Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: C multzoa. ITALIA 1. KROAZIA 1

Kontraesanean bizi da

Italia izan da nagusi denbora askoan, eta aurretik jarri da, baina Kroaziak ez du amore eman, eta berdindu egin duKroaziarrek eskura dituzte final-laurdenak; italiarrek, ordea, zaila dute sailkatzea

Julen Etxeberria.
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Pirlok (39. min.); 1-1: Mandzukicek (72. min.) Epailea: Howard Webb (Ingalaterra). Txartel horiak: Italiako Tiago Motta eta Montolivori; eta Kroaziako Schildenfeldi. Bestelakoak: 40.000 ikusle inguru Poznango Udal estadioan (Polonia).

Kontraesanean bizi da Italia. Jota dirudienean, suspertu egiten da, eta sasoiko dirudienean, behera egiten du. Polonia eta Ukrainako Eurokopara jota ez, baina adorez nahiko justu iritsi zen. Italiako Ligan lehertutako ustelkeria eskandalua kolpe handia izan zen. Bat-batean, desilusioak hartu zuen Italiaren egonaldia, hainbesteraino non bazter batean geratu zen azken bi urteetan Cesare Prandelliren aginduetara egindako lan ona.

Italiak Eurokopari ekin eta desilusio sentimendu hori apaltzea bat izan ziren. Espainiaren aurka berdintzeak hutsa zegoen konfiantza zakua betetzeko balio izan zion. Gainera, emaitzaz haratago, ondo jokatu zuen, serio, eta estu hartu zuen Europako eta munduko txapelduna. Partida amaitu eta berehala hasi ziren tifosiak gogoratzen italiarrek irabazitako azken bi txapelketak, 1982ko eta 2006ko munduko kopak, ustelkeria kasu batek herrialde horretako futbola zipriztindu ostean izan zirela. Hirugarrenez historia errepikatzearekin hasi ziren amets egiten.

Eta horrekin amets egiten jarraituko zuten ziurrenik atzo, are gehiago Kroaziaren aurkako partidako 39. minutuan Pirlok faltaz gol eder bat sartu eta Italia 1-0 aurretik jarri zuenean. Ez zen jokaldi bakan baten ondorioz sartutako gola. 33 urteko erdilari finak Pletikosaren atea zulatu baino lehenago, Italiak aukera garbiak izan zituen, baina lehenbizi Balotellik eta gero Marchisiok huts egin zuten ate aurrean. Nagusi zen zelaian Prandelliren taldea, baina aldea gol batena zen bakarrik, eta 45 minutu luze geratzen ziren.

Berriro Mandzukic

Atsedenalditik bueltan ere ez zen asko aldatu neurketaren nondik norakoa. Italiak arriskua sortzen baina asmatu ezinik jarraitzen zuen. Italiarren eraginkortasun falta horrek, hain zuzen ere, arnasa eman zion Kroaziari. Pixkana-pixkana hasi ziren Slaven Bilicek entrenatzen dituen jokalariak Buffonen atera gero eta arrisku handiagorekin iristen.

Italiarrek ordurako pauso bat emanda zuten atzera. Emaitza bikaina zen: lau punturekin, oin erdi bat zuten final-laurdenetan. Bat baino gehiago kalkuluak egiten ariko zen Strinicek ezkerretik erdiraketa egin, Chiellinik huts egin eta Mandzukicek gola sartu zuenean, Eurokopa honetan sartu duen hirugarrena. Bat-batean egoera irauli zen: Kroaziak zituen lau puntu, eta oin bat eta erdi final-laurdenetan. Italiaren puntu kopurua, ordea, erdira jaitsi zen kolpe batez: lautik bira.

Hogei minutu falta ziren partida amaitzeko, baina ez zen beste golik izan. Partida amaieran, kroaziarrak pozik zeuden. Ez da gutxiagorako, esku-eskura dituzte final-laurdenak. Italiarrek, ordea, burumakur utzi zuten zelaia. Ez da ere harritzekoa, bi punturekin, asko zaildu zaie sailkapena. Derrigor irabazi beharko diote Irlandari azken partidan, eta irabazita ere, kalean gera daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.