Batzuetan, distiratsu; beste batzuetan, berriz, nahikoa baino ez eginda. Baina Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk bereari eusten diote binakako txapelketan: partidak bata bestearen atzetik irabazteari. Gaur, bosgarren neurketa irabazi dute jarraian: 22-12 nagusitu zaizkie Iñaki Artola eta Ander Imaz enpresakideei Donostian, Atano III.enean.
Lasok eta Albisuk bosgarren garaipena lortu dute erreskadan, baina zazpigarren garaipena dute ligaxkako aurreneko zortzi jardunaldiak kontuan hartuta. Lan bikain horrek sailkapenean du isla: lehen postuan daude, bakar-bakarrik. Jardunaldiko beste hiru neurketetan gertatzen denaren zain, hiru garaipenen aldea dute bigarren sailkatuarekiko; hau da, gertatzen dena gertatzen dela, gutxienez bi garaipenen errentari eutsiko diote bigarren itzuliko lehen jardunaldia bukatzen denean. Abantaila ederra da hori, kontuan hartuta sei jardunaldi falta direla jokatzeko. Bide zuzena daramate zuzenean finalerdietako ligaxkarako sailkatzeko. Hain zuzen, bide zuzena topatu nahi dute Artolak eta Imazek, orain arte gorabeheratsu ari baitira: lau partida irabazi dituzte, eta beste lau galdu.
Urteberri egunean, hainbestean arituta eta sufrituz irabazi zieten Lasok eta Albisuk Javier Zabalari eta Julen Martijari. Gaur, ordea, distiratsu aritu dira, eta nagusitasunez gailendu zaizkie Artolari eta Imazi. Beste behin, Laso izan da onena lau pilotarien artean. Eta, beste behin, Albisuk ondo zaindu dio bizkarra. Nolanahi ere, tanto askotan, nahieran aritu da Laso: hamalau egin ditu. Lesio larri eta luze bat osatu berritan ekin zion binakakoari, baina ikusgarri dabil. Sekulako meritua du horrek.
Partidari dagokionez, hasi eta buka nagusitu dira irabazleak. Segituan hautsi dute partida (2-10), baina egurrean jarraitu dute, batez ere Lasok, eta aldea handitu dute. Artola saiatu da, eta lehia luzatu du. Baina alferrik.
Partidak datozen hiru egunetan
Hurrengo hiru egunak bete-beteak izango dira, egunero jokatuko baitute txapelketako partida bat. Bihar, Elordi eta Zabaleta Zabalaren eta Martijaren aurka ariko dira Bilboko Deportivon; astelehenean, Jakak eta Iztuetak Larrazabalen eta Mariezkurrena II.aren kontra jokatuko dute Tolosan; eta, asteartean, Altuna III.a eta Ezkurdia Peio Etxeberriaren eta Rezustaren aurka ariko dira Eibarren.