Realak jakinarazi duenez, Espainiako Kopako finalerako sarrera egokitzen zaien bazkideek aukera izango dute hura beste norbaiti uzteko. Ordainketa egiterakoan, sarrera erabiliko duen pertsonaren datuak jarri beharko dituzte. Behin datuak sartu eta eta ordainketa egin ostean, ezingo da aldaketarik egin. Bete beharreko datuak hauek izango dira: izena, abizena eta nortasun agiriko zenbakia.
Ordainketa Espainiako Federazioak horretarako jarriko duen gune baten bidez egin beharko da, Internetez. Gune horretara kode baten bidez sartu beharko da, eta Realak mezu elektronikoa bidaliko die kode hori sarrera egokitu zaien bazkideei.
Atzo jakin zen Realak 25.680 sarrera dituela apirilaren 18an Sevillan jokatuko duen Espainiako Kopako finalerako. Realak horien %85 banatuko ditu bazkideen artean; hau da, 21.800 inguru. Estadioaren hegoaldeko eremuan egongo dira zale txuri-urdinak. Sarrerak digitalak izango dira, eta Espainiako Futbol Federazioaren aplikazioan deskargatu beharko dira. Partida hasi baino lau ordu lehenago aktibatuko dituzte. Sarrerak aurreko denboraldiko finalekoak baino garestiagoak izango dira: 89 eta 282 euro arteko salneurria izango dute.
Sarrera nahi duten bazkideek Realak webgunean jarri duen formularioa bete beharko dute. Ostiraleko 20:00ak arte izango dute izena emateko aukera. Eskari kopurua Realak dituen sarrera kopurua baino handiagoa bada, zozketa egingo dute. 2002ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik bazkide direnek ziurtatua dute sarrera. Horretarako propio prestatu den formularioa bete beharko dute, eta sarrera bat eskuratzeko eskubidea izango dute. 7.304 bazkide daude egoera horretan. Dagoeneko 22.422 bazkidek bete dute formularioa.