JAKA-MARIEZKURRENA 5-22 LASO-LANDA

Lasok eta Landak erakustaldia emanda irabazi diete Jakari eta Mariezkurrenari

Txapelerako faboritoen zerrendan daudela erakutsi dute Unai Lasok eta Unax Landak. Dariok eta Ezkurdiak Zabalaren eta Rezustaren aurka jokatuko dute bihar lehen jardunaldiko azken partida, Eibarren.

Landa Mariezkurrena II.ari bizkarra erakusten, gaur, Tolosako Beotibarren. JON URBE / FOKU
Landa Mariezkurrena II.ari bizkarra erakusten, gaur, Tolosako Beotibarren. JON URBE / FOKU
jon eskudero
2026ko azaroaren 29a
20:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauteskunde egun betean, beren buruaren aldeko hautagaitza ezin sendoagoa aurkeztu dute Unai Lasok eta Unax Landak, Tolosako Beotibar pilotalekuan (Gipuzkoa). Txapelerako bidean, pronostikoetan euren alde bozka emateko motiboak plazaratu dituzte, erakustaldi handia emanda gainditu baitituzte Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena: 22 eta 5.

Binakako Txapelketaren aurkezpenean, elkarrekin jokatu behar zutela jakitean, batez ere ilusioa aipatu zuten Lasok zein Landak. Bada, ilusio horri gaitasuna eta distira erantsi dizkiete. Txapelketa ofizial batean lehen partida izanagatik, goi mailan jardun du atzelariak, gehienean bizkarra erakutsi baitio Mariezkurrena II.ari. Lasok, berriz, bereak eta bi egin ditu aurreko koadroetan, eta hamabi tanto amaitu ditu guztira. Gainera, defentsan ere asko lagundu dio bikotekideari. Aspaldian makal samar aritu arren, fresko eta bizi jokatu du nafarrak. Oraindik lehen jardunaldia izanagatik, oso kontuan hartu beharko direla erakutsi dute Lasok eta Landak.

Partidako lehen tantoa izan da Landak jokatu duen eskasena. Aukerako pilota batean ez da ongi kokatu, eta huts nabarmena egin du. Hezetasun apur bat ere agertu da frontoian, kanpoko euriteen eta barruko beroaren ondorioz, eta beldurrez kantxaratu da gipuzkoarra. Horixe izan da Jaka eta Mariezkurrena aurretik izan diren momentu bakarra: 1-0. Izan ere, hortik aurrera nagusitasun handia erakutsi dute urdinek. Landak izugarri astindu du pilota, eta, gainera, ezker hormara bideratu ditu pilotakada gehienak. Pilotalekua motz geratu zaio, eta aho zabalik utzi ditu jarraitzaileak. Aginte hori ederki baliatu du Lasok, era guztietako tantoak egin baititu aurrean. Ezker airez egin du minik handiena, eta markagailuan aurreratu dira: 1-5.

Susperraldia izan dute gorriek. Saskitik pilota biziagoa atera dute, ilun kolorekoa, eta Mariezkurrena II.a erosoago sentitu da. Gutxienez, aurkarien parean aritu da piloteoan, eta Jakak neurria hartu dio lehiari. Ohi bezala, azti jokatu du aurrean, eta tanto distiratsu pare bat jokatu ditu. Ezker airez jarraian egindako bi tantorekin, 4-6 gerturatu dira gorriak. Bazirudien pilota horrekin min egiteko aukera gehiago izango zutela, baina bere horretan geratu zaie olatua. Erraztasun handiak eman dituzte biek ala biek, eta pixkanaka pazientzia galtzen joan dira. Egun txarra tokatu zaie parean. Atzelari nafarrak ohi baino akats gehiago egin ditu, eta Jakak ezin izan dio nahi bezala lagundu. Aitaren batean, 4-6tik 4-16kora igaro da norgehiagoka.

Pilotak gastatuz joan dira, eta horren eraginez bote harroagoa hartu dute. Gero eta erosoago sentitu dira garaileak, eta guztiz etsita jardun dute galtzaileek. Mariezkurrena II.ari sumatu zaio ez dagoela ohituta aurkariaren bizkarra ikusten. Hori bai, goi mailako jokoa plazaratu dute Lasok eta Landak, eta laineza hartuz joan dira azken txanpara iritsi ahala. Bakoitzak bere esparruan, lan distiratsua egin dute. Esanguratsua izan da Landak egin duen tantoa 5-17koan, errebotera bidean ipini baitu pilota. Bigarren atseden luzetik bueltan ere ez da partidaren gidoirik aldatu, eta Lasok biribildu egin du ordura arteko lana. 5-19koa, 5-20koa eta 5-21ekoa ezker airez egin ditu, eta azken tantoa Mariezkurrena II.ak huts egin du, sake-errestoan.

Eibarren, egun handia

Partida amaieran, erakustaldiaren pareko poza bistaratu dute garaileek. Elkar besarkatu ondotik, pozarren mintzatu da Landa: «Nire estreinako partida izan da, baina oso lasai sentitu naiz. Lasok izugarri lagundu dit pilota gaiztoak kenduz, eta psikologikoki ere mesede egin dit harekin jokatzeak. Aurkariek ez dute egunik onena izan, baina uste dut gure jokoa ezin hobeki egin dugula. Badakit egun txarragoak iritsi daitezkeela, baina orain garaipenaz gozatzea tokatzen da». Laso ere ilusioz mintzatu da: «Esan nuen izugarri pozik nengoela jarri zidaten bikotearekin, eta halaxe berresten dut. Izugarri astintzen du pilota, eta era horretan errazagoa da jokatzea. Ea gai garen boladari eusteko».

Pelota Pro Ligako arduradunek oreka nabarmendu zuten txapelketaren aurkezpenean, baina, momentuz, ez da halakorik izan lehen jardunaldian. 22-9 amaitu zen lehen partida, 22-7 bigarrena, eta 22-5 gaurkoa. Bada, jardunaldiko azken partida bihar jokatuko da, Eibarren (Gipuzkoa), Sanandres egunez. Dariok eta Joseba Ezkurdiak Javi Zabalaren eta Beñat Rezustaren aurka jokatuko dute, 17:15etatik aurrera. Buruz buruko txapeldunak Jokin Altuna ordezkatuko du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA