PEÑA II.A 18-22 LARRAZABAL

Larrazabalek Peña II.ari irabazi dio, eta finalerdietan ariko da

Goi mailako jokoa plazaratu du amurrioarrak partidaren bigarren zatian. Zabalak, finalerdietara sailkatzeko, aski du bihar hamazazpi tanto egitea Artolaren aurka. Artolak gutxienez sei tantoren aldeagatik irabazi beharra du.

Iker Larrazabal. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iker Larrazabal, Labriten, garaipena ospatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
jon eskudero
2026ko maiatzaren 9a
20:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren urtez jarraian, buruz buruko lau onenen artean izango da Iker Larrazabal. Hemezortzi tanto egitea aski zuen gaur Jon Ander Peñaren aurka helburua lortzeko, eta hori aski ez, eta irabazi ere egin du amurrioarrak, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Izerdia ederki botata izango da lau onenen artean, dena den. Izan ere, partidaren erdialdera bitarte gorriak eta bi ikusi ditu. Tentsioak eta urduritasunak eraginda, bere mailatik oso urrun jardun du, eta lehen atsedenaldi luzera 12-7 atzetik iritsi da. Egoerarik kritikoenean buelta eman dio gorputzari, goi mailako jokoa plazaratu du, eta, horri esker, merezita hartu du mendean Peña II.a. Hala, finalerdietan ariko da Larrazabal, eta bihar erabakiko da nor izango den B multzoko bigarren ordezkaria: Javi Zabala edo Iñaki Artola.

Partida ez da distiratsua eta ona izan. Ezta gutxiagorik ere. Hotz kantxaratu dira bi pilotariak. Peña II.ak jarrera erasokorra eta ausarta azaldu ditu, baina denetik egin du hasieran: tantoak egin eta galdu. Larrazabali, berriz, presioaren zama sumatu zaio. Hankak oso nagi eduki ditu, eta batez ere defentsako lanean erraztasun handiak eman dizkio aurkariari. Ondorioz, biak elkar hautsi ezinda ibili dira lehen tantoetan: hiruna, launa eta bosna egon dira parean. Amurrioarrak gehiago agindu du piloteoan, baina ez dio etekinik atera nagusitasun horri. Urduritasuna ez da adiskide ona izan ohi kirolean, eta buruarekin ezetz eginez jardun du gehienean.

Peña II.ak sakeari atera dio zuku gehien partidaren lehen erdian. Horri esker, 9-5 aurreratu da markagailuan. Ordurako lau tanto bazituen sakez eginak. Zabalera egoki egin ditu sakeak, eta Larrazabal non kokatu asmatu ezinik ibili da. Sakearen bitartez izan ez bada, sake-errematean amaitu ditu tantoak gipuzkoarrak, eta konfiantza irabaziz joan da pixkanaka. Bi aldiz pentsatu gabe aurrera egin du, ausart, eta fruituak jaso ditu. Larrazabal gerturatu zaio, 9-7, baina ez gehiago. Lehen atsedenaldi luzera 12-7 aurretik iritsi da Peña II.a. Horrek motiboak eman dizkio bere buruarengan sinesteko eta bigarren zatiari konfiantzaz ekiteko.

Susperraldi ikusgarria

Atsedenaldiak inori mesederik egin badio, Larrazabali egin dio mesede. Aholku emailearen aginduak zintzo entzun ondotik, bestelako jarrera batekin kantxaratu da arabarra bigarren zatian, eta iazko pilotari haren zantzuak erakutsi ditu. Zalantza eta estuasun gehien sentitu dituen garaian, pauso bat aurrera eman eta jokorik distiratsuena kantxaratu du gazteak. Epelak eman dizkio pilotari. Sekulako joa erakutsi du, zazpigarren koadroaren parean iltzatuta edukiarazi du Peña II.a, eta tantoak amaitzerako garaian ere inspiratuta aritu da. Aurrera egitea erabaki duen tanto guztietan asmatu egin du. Akats txikiren bat egin duenean ere ez du konfiantzarik galdu, eta bere mailari eutsi dio. 12-7 atzetik zegoen, eta bigarren atsedenaldi luzera 14-18 aurretik iritsi da.

Bada, alde polit hori ez du alferrik galdu azken txanpan. Peña II.ak azken momentura arte estutu ditu kontuak, baina garaipenak ez dio ihes egin Larrazabali. Ongi kudeatu du presioa, eta azkenean nahiko garaipen erosoa eskuratu ahal izan du. Pozik hitz egin du partida amaieran. «Lehen zatian oso gaizki pasatu dut, eta uneren batean txapelketatik kanpo ikusi dut nire burua. Pentsatu dut gogorra izan behar nuela mentalki, eta oso harro nago emaitzari buelta emateko gai izan naizelako. Finalerdietan jarrera berarekin aritu beharra daukat, ausart eta erasokor». Peña II.a, bestalde, lehen aldiz aritu da buruz buruko final-laurdenetako ligaxkan, eta partida guztietan aurkariak estutu baditu ere, garaipenik lortu gabe amaitu ditu lanak.

Bada, bihar jakingo da B multzoan finalerdietako bigarren ordezkaria nor izango den, Tolosako Beotibarren (17:00, ETB1). Matematika kontuak argi daude: Zabalak aski du hamazazpi tanto egitea. Artolak, berriz, 22-16 edo alde handiagoagatik irabazi beharra dauka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA