Lasaitasuna jokoan

Bolada txarra eten eta beheko postuekiko abantaila handitu nahi du Realak, Hercules azken sailkatuari etxean irabazitaMarkel sartu du Lasartek deialdian, eta Trezeguetek ezin izango du jokatu

Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Martin Lasarte jokalariak motibatzen ona dela diote, baina gaurkoaren gisako norgehiagoka baterako, horren beharrik ez dago. Izan ere, Realeko jokalariek ondo asko dakite zer dagoen jokoan. Irabaziz gero, 38 punturekin, denboraldi hasierako helburua oso gertu edukiko lukete, artean zortzi jardunaldi faltako direla. Galduz gero, berriz, arazoak izango ditu taldeak. Gezurra dirudi, duela hilabete pasatxo batzuk langa Europan jartzen zutela kontuan hartuta, baina futbolean zeharo alda daitezke gauzak oso denbora gutxian. Sailkapenean zuen abantaila mamitsua xahutzen ari da Reala, eta lehenbailehen utzi behar dio aurkari zuzenei arnasa emateari, opariak garesti ordaintzen direlako.

Zerbaitegatik esan ohi da Liga bukatu arte ezin dela ezer segurutzat jo. Alegia, ezin dela zintzarria idia baino lehen erosi. Eta horrek guztientzat balio du. Behean daudenentzat, esan nahi du bizitza dagoen bitartean itxaropena ere badagoela eta ezin dela sekula amore eman azkenera arte. Egoera erosoagoan daudenentzat, berriz, esan nahi du ez dela gehiegi komeni lasaitzea helburua ziurtatuta ez dagoen bitartean. Reala ikusten ari da azken pauso hori kostatzen dela, hain justu, gehien sarritan. Gaurko norgehiagoka funtsezkoa da lanak ahalik eta azkarren burutzeko eta denboraldi bukaera erosoa izateko. Amaiera txukuna merezi du Realak orain arte egindakoak.

Duela bi jardunaldi bezala, azken sailkatuari egingo dio aurre taldeak Anoetan. Hercules putzuan sartu da, azken emaitza txarren ondorioz. Etxetik kanpo Ligako talderik ahulena da, sei punturekin. Marka da gero, Bartzelonari haren zelaian irabazi dionbakarra delako, baina kataluniarren nekea eta erritmo falta aprobetxatu zuen orduan, denboraldi hasieran. Harrezkero hiru berdinketa baino ez ditu lortu. Hala ere, jokalariek badakite ezin direla fidatu. Malaga bera azken postuan eta arazoz josita iritsi zen Anoetara, baina ezer askorik egin gabe eraman zuen garaipena. Herculesek gertu du oraindik salbazioa, lau puntura, eta Reala estu hartzen ahaleginduko da.

Anoetan aurkari zuzenekin gehienetan erakutsitako sendotasuna berreskuratu behar du taldeak, Levante eta Malagaren aurka huts egin ondoren. Lehengo erritmo bizia ezarri behar du hasieratik; Hercules ito eta erasoan dituen baliabideei etekina atera. Zaleak ere jakitun dira gaurko partidaren garrantziaz, eta ez dute huts egingo. Egunak eta orduak ez dute uzten aitzakietarako tarterik. Defentsan ere, hobera egin behar dute txuri-urdinek: geldikako jokaldietan erraztasunik ez eman, oso atzean defenditzeko joera saihestu, lerroak elkartu, eta baloia ahal bezain goian berreskuratu, erasoan azkar ateratzeko. Partidarik onenetan, horiek izan dira Realaren nortasun zeinuak.

Lauko lerroa atzean

Santanderren bost atzelariko lerroarekin jokatu ondoren, egitura klasikoa erabiliko du Lasartek, itxura guztien arabera. Carlos Martinezek partida ona jokatu zuen azken jardunaldian, eta hamaikakoan jarraituko du. Estrada, berriz, kanpoan geldituko da, Markelen mesedetan. Demidov guztiz osatzear dago, baina goizegi iritsi zaio norgehiagoka. Zelai erdiko hirukotea eta aurrelaria eztabaidaezinak direnez, euskarri bikoitzean dago zalantza nagusia. Rivas eta Aranbururen alde egin izan du Lasartek etxeko partida gehienetan, baina gorabeheratsu dabiltza azken boladan. Dena den, Markelek eta batez ere Elustondok ez dute hasieratik aritzeko moduko jokorik erakutsi.

Atsedenaldia indarberritzeko ondo etorriko zaiela esan dute etengabe jokalariek eta entrenatzaileek. Hercules ere itxuraldatuta etortzea ezin da baztertu, entrenatzaile berriak ia beti izaten baitu suspertzeko eragina. Jokalari garrantzitsuak faltako ditu, hala nola Trezeguet, Fritzler eta Tiago, baina hamaikako arriskutsua zelairatzeko baliabide faltarik ez du Djukicek. Femenia eta Drenthe hegaleko oldarkorrak eta azkarrak dira, buruz burukoan ausartak. Valdez, berriz, aurrelari eraginkorra eta borrokalaria da, eta, ustekabekorik ezean, Portillok lagunduko du erasoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.