ARTOLA 22-19 PEÑA II.A

Artolak lehen puntua lortu du, lasaitasunari eutsita

Partida galdua zuela zirudienean eta okerren jokatzen ari zenean, jokoa aldatu eta partida irauli du Artolak. Hala, amaieran 6-0eko partzial bat egin, eta 22-19 irabazi dio Peña II.ari.

Iñaki Artola, artxiboko irudi batean, pilotakada bat jotzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iñaki Artola, artxiboko irudi batean, pilotakada bat jotzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
inaut matauko rada
2026ko apirilaren 25a
20:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iñaki Artolak Buruz Buruko Txapelketako ligaxkako lehen puntua lortu du gaur Ezkurdi frontoian (Durango, Bizkaia), Jon Ander Peña sakeetan gogor zigortuta. Artola ez da fin aritu partidaren parterik handienean, eta Peñak partida bideratzea lortu du Artolari korrika asko eginaraziz: 11-17 hartu du aurrea markagailuan. Baina Artolak, lasaitasunari eutsiz eta sake gaiztoak baliatuta, buelta eman dio partidari, eta 22-19 irabazi.

Peña II.ak oso sendo hasi du partida. Artola jokoa frontisetik gertu egon zedin saiatu da hasieran, baina ez zaio ondo atera, lehen atsedenaldia eskatu baitu hasi eta 51 pilotakada jokatutakoan, 1-5 galtzen zihoala. Baina atsedenetik bueltan jokoa aldatu du: luze jokatzen hasi, eta bi tantora murriztu du tartea, 3-5; orduan Peña II.ak eskatu du atsedena.

Artolak sake oso bortitza egin du bueltan, ezinezkoa Peñarentzat, eta hala lortu du alegiarrak partida hasierako mamua uxatzea. Bete-betean sartu da partidan, jarraian berdindu eta ostean aurrea hartu baitu, 7-5. 6-0eko partziala zuen orduan Artolak, baina, beste tanto bat egiteko dena alde zuela, txapatik behera bota du pilota. Hala, sakea Peñaren esku gelditu da berriz. Jarraian, hiru tanto bikain egin ditu Peñak, goi mailako aurrelariek egiten dituzten horietakoak, eta markagailua 7-9 gelditu da. Baina, partida berriro urdinaren alde jartzen ari zela zirudienean, Artolak hiru tanto egin ditu jarraian, eta Peña berriro ere atzean utzi markagailuan. Tolosarrak segidan berreskuratu du aldea, hiru tanto eginda, eta 10-12 joan dira atsedenaldi luzera.

Atsedenaldiaren aurretik eta ostean Peñak alde batetik bestera korrika ibili du Artola; partida kontrolatu du Peñak, eta aurkaria deseroso egon da. Tankera askotako tantoak harilkatuz joan da tolosarra, eta, 10-16 irabazten ari zela, 7-0ko partziala hautsi dio Artolak: Peñak hara eta hona zeraman oraindik, baina alegiarrak sakea berreskuratu du dejada bikain bat eginda. Halere, gauzak ez dira asko aldatu, jarraian sei tantoren aldea eta sakea berreskuratu baititu Peñak.

Partida irauli du

Artolarenak egin zuela zirudien, baina, sakea berreskuratu, lau tanto jarraian egin, eta mezu argia igorri dio Peñari: hau ez da amaitu. Izan ere, sakearekin batera jokoaren agintea ere berreskuratu du alegiarrak, aurrez Peñak egin bezala. Urdina, gainera, sake asko pilotak punpa egin aurretik mozten saiatu da, baina huts egin du asmo horretan bi bider, Artolak sake zinez indartsuak egin baititu. Huts horretaz berehala konturatu da Peña, ordea, eta hurrengo sakeak punpa egin zezan utzi du; ongi atera zaio, tantoa egin eta hiru punturen aldea berreskuratu baitu: 15-18.

Beste pare bat tanto tartekatu dituzte, baina orduan Artolak erakutsi du zergatik den iazko buruz buruko txapeldunordea: 16-19 zihoan galtzen, baina Peñari ez dio aldea handitzeko betarik utzi, eta, 6-0eko partziala eginda, 22-19 gailendu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA