Binakako Txapelketako lehen puntua poltsikoan dute Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk. Lehen zatian zalantza batzuk piztu arren, bigarren erdian bikain jokatu dute, eta merezita garaitu Iñaki Artola eta Ander Imaz, Tolosako Beotibar pilotalekuan (Gipuzkoa): 22-14. Kolpez nagusi izan dira irabazleak, eta, behin kantxari neurria hartuta, Lasok aparteko distira erakutsi du erasoan: 11 tanto egin ditu aurreko koadroetan, eta bakarra galdu. Albisuk ere bizkarra erakutsi dio gehienean Imazi. Galtzaileak, ohi bezala, lanean aritu dira, sendo, baina ez da aski izan aurkariak behar adina estutzeko. Bost urteren ondoren, Lasok eta Albisuk bikotea osatu dute berriro ere txapelketa ofizial batean, eta txapela irabazteko hautagai nagusietakoak direla erakutsi.
Jaialdian azken orduko kontuak ere izan dira, hezetasuna dela medio. Berez, jaialdiko bigarrena behar zuen izan txapelketako partidak, baina, enpresetako arduradunei iruditu zaienez litekeena zela frontoiko baldintzek okerrera egitea, aurreratu egin dute. Presaka antzean jardun dira pilotariak beroketa lanetan, baina ez zaie askorik antzeman. Izan ere, ondo ekin diote lehiari bi bikoteek. Lanean oinarritu dute jokoa, eta berdintasuna izan da nagusi: bina, launa eta seina joan dira. Bitarte horretan, gehiago agindu dute Lasok eta Albisuk, 4-6 aurretik ere izan dira, baina opari gehitxo egin dituzte. Pilotakada askoko tanto asko izan dira tartean.
Jokoari erreparatuta, Artolak atera ditu babak eltzetik. Ezker airez etengabe lagundu dio Imazi defentsan, eta erasoan bereak eta bi egin, gainera. Konfiantzaz jokatu du, laineza hartuta. Gorriek sei tanto egin dituzte jarraian, eta 10-6 eta 11-7 aurreratu dira. Orduantxe berdindu da dirua pilotalekuan. Atzean, alegiarrak tanto dotoreak egin ditu bai moztuta eta bai horma-bikoz. Nortasunez jokatu du. Abiadura bizian ibili du pilota alde batetik bestera, eta erasanda aritu dira Laso eta Albisu. Ez dira gai izan Artola jokoz kanpo uzteko.
Orduantxe, baina, atsedena eskatu du Lasok, eta asmatu egin du, neurketaren norabidea aldatu egin baita bigarren zatian. Lasaiago jardun dute urdinek, pazientziaz eta zorrotz. Albisuk bost galdu ditu partida osoan, baina bigarren zatian alerik ez. Horrez gain, Imaz zazpitik atzera egonarazi du erabat. Lasok etekina atera dio horri. Nahiz eta lesio larri bat izan duen eta kantxara itzuli berria den, era guztietako tantoak egin ditu aurrean, eta ia jokaldi guztietan asmatu. 11natik 14-18ra pasatu da markagailua oso denbora gutxian. Artolak eta Imazek ahal bezala eutsi diote erritmoari, baina ez luzerako.
Bigarren atsedenaldia mugarria izan zitekeela pentsatuta kantxaratu dira galtzaileak, 14-18koa iraultzeko asmoz. Baina erraztasun handiak eman dituzte. Eraman beharreko bi sake utzi dituzte eraman gabe jarraian, eta azken bi tantoetan ere ez dira lehiakor aritu. Merezita irabazi dute Lasok eta Albisuk: 22-14. Lasok gustura hitz egin du amaieran. «Gaur urtebete irabazi nuen lau eta erdiko txapela; oso pozgarria da data berean txapelketa ofizial batera itzuli eta irabaztea. Ongi nabari dut neure burua, eta gozatzen ari naiz kantxan, nahiz eta oraindik asko falta zaidan erritmoa hartzeko. Irabazten hastea beti da garrantzitsua».