Hasieran zirudien baino aiseago lortu dute Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk binakako txapelketako hirugarren garaipena, Iruñeko Nafarroa Arenan. 22-17 hartu dituzte mendean Peio Etxeberria eta Beñat Rezusta. Estu joan da bi bikoteen artean partidaren hasiera, baina erdibidetik aurrera gorriak nagusitu dira, tartean 6-0eko partzial bat eginda. Taulako lehen postuan finkatu dira hala Laso eta Albisu; Peio Etxeberria eta Rezusta, aldiz, sailkapenean are gehiago hondoratu dira, oraindik ez baitute partidarik irabazterik lortu.
700 pilotakadatik gorako partida izan da, eta, amaieran, Albisuk azaldu du aurrez bazekitela urdinen kontra «lan handia» egin beharko zutela irabazi ahal izateko. Ataundarrak partidaren erdian hartu duten atseden baten garrantzia nabarmendu du irabazi ahal izateko. Lasok, berriz, uste du kontrakoek partida ona egin dutela, baina Peio Etxeberriak huts dezente egin dituela ere nabarmendu du. Albisuren partida goratu du bizkarretarrak.
Joko aldetik nahiko antzera ibili dira bi bikoteak partidaren hasieran. Asko arriskatu gabe hasi dira, partida kontrolatu nahian, eta tantoak tartekatuz ibili dira. Bi tantoren aldea izan da handiena, urdinak aurretik 2-4 jarri direnean, baina inor ez da bestearen gainetik oso garbi jarri. Hala ere, handik gutxira 4-4 berdindu dute gorriek, baina hurrengoan behera bota du Lasok, eta 4-5 jarri dira berriro aurretik urdinak lehen atsedenera iritsi direnean.
Bueltan, hausporik gabe uzten duten tanto luze eta nekagarri horietako bat jokatu dute; Albisuk dejada ederra egin eta partida berdindu du. Segidan, Rezustak txapatik behera bota du, eta bigarrenez aurrea hartu dute gorriek. Egindako tantoak baino gehiago, hutsak nagusitu dira hurrengo boladan, bai gorrienak, baita urdinenak ere; horretan ere, parekatuta segitu dute bi bikoteek. Lau tanto jarraian txapa behera botata izan dira, eta gorriek bi tantoren aldea mantendu dute, markagailuan 8-6koa jarriz. Hala ere, jarraian aurretik jartzea lortu dute urdinek, aurrelari zenoztarraren dejada batekin eta gorrien hiru hutsekin: 8-10. 4-0eko partziala egin dute urdinek, ordura arteko handiena, baina ez du asko iraun.
Partida irauli dute
Atsedena hartu dute orduan, eta itzuli direnean markagailua iraultzea lortu dute gorriek, urdinen lau hutsi esker. Gorrien 4-0eko partzial horrekin, atsedena eskatu dute urdinek, eta bueltan Lasoren bi gantxorekin 6-0era igo dute partzial hori, eta urdinak beste atseden bat eskatzera bultzatu dituzte: 14-10. Atseden hori ondo etorri zaie urdinei, Lasoren huts batekin hirura murriztu baitute tartea, eta pilota aldatu du Peio Etxeberriak. Sake gaizto bat egin du orduan, baina motz geratu zaio: 15-11. Beste bi tanto egin dituzte jarraian Lasok eta Albisuk, eta garaipena bideratu dute.
Peio Etxeberriaren azken hutsa imitatuz, Lasok motz sakatu du, eta 17-12 gerturatu dira urdinak. Segidan tanto bihurria jokatu dute, eta gorrien alde erori da: seiko tartea eta sakea berreskuratu dute. Beste atseden bat hartu dute urdinek, indar handiagoz itzultzeko esperantzaz, eta ez zaie gaizki etorri, bi tanto egin baitituzte segidan, eta tartea lauko desabantailara murriztu. Hala ere, Lasok eta Albisuk moztu egin dute atzerakada hori, eta partida 19-14 jarri.
Beste atseden bat hartu dute, eta hor izan da partida irabazteko gorrien azken ziztada. 21-15 jarri dira berehala, eta hor amaitu behar zuela zirudienean, pixka bat estutu dute partida Peio Etxeberriak eta Rezustak, bi tanto eginda, baina Lasok ezker gantxo ikaragarri batekin garaipena eman dio bikoteari. Hamabi tanto egin ditu aurrelari bizkarretarrak, eta zenoztarrak, berriz, sei soilik.
Gailurrean bakarrik
Urretxun (Gipuzkoa) ere izan da partida, Iñaki Artola eta Ander Imaz Javier Zabalaren eta Julen Martijaren aurka aritu baitira. Artola eta Imaz izan dira garaile, 22-15 irabazita, eta oso berdinduta utzi dute sailkapenaren erdiko zatia. Gainera, emaitza horrekin, bakarrik dira sailkapenaren lehen postuan Laso eta Albisu, hiru garaipen dituen bikote bakarra baita. Atzetik, sei bikote dira bina garaipenekin, eta hondoan Peio Etxeberria eta Rezusta dira, garaipenik gabe.