Ricardo Uriz. Blancos de Rueda Valladolid taldeko jokalaria

«Kirol mailan eta sos kontuetan larri gabiltza, baina aurrera egin behar da»

Sei urtez etxea izan zuenera bueltatuko da bihar Ricardo Uriz. Zuloan dago Valladolid, irabazteko premiarekin; taldeko gidari bakar bilakatu da, Stephane Dumas lesionatu ostean.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Ricardo Urizek Lagun Aroren eta Ilunbera joaten diren milaka zaleen omenaldi beroa jasoko du bihar iluntzean (Iruñea, 1980). Klubak zilarrezko domina emango dio taldean egin zituen sei urteak eskertzeko. Valladoliden ari da azken urtean, baina estimu handia diote kazetariek. Donostiako komunikabide askok deitu diote azken egunetan elkarrizketa eske. Aimar seme txikia oheratuta erantzun du BERRIAk egindakoa, telefonoz.

Udan Lagun Arorekin zenuen hartu-emana bukatu egin zen, eta Valladolidek fitxatu zintuen. Zer moduz Gaztela aldean?

Tira, ondo. Eusten. Aste honetan Luis Casimiro entrenatzailea kargugabetu dute, emaitza txarrak direla-eta, baina itxuraz ez dute inor fitxatuko. Roberto Gonzalez bigarren entrenatzaileak hartuko du aginte makila. Hamar urte daramatza taldean, eta konfiantza hari ematea erabaki dute.

Sailkapeneko zuloan zaudete. Itxaropenik bai bertatik ihes egiteko?

Beharko. Murtzia eta Obradoirorekin berdinduta gaude, baina hamasei norgehiagoka geratzen dira. Egutegia errepasatu dut, eta bi talde horiek baino aukera handixeagoa daukagula uste dut.

Nolatan Valladolid? Beste aukeraren bat izan al zenuen?

Haiek erakutsi zuten interesa ez zidan beste inork erakutsi. Casimiro entrenatzailearekin ere hitz egin nuen, eta proiektua azaldu zidan. Nahikoa izan zen erabakia hartzeko.

Ez al zen Donostian jarraitzeko aukerarik egon?

Ez, noski. Sasoia bukatu orduko, nire ordezkariak Pablo Lasori eta klubeko arduradunei galdegin zien interesik ba ote zuten nik taldean jarraitzeko. Beste aukera batzuk aztertzen ari zirela erantzun ziguten. Ondoren, Lasok Real Madrilekin fitxatu zuen, eta Lagun Arok Sito Alonso fitxatuta, entrenatzaile berriarekin hitz egin genuen. Hark antzeko gauza esan zigun, beste lehentasun batzuk zituztela, eta kito.Uztail hasieran eman nion baiezkoa Valladolidi.

Ume txikia daukazu, eta hiri batetik bestera mugitzeko erabakia ez zen erraza izango, ezta?

Ainara emaztearekin aztertu nuen kontua, baita Donostian ezagutu nituen kideekin ere: Isaac Lopez eta Nacho Martin. Valladolid ez da Patagonia; gertu dago, eta aldaketa ez da sekulakoa izan. Gainera, emazteak ez dauka lan finkorik, ordezkapenak-eta egiten dituelako, eta ez zen zaila izan erabakia hartzea. Azken finean, profesionalak gara, eta deitzen diguten tokietara joan behar dugu.

Ziur nago bestelako bilakaera bat espero zenuela.

Bai, baina ez da posible izan. Kontrakarrean aritu gara hasieratik. Hernandez-Sonseca fitxatu, eta lesio bat. Dalibor Bagaricek ere ezin jokatu, zorrekin egin zen iskanbila dela-eta. Michael Umeh ere ez zen egokitu, eta Alemaniara joan zen. Curtis Bortchard orain dela hilabete eskas hasi da korrika, eta Samo Udrihk eta Anagonyek ere aldi baterako kontratuak dituzte... Ez dugu jarraikortasunik izan.

Eta, joan den astean, taldeko ikurraren lesio larria. Denboraldi osorako galdu duzue Stephane Dumas kapitaina.

Tira, esaera zaharrak dioen moduan, azienda ahulak zorri asko. Hiru bat hilabeterako du, eta lehenago osatzen bada ere, ez du astirik izango sasoi puntu ona hartzeko.

Dumas gabe, erabakigarria izanen da zure lana. Prest?

Beharko. Gogorra da Dumasen lesioa, hankamotz utzi gaituelako, baina eskarmentu handia dut, eta lehen ere aginte makila hartu behar izan dut. Orain ere hartuko dut; ea asmatzen dudan.

Kirol arloan larri, eta sos kontuetan ere hobeto ez.

Hala da, bai. Soldata batzuk ditugu kobratzeko, eta hor ari gara, hitz egiten, ea egoera konpontzen den.

Lana egin eta soldatarik jaso ez, egoera ez da erraza izango, ezta?

Ez ba, edozein langilerentzat bezala. Nik hitza eman nuen proiektu hau aurrera ateratzen saiatuko nintzela, eta konpromiso hori diruaren gainetik dago. Inplikazioak arazoak bigarren mailan uzten ditu.

Klubaren omenaldia jasoko duzu partidaren atarian. Pozik?

Bai, noski. Donostian nirekin gogoratzen diren seinale da hori.

Sei urte egin zenituen taldean. Nola bizi izan zenuen Kopa jokatzeko lorpena?

Fuenlabradan partida genuen. Aldageletan, partida bukatuta jakin nuen Lagun Arok Murtzian irabazi zuela eta Kopa jokatuko zuela. Asko poztu nintzen, ni taldean nengoela bitan Kopa jokatzekotan egon ginelako. Fuenlabradako Fisac entrenatzailea eta Jon Kortaberria jokalaria ere zoriondu nituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.