Pilota

Lasok eta Albisuk beste kolpe bat eman dute mahaian

22-17 irabazi diete Elordiri eta Zabaletari Gernika-Lumon, eta 11. garaipena lortu dute. Bi bikoteek partida gogor bezain ikusgarria jokatu dute.

Unai Laso, pilota jotzen, txapelketako partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Unai Laso, pilota jotzen, txapelketako partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko urtarrilaren 31
20:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk beste mugarri bat ezarri dute binakako txapelketan egiten ari diren ibili paregabean: zuzenean finalerdietako ligaxkarako sailkatu eta gero, ziurtatu egin dute horretan lehen sailkatu gisa aritzea. Modurik onenean egin dute hori, mahaian beste kolpe bat emanda: bigarren sailkatuei irabazi diete gaur. 22-17 hartu dituzte mendean Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta, Gernika-Lumon (Bizkaia). Lasok eta Albisuk 11. garaipena lortu dute hamabi jardunalditan. Ikusgarria da beste datu hau ere: Baikoko bikoteak irabazi egin ditu jokatu dituen azken bederatzi partidak.

Elordiri eta Zabaletari, berriz, eten egin zaie bolada ona, eta, aurreko hiru neurketak irabazi eta gero, galdu egin dute, eta finalerdietako ligaxkarako zuzenean sailkatzeko urratsa egin ezinik geratu. Hori aski ez, eta Javier Zabalak eta Julen Martijak harrapatu egin dituzte sailkapenean: zazpi garaipen dituzte Aspeko bi bikote horiek.

Partida ederra jokatu dute gaur Santanape frontoian. Ikusleek gozatu egin dute, bi bikoteak aritu baitira bete-betean, eta lehia gogor bezain ikusgarria jokatuko baitute. Azken txanpara freskoen iritsi den bikotea nagusitu da, eta Lasok eta Albisuk osatutakoa izan da hori. 

Irabazleen artean, baina, aldea egon da: Laso ikusgarri aritu da, eta hamalau tanto egin ditu; Albisu, ordea, ohi baino apalago aritu da, eta huts dezente egin ditu: zortzi. Hala ere, gora egin du azken txanpa erabakigarrian. Gainera, hori da bikotea egitea: batek egun txarra duenean besteak laguntzea. Horri esker eman diote buelta lehiari, hasieran Elordi eta Zabaleta nagusi izan baitira: 9-5. Aspekoek oso partida ona jokatu dute, baina, azkenerako, nekea sumatu dute, eta luze egin zaie neurketa. Baina gauza onei heldu behar diete, eta gaur asko egon dira: adibidez, Zabaletak aspaldiko partidarik onena jokatu du. 

Jaka eta Iztueta nagusi

Eguneko beste partidan, Idiazabalen (Gipuzkoa), Erik Jakak eta Martxel Iztuetak 22-12 irabazi diete Peio Etxeberriari eta Beñat Rezustari. Emaitza horren ondorioz, Peio Etxeberriak eta Rezustak jada ez dute aukerarik kanporaketa jokatzeko. Bi garaipen besterik ez dute. Jakak eta Iztuetak, berriz, sei dituzte, eta aurrerapausoa eman dute kanporaketa jokatzeko. Bigarren izateko aukeraren bat ere badute. 

Bihar bukatuko da hamabigarren jardunaldia. Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak Jon Ander Peñaren eta Ander Imazen aurka jokatuko dute Gasteizko Ogeta frontoian. Bi bikote horiek irabazteko premia handia dute: seigarren eta zazpigarren postuan daude, eta lau garaipen besterik ez dute. Biek bolada txarra daramate: Baikokoek azken lau partidak galdu dituzte, eta Aspekoek, azken hirurak. Peña II.ak hirugarrenez ordezkatuko du Artola. 

gomezek eta agirrek lehen garaipena lortu dute

Marta Gomezek eta Naroa Agirrek lehen partida irabazi dute gaur, Ados Pilotaren binakako txapelketan: 22-18 hartu dituzte mendean Natale Aranburu eta Ane Mendiburu, Zestoan (Gipuzkoa). Lehia parekatua izan da hasieran, baina, tantoak jokatu ahala, Gomez eta Agirre nagusitu egin dira. 

Bihar, Lekunberrin (Nafarroa) izango da partida, 11:30ean. Lehen Mailan, Naroa Iturriaga eta Oihana Orbegozo Aranbururen eta Mendibururen aurka ariko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.