Visma taldeak emandako askatasuna bikain baliatu du gaur Sepp Kussek, Italiako Giroko hemeretzigarren etapan. Zintzo eta fidel, estatubatuarrak Jonas Vingegaarden mesedetan jardun du etaparik malkartsuenetan; gaur, ordea, uztarriaren azpitik ateratzeko baimena eman diote. Eta Kussek bikain baliatu du aukera: tropeletik hanka egin du lehenik, beste ziklista askorekin batera, eta Allegheko helmugara bidean erremate bikaina eman dio ihesaldiari. Vismako zuzendariak ez dira hartutako erabakiaz damutu, Jonas Vingegaardek ez baitu Kussen beharrik izan maglia arrosari eusteko, eta ezkutariak ehiztari sen oso fina erakutsi baitu. Bi urte geroago, helmugan besoak altxatu ditu Kussek. Gaurko garaipena, gainera, ez da nolanahikoa: aurrenekoa du Giroan, eta hartara, itzuli handi guztietan nagusitu direnen sailean sartu da.
Tontor harritsu artean lehiatu dira gaur txirrindulariak. Giroa Dolomitetan barneratu da, zaleen gozamenerako. Ez da etapa bereziki luzea izan: 151 kilometro egin dituzte Feltre eta Alleghe artean. Ibilbidearen gogortasuna desnibel metatuan zetzan —4.888 metro—, luzeran baino gehiago. Sei mendate igo dituzte guztira, eta tartean zen Giau, aurtengo Giroaren gailurra —2.233 metrora du gaina—. Lasterketako etapa gogorrenari zukua atera nahirik, Lidl taldeak ihesaldian sartu ditu Derek Gee eta Giulio Ciccone. Geek aurrerako urratsa egin zezakeen sailkapen nagusian, eta Ciccone behingoz etapa bat irabazten saia zitekeen. Bada, erdizka geratu dira azkenean: Geek ezin izan du podiumeraino jauzi egin, eta Cicconeri ihes egin dio etapa garaipenak.
Bere txarrean, italiarrak aurrea hartu dio Vingegaardi mendiko sailkapenean. Danimarkarrak sailkapen nagusian du arreta osoa, eta bihar azken azterketa gaindituta, igandean bere egingo du Giroa. Ikusteko dago, ordea, podiumean nortzuk dituen aldamenean. Felix Gall (Decathlon) nahiko sendo dago bigarren postuan; hirugarrenean, ordea, aldaketa izan da gaur, Thymen Arensmanen (Ineos) kaltetan. Ezinean geratu da Piani di Pezzen, eguneko azken mendatean, eta hori horrela, aurrea hartu dio Jai Hindleyk (Red Bull). 29 segundoko aldea dago orain bien artean. Geek, bere aldetik, bosgarren postua kendu dio Afonso Eulaliori (Bahrain).
Giauren lehen aldapak helmugatik 59 kilometrora agertu zaizkie txirrindulariei. Lehenago Duran, Coi eta Forcella Staulanza mendateak igo dituzte, eta dezenteko zalaparta izan da tropelean. Etapa ehiztariek erasokor jokatu dute, baita hainbat faboritok ere. Iheslarien artean, Geek zuen kokapenik onena sailkapen nagusian; seigarren zegoen, 7.09ko atzerapena pilatuta. Giroko hamabost indartsuenen artean, beste bostek ere urrutitik abiatzeko apustua egin dute: Michael Storerrek (Tudor), Damiano Carusok (Bahrain), Mathys Rondelek, (Tudor) eta David de la Cruzek eta Chris Harperrek (Pinarello).
Oilar gehiegi ziren, tropela ihesaldiarekin barkabera izan zedin. Etapa irabazi nahi zutenei Gee, Storer, Caruso eta enparauak atzean uztea komeni zitzaien. Horixe egiten saiatu dira Ciccone eta Einer Rubio (Movistar). Egunez egun jo eta ke dabiltza ihesaldietan, eta sutsu jokatu dute gaur ere. Giaura iristerako harrapatu dituzte beste iheslariek, baina berriro mugitu dira aurtengo Giroko mendaterik garaienean, Kussekin eta Giulio Pellizzarirekin (Red Bull) batera. Zauriak miazkatzea zen Pellizzariren helburua; Kuss, berriz, amaierako erakustaldia prestatzen hasi da. Laukoteari Gee, Storer eta Caruso batu zaizkio geroago. Tontorrean 2.30era zuten tropela.
Liskartu eta oldartu
Hurrena Falzarego igo dute, eta bertan, ezerezean geratu da lasterketa burukoen harmonia. Rubiok Red Bull kilometroen sailkapenena irabazi nahi du, eta esprinta lehiatu izana leporatu dio Geeri. Kanadarrak segundoak harramazkatu nahi zituen sailkapen nagusiari begira. Bada, mendeku bezala, Rubiok mendiko puntuak kendu dizkio gero Cicconeri. Italiarra ernegatu egin da, eta haserrea espantuka adierazi dio Rubiori. Jarraian, erasoa jo du maldan behera. Rubiok ez du serioski hartu. Alabaina, azken igoerara minutu bateko aldearekin iritsi da Ciccone. Nahikoa izan zitekeen, baina ez da izan: Kussek helmugatik 2,2 kilometrora aurreratu du, eta Gee taldekidea ere gailendu egin zaio. Azkenean, Kussek 13 segundo atera dizkio Geeri, eta 36 Cicconeri. Hurrena Gall eta Vingegaard helmugaratu dira, 39 segundora. Hindley ez da aparte izan. Igoera ona osatu du australiarrak, Pellizzariren laguntzaz, eta etekina atera dio Arensmanen ahuleziari.
Piancavallo izango da aurtengo Giroko azken epailea. Lehen mailako mendatea da —14,5 kilometro eta %7,8ko pendiza bataz beste—, eta birritan igoko dute biharko etapako azken 70 kilometroetan. Txirrindulariak Gemona del Friulitik aterako dira, eta hasieran oso ibilbide samurra izango dute. Gauzak serio jarriko dira, ordea, Piancavallon. Bertan amaituko da Giroko azken etapa malkartsua. Vingegaard oso sendo da lidertzan: 4.03ra du Gall, 5.04ra Hindley, 5.33ra Arensman eta 6.31ra Gee.