Kritiko samar mintzatzen hasita, Banestok atzoko etapa galdu zuela esatera ausartuko nintzateke. Bi txirrindulari zituen aurrean, Arrieta eta Txente, baina ez nuen ulertu ondo Arrietaren jokaera. Agian justu antzean joango zen. Lobatok merezita irabazi du, bestalde. Oso ondo ezagutzen zuen ibilbidea, Madrilgoa delako. Talde txikiek ere merezi dute arrakastaren zati bat.
Vuelta erabakiko duen etapa jokatuko da gaur. Lehen xehetasun garrantzitsua. Kelme eta Us Postal, Valverde eta Heras, eskutik joango direla uste dut. Kelmek Valverde sartu nahi du podiumean, eta Herasek Vuelta irabazi nahi du. Nozal urduritzen saiatuko dira, badakitelako esperientzia gutxi duela. Egurra emango dute hasieratik, eta lasterketa txikitzen saiatuko dira. Litekeena da lasterketa blokeatzea ere, etapa irabazi gabe talde eta txirrindulari asko daudelako eta Vuelta bukatzear delako.
Leones mendatean mugituko da proba. Hor saiatuko dira, nire ustez, Valverde eta Heras. Ezin dute Navacerrada mendate arte itxaron, hor etapa garaipena ere jokoan egongo delako eta ez dutelako aurrera egiteko laguntzarik bilatuko.
Karrera azkarra izango da. Kelmeren estrategiari begiratu behar zaio. Sierra Nevadan Tauler eta Gutierrez bidali zituen aurrera Beldak, eta gero Valverdek eta Sevillak egin zuten bat atzetik. Zer gertatuko da Kelmeko lau txirrindularik lasterketa burua hartzen badute eta Herasek haiekin bat egiten badu? Edo Valverde eta Herasekin Rasmussenek, Osatarrek, Cardenasek eta bestek ihes egiten badute?.
ONCE-Eroskik eta Nozalek lasaitasuna behar dute. Leones mendateko eraso zaparradaren aurrean, lasai egoteko gomendioa emango nieke. 35 kilometro daude Leonestik Navacerradara eta jazarpen lan ona egin daiteke han. Bi minutu gal ditzake gehienez Nozalek Herasekiko, Abantosen jan baitiezaioke beste minutua. Dena dela, aurreko eguneko ideiari eusten diot: Nozalek eta ONCE-Eroskik galdu beharko dute Vuelta besteek irabazteko.>
Kelmeren eta Herasen arteko akordioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu