«Klub baten egitasmoa da»

Amaia Gorostizaren arabera, «arduragabekeria galanta» litzateke orain hauteskundeak egitea. Antolakuntza berria dauka administrazio kontseiluak, «talde lanean oinarrituta»

Amaia Gorostiza Eibarreko presidentea, Mikel Larrañaga eta Joseba Unamuno lehendakariordeen erdian, atzo, Ipuruan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Eibar
2016ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Bezperan hartu zuen Eibarreko presidente kargua Amaia Gorostizak, administrazio kontseiluaren bileran. Bezperan agurtu zen Alex Aranzabal, zazpi urtez presidente izan dena. Asteleheneko kontuak dira bi horiek. Atzo, kazetarien aurrera azaldu zen Gorostiza, eta bere lan ildoen eta asmoen berri eman zuen, administrazio kontseiluko beste kide batzuekin batera.

Presidente berriak irmo defendatu zuen Aranzabalen «dimisioak» ez duela zertan hauteskundeak aurreratzea ekarri: «Datorren udaberrian tokatzen da, eta arduragabekeria galanta litzateke orain egitea, klubaren egoera eta oreka hausteko arriskua bailegoke. Gainera, Aranzabal kontseilu honetako kide bat izan da, eta beste guztiok jarraitu egiten dugu», esan zuen hasi orduko. «Gu urtebete honetarako konprometitzen gara, eta denborak esango du hauteskundeetara aurkeztuko garen edo ez. Bizitzak erakutsi dit ezertan aukerarik ez baztertzen».

Aldaketak egingo dituzte administrazio kontseiluaren antolakuntzan eta jardunean, eta, horien berri ematen hasi aurretik, hamabi pertsonak osatzen duten taldearen filosofia xehatu zuen: «Protagonismorik ez dago hemen; taldea gara. Eibarri zor gatzaizkio, eta isilik egingo dugu lan, eraginkor. Horixe baita hain ezagun egin den Eibar ereduaren funtsa». Gehiago sakondu zuen filosofian: «Klub baten proiektua edo egitasmoa da hau, eta ez pertsona batena».

Presidente berriak hiru presidenteorde izango ditu alboan: Jose Mari Arrizabalagak kirol arloaren ardura izango du; Joseba Unamunok, arlo ekonomikoarena, eta Mikel Larrañagak, erakunde mailako harremanena. Horien azpitik bost batzorde osatu dituzte, arlo hauetan banatuta: kirola, ekonomia, komunikazioa eta erakundeak, komertziala eta marketina, eta, azkenik, obra eta mantentze lanetakoa. Batzorde horien arduraduna Patricia Rodriguez izango da, kudeatzaile zuzendaria. Mikel Larrañagak ere hartu zuen hitza antolakuntza eta laneko eredu berri hau deskribatzeko: «Transbertsala izango da, ez goitik beherakoa, eta klubeko langileek ere parte hartu ahal izango dute erabakietan».

Galderen eta erantzunen tartean, Gorostizari galdetu zitzaion ea administrazio kontseiluko hamabi kideetakoren batek soldata izango duen, Aranzabal presidente ohiak zuen bezala. Ezezko azkarra izan zen erantzuna: «Administrazio kontseiluko inork ez dugu ezer kobratuko».

Diruarekin jarraituz, nabarmendu zuen Aranzabalek ez duela kalte-ordainik jasoko, «berak» erabaki zuelako uztea. Presidente ohiak zer utzi duen galdetuta, taldearen lana nabarmendu zuen berriz ere Gorostizak. «Klubak egin ditu gauza asko, eta bera presidentea izan da».

Azkenaldian, Eibarren inguruan jardutean, askotan administrazio kontseiluko gorabeherak eta klubak egindako egitasmoak izan direla hizpide nabarmendu zuen Gorostizak, eta hori aldatu egingo dutela esan zuen: «Kirol arloak izan behar du protagonismo osoa kanpora begira, ez beste guztiak. Futbola da hemen garrantzitsuena».

Behin baino gehiagotan esan zuen agintariak «batuta» daudela, ez dela arrakalarik, eta, bi urte hauetan egon badira, «kolpetik heldutako kirol arrakasta gaizki kudeatzeagatik» izan dela.

Ipuruan eta klubaren barruan emakumeak duen indarra ere aipatu zuen: «Ipuruako harmailetan, emakume asko egoten da, eta klubeko langileen artean, kirol arloa alde kenduta, erdiak baino gehiago emakumeak dira. Zoritxarrez, arraroa da hala izatea», bukatu zuen Lehen Mailako emakumezko presidente bakarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.