Laso-Aranguren 22—10 Ezkurdia-Tolosa

Lasok jarri du txinparta Astelenan

Bizkarreta-Gerendiaingoak eta Arangurenek nagusitasunez irabazi diete Ezkurdia eta Tolosari. Lasok asko asmatu du aurrean, eta Ezkurdia nahi eta ezin aritu da. Atzean, Aranguren Tolosari nagusitu zaio tantoek aurrera egin ahala.

UNAI LASO
Unai Laso, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
ainara arratibel gascon
2023ko abenduaren 25a
20:20
Entzun

Eguberrietan ohikoa izaten da edari txinpartadunekin topa egitea. Bada, gaur Unai Lasok jarri dio txinparta Eibarko (Gipuzkoa) Astelena frontoian jokatutako Binakako Txapelketako partidari. Lehiara itzuli zenetik jokatutako partidarik onena egin du Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak. Arangurenek eta biek 22-10 hartu dituzte mendean Ezkurdia eta Tolosa. Bi bikoteek bi garaipen dituzte orain txapelketan.

Partida hasiera orekatua izan bada ere, 1-1eko berdinketaren ostean Lasok eta Arangurenek agintea hartu dute markagailuan. Bost tanto egin dituzte segidan, eta lehen aldea lortu dute: 9-3. Errenta horrek konfiantza eman die urdinez jantzitakoei, eta, sailkapenaren behealdean egonik, funtsezkoa da hori. Gorriei dagokionez, Tolosa ondo ibili da lehen tantoetan, Arangurenek baino gehiago gozatuz, sendo. Baina Ezkurdiak ez du asmatu pare bat tantotan: pilota argi batzuk galdu ditu, eta zalantzaren batekin aritu da. 

Emaitza ikusita, eta aurkariaren bolada eten nahirik, Ezkurdiak eta Tolosak etena eskatu dute. Zerbait aldatu beharra zuten. Baina hurrengo tantoa ere Lasok eta Arangurenek egin dute. Konfiantzaz aritu da Laso, aukerak baliatuz. Bosgarren tantoa egin eta gero, Ezkurdiak eta Tolosak pilota aldatu dute. Frontisetik gehiago ateratzen zen pilota baten alde egin dute. Horrekin hobeto aritu dira. Baina, Tolosak galdutako pilota argi baten ostean, hamabigarren tantoa egin dute urdinek, eta 12-6 atzetik iritsi dira lehen atsedenaldi luzera gorriak. 

Etenak ez du aldatu partidaren norabidea. Alderantziz. Laso-Aranguren jakitun zeuden partidaren garrantziaz, irabaziz gero atzoko aurkarien parean jarriko baitziren sailkapenean, bi garaipen lortuta. Tantaka tantoren bat egin arren, Ezkurdiak eta Tolosak ez dute segida bat izatea lortu, eta horrela ezinezkoa izan da aldea txikitzea. Gainera, horren ondorioz, ezin izan dute pilota aldatu eta frontisetik gehiago ateratzen zen pilota atera. Euren pilotekin, berriz, eroso aritu dira Laso eta Aranguren. Tantoak mendean izan dituzte, eta gehienetan Lasok jarri die ginga, aurrean erremate eta gantxo ikusgarriak eginez. Guztira hamar egin ditu gaur.

Horixe izan da bigarren zatiak hartu zuen bidea, eta aldea handituz joan dira urdinak. 8-1eko partzialarekin, erabakita utzi dute partida: 22-10. Azken tantoaren ondoren Ezkurdiak pilotari emandako ostikoak eta Lasok emandako txaloek islatu dute gertatutakoa.

Partida amaieran, gustura zen Laso: «Tanto asko bukatu ditut, eta partida nahiko kontrolpean izateak ahalbidetu dit nire jokoa gehiago egitea». Txanponaren beste aurpegia izan da Tolosa: «Lasok min handia egin digu. Azken bi partidetan ez dugu asmatu, baina aurrera jarraitu behar dugu, lanean. Txapelketa asko falta da».

Bihar txapelketako beste bi partida jokatuko dira: Altuna III.ak eta Martijak Artola eta Imazen aurka jokatuko dute Tolosako Beotibarren (17:15), eta Barañaingo frontoian Elordi eta Rezusta Jaka eta Mariezkurrena II.aren aurka arituko dira (18:00).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.