Azken lau partidak galdu eta gero, ataka estuan dago Osasuna. Liga amaitzeko jardunaldi bat falta da, eta gutxienez puntu bat eskuratu behar du larunbatean Getaferen zelaian, datorren denboraldian gorenean segitzeko. Gainontzean, beste aurkariek egiten dutenaren zain egon beharko du. Egoera zaila izan arren, baikor mintzatu dira gaur Luis Sabalza presidentea, Braulio Vazquez kirol zuzendaria eta Kike Barja jokalaria, eta lasaitasuna eskatu dute, baita ardura ere, gaur Sadarren egindako agerraldian.
Osasunak 42 puntu ditu sailkapenean, eta Levanterekin eta Elxekin berdinduta dago. Gironak 40 ditu, eta Mallorcak 39. Bost talde horietatik bi jaitsiko dira —Oviedo jada Bigarren Mailan dago—. Irabazi edo berdinduz gero, gorritxoek Lehen Mailan jarraituko dute. Galduta ere mailari euts diezaioke Osasunak, baina beste taldeek egiten dutenaren mende geratuko litzateke: Gironak Elxi eta Mallorcak Oviedori irabaziko baliote —biek etxean jokatuko dute—, gorritxoek maila galduko lukete, Getaferen aurka galduz gero. Ez litzateke batere harritzekoa izango Gironak eta Mallorcak irabaztea, biek ala biek jokatuko baitute etxean, zaleen aurrean. Gironak aurkari zuzen bat jasoko du: Elx. Mallorcak, berriz, Oviedo.
Barja kapitainetako bat da, eta multzoa nola dagoen azaldu du: «Lasai gaude, baina aldi berean ardura, gogo eta arreta handiz gaude aste honetan, egoerak hala eskatzen baitu. Asko dugu jokoan». Baikor izateko motiboak dituztela nabarmendu du: «Uste osoa dut taldean eta egiten ari garen lanean, fisikoki zein mentalki». Partida «tentsio handikoa» izango den arren, urduritasuna alde batera utzi behar dutela uste du: «Hitzak alde batera utzi, eta zelaian dugun maila erakutsi behar dugu. Irabazteko asmoz zelairatu behar dugu, eta ez pentsatu puntu bat nahikoa izango dugula».

Braulio Vazquezek onartu du eurek egindako akatsengatik daudela orain estu. «Baina ez du ezertarako balio orain horretan pentsatzeak. Egoerari aurre egin behar diogu, eta batuta egon. Beldurrak ezin gaitu geldiarazi. Ezin dugu huts egiteko beldurrez aritu». Aldi berean, jokalarien alde hitz egin du: «Hotzak direla esaten da, eta berdin zaiela. Baina ez da horrela. Sufritzen ari dira, eta dena ematen. Ikustea besterik ez dago nola amaitzen dituzten partidak. Asko dute jokoan profesionalki zein pertsonalki». Jokalariak erakusten ari diren «konpromisoaren» adibide jarri du Victor Muñoz: «Min hartuta egon da, eta, kili-kolo dabilen arren, igandean jokatu egin zuen. Entrenatzaileak hiru aldiz galdetu zion ea zelaia utzi nahi zuen, eta ezetz esan zion».
Getafez ere mintzatu da: «Denboraldi bikaina egiten ari da. Oso talde lehiakorra da, eta guk ere haien pare aritu beharko dugu arlo horretan. Hori izango da gakoa». Azkenerako baikor mintzatu da: «Ziur nago punturen bat batuko dugula, eta ez dugula aurkarien emaitzei begira egon beharko». Jokalariei gauza bakarra eskatu die kapitainak: «Beraiek izatea, oso onak baitira; ederki erakutsi dute. Ez dute ezer berezirik egin behar».
Ostiraleko entrenamendua, Sadarren, ateak zabalik
Atzo ebakuntza bat egin zioten arren, Luis Sabalza presidentea ere bertan izan da. «Ziurrenik presidente naizenetik jokatuko dugun partidarik garrantzitsuenetakoa izango da larunbatekoa. Taldearekin egotera etorri naiz, eta babesa ematera. Jokalariekin egoteko aukera izan dut, eta, nola dauden ikusita, baikor naiz». Braulio Vazquezen antzera, argi du: «Irabazi egingo dugu Getafen, eta ez dugu kontuak egiten aritu beharko».
Sabalzak gogora ekarri du Sabadellen aurka Bigarren B Mailara jaistear egon zirenekoa: «Gogoan izan nola geunden orduan, eta nola gauden orain. Aldea agerikoa da». Bestalde, berretsi du iritsiko dela autokritika egiteko garaia: «Behin larunbatekoa pasatuta, gertatutakoa aztertuko dugu, beti egin dugun moduan. Aztertu egin beharko dugu zergatik ari garen sufritzen hainbeste. Ziur nago Lehen Mailan gaudela egingo dugula hausnarketa hori».
Ostiralean egin behar duen entrenamenduaren ordua eta tokia aldatu ditu Osasunak. Taxoaren beharrean, Sadarren entrenatuko da Alessio Liscik zuzentzen duen taldea; 18:00etan, eta ateak irekita. Hala, zaleek taldea babesteko aukera izango dute. Izan ere, obrak tarteko Getafek ez dizkio sarrerak bidali Osasunari: «Oso garrantzitsua da zaleak entrenamendura bertaratzea, jokalariek ikus dezaten, nahiz eta Getafera ezin joan, beraiekin daudela».