Kukoren mesedetan

Athletic behartua dago gaur Espainiako Kopan Formentera kanporatzera. Kale eginez gero, Ziganda izan liteke kaltetu nagusia

Bingen Arostegi eta Kuko Ziganda, Formenteraren aurkako joaneko partida hasi aurretik. SERGIO G. CANIZARES/ EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Kopan gaitza da Bigarren B Mailako talde batek Lehen Mailako bat kanporatzea. Dena kontra dute talde apalek. Alderik handiena gaitasuna da, talentua. Teknikoki zein fisikoki alde handia dago. Joan-etorriko kanporaketa bidez jokatzeak ere ez dio talde txikiari mesederik egiten. Lehen lehia etxean jokatzea ere ez dirudi abantaila denik. Harmailak betetzeko estrategia ona izango da, baina Lehen Mailako taldeak lehen neurketan kale eginez gero, etxeko norgehiagoka dauka joanekoan egindako okerra zuzentzeko. Eta, hala ere, tarteka ezusteko galantak egoten dira.

Zer gertatu ohi da talde txikiak handia kanpora dezan? Konfiantzaz jokatzen duten Bigarren B Mailako taldeak arriskutsuak izan daitezke. Ezer galtzeko ez eta ausart jokatuta, kapaz izaten dira talde indartsuagoak estu hartzeko. Baina, batez ere, faborito diren taldeen bolada txarrak eragindako ezustekoak izaten dira gehienak. Oker ari den Lehen Mailako talde bat nahasten denean, indar gabe geratzen da zailtasunei aurre egiteko. Dena txarto ateratzen zaio, eta inguruak ere ez du laguntzen. Giro txarra dagoen taldeetan edozer gerta daiteke.

Bada, ezin esan Athleticen giro on-ona dagoenik. Denboraldiaren lehen herena jokatu da, eta ezkortasuna da nagusi taldearen inguruan. Ligan jaisteko postuetara begira dago; Europa ligan, arnasa apur bat hartu du azken bi neurketak irabazi ostean, baina Ukrainan oso ondo aritu beharko du sailkatu ahal izateko.

Datu horiek guztiak taldeak zelaian erakusten duenaren isla dira. Athleticek zailtasun handiak ditu aurkariak mendean hartzeko. Ondorioz, Kuko Zigandak goi mailako talde bat zuzentzeko duen gaitasuna ezbaian dago. Jarraitzaile askok haren burua eskatu dute, baina Athleticeko zuzendaritzak ez dauka nafarra kargutik kentzeko asmorik. Ez, behintzat, argi gorria piztu aurretik.

Kopan kale egiteak pitz lezake inork gura ez duen alarma. Klubarentzat kolpea litzateke, baina, batez ere, Zigandaren proiektuari egingo lioke kalte. Giroa ez litzateke aproposena izango, gainerako erronkei aurre egiteko. Hala ere, ez dirudi Formenterak nahikoa baliabide duenik Athletic kanporatzeko. Batetik, nahikoa lan duelako mailari eusteko; eta, bestetik, Athletic ondo ari ez den arren, ez dirudielako hilda dagoenik. Gainera, joaneko banakoa ere alde du. Hori bai, harmailan ez da giro berorik espero: taldearen joko txarrak, aurkariaren maila apalak, joanekoaren emaitza onak, eta ordutegi eskasak San Mames berria inauguratu zutenetik izan duen sarrerarik txarrena ekar dezake. Hamaikakoan, bestalde, ohiko batzuk eta orain arte aukera gutxi izan duten futbolarien arteko nahasketa egingo du Zigandak. Jakina zen Kepa ez zela ariko, Herrerinek jokatu baitu liga ez den lehiaketetan, baina litekeena da larunbatean Real Madrilen aurka ere ez aritzea ondarroarra, min hartu baitzuen

ATHLETIC-FORMENTERA

Athletic. Herrerin; Lekue, Etxeita, Boveda, Saborit; San Jose, Vesga; Susaeta, Aketxe, Cordoba; eta Sabin Merino.

Formentera. Marcos; Rosa, Samu, Bonilla, Fobi; Alvaro, LiƱan,

Garmendia, Gabri, Juan Antonio; eta Bruno.

Epailea. Del Cerro Grande.

Lekua. San Mames (53.000 ikusle).

Ordua. 21:30ean (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.