Binakako Txapelketako bikoterik onena finalean izango da. Nahiko modu zoroan iritsita, gainera. Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk 21-22 irabazi diete Aitor Elordiri eta Jose Javier Zabaletari Logroñoko Adarraga pilotalekuan (Espainia), 21-17 atzetik joan eta gero. Lasok kale edo bale egin du azken tantoetan: aurrerapauso bat eman eta erasora jo du, eta ezin hobeto irten zaio jokaldia, azken bost tantoak erreskadan egitea lortu baitu. Martxoaren 29an jokatuko dute finala, Iruñeko Nafarroan Arenan, Altuna III.a-Ezkurdia bikotearen aurka.
Partida gogorra izan da gaurkoa. Hasiera-hasieratik, Elordik eta Zabaletak aurrea hartu dute (4-1), baina gehienez ere lau tantoren aldea hartzen utzi diete Lasok eta Albisuk (9-5). Erasoan denbora gehiago pasatu dute urdinek, baina gorriek lan ikusgarria egin dute defentsan, eta Elordik, tantoak amaitzeko abaguneak izan dituenean, baliatu egin ditu.
Lehiak aurrera egin ahala, gero eta nabariagoa zen urdinak finago zebiltzala. Albisu, eskuin eskuan izan dituen arazoak gaindituta, sendo zebilen, eta Lasok zuen iniziatiba aurreko koadroetan. Partida berdintzea lortu dute (14-14, 15-15), baina orduantxe hasi da Albisu huts egiten. Nekearen ondorioz, fisikoki arazo bat edo beste izan du, eta hiruzpalau pilotakada txapa azpira bota ditu (18-15).
Lasok eta Albisuk txapelketa ikusgarria egin dute, baina finalak ihes egingo ziela zirudien (21-17). Orduan, eta bikotekidea okerren zegoenean, kasta erakutsi du Lasok. Airez sartu da pilota gehienetara, ahal izan duen guztia errematatu egin du, eta Elordi eta Zabaleta urduri jarri ditu. Pare bat ezker gantxo zoragarri egin ditu, 21-21 berdintzea lortu, eta, azken tantoan, pilota bat zabalera botatzeko ahaleginean, gehiegi zabaldu du Zabaletak. Sekulako amorruarekin ospatu dute urdinek, pilotazaleak erabat zoratuta zeudela.
Elordi, haserre
Partida amaitutakoan, Elordik oso haserre hitz egin du ETBko kameren aurrean. 21-19 zihoazenean, Laso aldageletara sartu da karranpa batzuk zituelako. Elordiren arabera, aurrelariak ez die horretarako baimenik eskatu epaileei, eta, hori horrela balitz, tanto bat eman beharko liekete gorriei, 22.a. Argi esan du: «Jose Javierrek eta biok egon beharko genuke finalean».
Lasok, galdera horri erantzunez, kontatu du epaile bati eskatu diola baimena, baina beste epailea ez dela konturatu, eta horrek eragin duela nahastea.
Era batera edo bestera, Laso-Albisu bikotea izango da finalean. Binaka jokatuko duten hirugarren finala izango da bientzat; inoiz irabazi gabeak dira, ordea. Ea oraingoan.