazita. Espainiak 0-1 hartu zuen mendean Kroazia Gdansken, eta horri esker multzoko lehen postuan sailkatu da final-laurdenetarako. Beraz, D multzoko bigarren sailkatuaren aurka jokatuko du larunbatean, Donetsken (Ukraina). Italiak, berriz, 2-0 irabazi zion Irlandari Poznanen, eta D multzoko lehen sailkatua izango du arerio igandean, Kieven.

Italiak bazuen kezka Espainiaren eta Kroaziaren arteko partidan gerta zitekeenaz. Izan ere, bi gol edo gehiagoko berdinketa batek final-laurdenetarako txartela ematen zien bi selekzio horiei, Italiak Irlandari irabazita ere. Italiarrek bazuten mesfidati egoteko arrazoirik. Ez zen izango horrelako jokaldi batek txapelketa batetik kanpo utziko zituen lehen aldia. Orain zortzi urte, Portugalen jokatutako Eurokopan, Italiak Bulgariari irabazi behar zion, eta Danimarka eta Suediaren arteko partidan bi gol edo gehiagoko berdinketarik ez egotea. Italiarrek euren lana egin zuten, —2-1 irabazi zioten Bulgariari—, baina danimarkarrek eta suediarrek bina berdindu zuten. Horren ondorioz, Italia kalera joan zen. Italiako Federazioak salaketa jarri zuen, baina alferrik. UEFAk ez zuen legez kanpo jarrerarik ikusi Suediaren eta Danimarkaren artekoan. Kasualitatearen ondorio izan omen zen norgehiagoka binakoarekin amaitzea.

Atzo, ordea, ez zen izan kasualitaterik. Espainiak irabazi egin zuen. Hori bai, ederki sufritu zuen Kroazia mendean hartzeko. Espainiarrek izan zuten baloia, baina kroaziarrenak izan ziren aukera garbienak. Rakiticek eta Srnak gertu izan zuten gola bigarren zatian, baina bi jokaldi horietan Casillasek geldiketa bikainak egin zituen. Kroaziak falta izan zuen eraginkortasuna izan zuen, ordea, Espainiak, izan zuen gol aukera garbi bakarrean asmatu baitzuen. Jesus Navasek sartu zuen gola, 87. minutuan, partida amaitzear zela. Ordurako 2-0 zen aurretik Italia. Beraz, banako berdinketak ere balio zien kroaziarrei sailkatzeko. Itsu-itsuan joan ziren erasora, atezain eta guzti, baina ez zuten helburua bete. Gol eskas bategatik geratu dira final-laurdenetatik kanpo. Haiek ere agur esan diote Eurokopari, aurretik Errusiak, Poloniak, Danimarkak, Herbehereek eta Irlandak egin bezala.

Italiaren eta Irlandaren arteko partida Kroaziaren eta Espainiaren artekoa baino lehenago bukatu zen. Italiako jokalariek adi-adi jarraitu zuten Gdansken gertatzen zena. Haiek jada euren lana bete zuten. Izan ere, begi bat izan behar zuten multzoko beste partidan, baina gorputzaren beste atal guztiak Poznanen. Ez zien ezertarako balio Kroaziak eta Espainiak bina ez egitea gero haiek Irlandari irabazteko gai ez baziren. Giovanni Trapattoni entrenatutako taldeak ez zuen jada aukerarik sailkatzeko, baina ez zuen ezer oparituko. Italiarren zorionerako, irlandarren gogoa ez zen oztopo handia izan. 35 minutuz eutsi zuten, Cassanok korner batean buruz gola sartu zuen arte. Balotellik eman zien azkena irlandarrei, eta lasaitasuna italiarrei 90. minutuan bigarren gola sartuta. Estu eta larri, bere ohiturari jarraituz, baina Italiak ez du huts egin, eta Europako zortzi selekzio onenekin ariko da final-laurdenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.