Titulurako kanporaketak jokatuko dituzte ACB ligako lehen zortzi talde onenek, ostegunean hasita.Laboral Kutxak seigarren postuan amaitu du liga, eta Bartzelona hirugarren sailkatuaren aurka jokatuko ditu final-laurdenetako partidak.
Kanporaketako lehen partida ostegunean jokatuko dute Bartzelonan (21:00), eta bigarrena, larunbatean, Gasteizen (21:15). Berdinketarik balego, Bartzelonan jokatuko lukete hirugarren partida. Era berean, ostegunean jokatuko dira Unicaja-Kanaria Handia eta Valentzia-Cajasol partidak; eta, ostiralean, Real Madril eta CAI Zaragozaren artekoa.
Bartzelona-Laboral Kutxa kanporaketako irabazlea finalerdietarako sailkatuko da, eta Valentzia-Cajasol kanporaketako irabazlea izango du aurkari. Gauza bera gertatuko da beste kanporaketarekin: Unicaja-Kanaria Handiaren arteko irabazleak, Real Madril-CAI Zaragozako irabazlearen aurka jokatuko baitu finalerdietan.
Gasteiztarrek eta kataluniarrek lau aldiz jokatu dute denboraldi honetan elkarren aurka: bitan nagusitu da Laboral Kutxa, eta beste bietan Bartzelona.