Lasok eta Albisuk bederatzigarren puntua lortu dute

22-19 irabazi diete Larrazabali eta Mariezkurrenari, eta finalerdietan izango dira. Lasok eta Larrazabalek tanto ikusgarriak egin dituzte aurrean, eta amaieran emozioa izan du neurketak.

Unai Laso erremate bat egiten, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Unai Laso erremate bat egiten, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko urtarrilaren 17a
22:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laso eta Albisu Binakako Txapelketako finalerdietan izango dira. Gaur, Lizarran, 22-19 hartu dituzte mendean Larrazabal eta Mariezkurrena II.a. Sailkapenari erreparatuta, txapelketako bi bikote onenak zeuden aurrez aurre, eta halakoxea izan da partida: ona. Laso eta Albisu bi aldiz egon dira partida haustear: 11-4 eta 18-11 egon baitira aurretik. Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak partida ikusgarria jokatu du, eta erremate ederrak eginez eserlekutik altxarazi ditu zaleak. Baina Larrazabal eta Mariezkurrena II.a bikote gogorra dira, amore ematen ez duten horietakoa, eta gaur beste behin erakutsi dute. Izan ere, partida asko zaildu zaien bi uneetan, hortzak estutu, eta aldeak murriztu dituzte. Hala, ederra eta emozio handikoa izan da partida amaiera. 

Hasieratik ikusi da bi aurrelariak txinpartatsu zeudela, pare bat tanto eder egin baitituzte. Pixkanaka Laso nagusituz joan da. Hala, hark eta Albisuk hiru tantoren aldea lortu dute: 7-4. Tanto horretan, Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak ondo jo du pilota txokoan, eta Mariezkurrena II.ak ezin izan du eraman. Hurrengo biak ere hark egin ditu, bat zabalera egindako erremate ikusgarri bati esker, eta beste bat bi paretaz. Sakez ere egin du ondoren beste bat. Atzean, gainera, Albisu sendo eta eroso aritu da. Larrazabalek eta Mariezkurrena II.ak tanto onen bat egin dute, baina jokoan ekimena hartu ezinik jardun dute.

11-5ekoan, bazirudien partida hautsi egingo zela. Baina Larrazabalek eta Mariezkurrena II.ak bi tanto egin dituzte, lehen eten luzea baino lehen: 12-7. Lehen zati horretan Lasok egindako lan ikusgarriaren erakusle: bederatzi tanto egin ditu. Eten luzearen osteko lehen lau tantoak Larrazabalek eta Mariezkurrena II.ak egin zituzten, eta horri esker bete-betean sartu dira berriro ere neurketan: 12-11. Larrazabalek ausart jokatu du orduan, eta saria izan du. Neurketa gogortzea lortu dute galtzaileek, eta batez ere Laso jokoan ez sartzea.

Orduan eten zaie bolada. Larrazabali behera joan zaio txokora bidali duen pilota bat. Lasok eta Albisuk pilota aldatu dute orduan, eta partidaren aginte makila berreskuratu. Ohartzerako beste alde polit bat lortu dute: 18-11. Berriro ere tanto ikusgarriak egiten hasi da Laso. Larrazabalek eta Mariezkurrena II.ak maldan gora zuten berriro partida. Baina ez zeuden amore emateko prest, eta ekinean jarraitu dute. Hala, 19-17ra gerturatu dira. Txapelketan erakutsi dute bikote gogorra direla, eta atzetik joan arren ez dutela etsitzen. Mariezkurrena II.ak ondo eutsi dio, eta Larrazabalek biribildu ditu aurrean tantoak. Hamazazpigarren tantoa ikusgarria izan da. Gantxoz egin du. Baina hor azaldu da berriro ere Laso. Pilota bat aurrean txokoan utziz ederki engainatu du Larrazabal. Baina ondoren tantoa egin du Mariezkurrena II.ak, eta azkenera arte izan da emozioa. 22-19 amaitu da partida, Lasoren eta Albisuren alde. 

Jaka eta Iztueta garaile

Gaurko beste neurketan, Jakak eta Iztuetak 22-15 irabazi diete Peña II.ari eta Imazi. Garaileak une oro izan dira aurretik, eta, nahiz eta partidaren erdialdean Peña II.ak eta Imazek markagailua apur bat berdindu duten, azkenerako beste tanto sorta egin dute, eta garaipena lortu. Bihar amaituko da hamargarren jardunaldia. Elordik eta Zabaletak Peio Etxeberriaren eta Rezustaren aurka jokatuko dute Mungian (17:15, ETB1).

Ados Pilotaren binakakoan, Mujikak eta Ruiz de Larramendik 22-12 irabazi diete Aranbururi eta Mendibururi. Bihar berriz, Antzuolan (Gipuzkoa), Oskozek eta Arrastiak Gomezek eta Agirren aurka jokatuko dute (11:30). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.