Pilota

Lasok lehen aldiz irabazi du sanferminetako lau eta erdiko txapela

Altuna III.a hartu du mendean final ikusgarri eta ikaragarri gogorrean: 22-20. Baikokoa 17-20 zihoan galtzen, baina, sufrituz eta barruan zuen guztia emanez, irauli egin du emaitza. Lehen aldiz irabazi dio Altuna III.ari banakako final batean.

Unai Laso. IÑIGO URIZ / FOKU
Unai Laso, txapelarekin eta garaikurrarekin, gaur, Nafarroa Arenan. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko uztailaren 7a
13:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palmares ederra du Unai Lasok. Horren erakusle, hiru modalitatetan txapeldun izan diren bederatzi pilotarietako bat da: behin irabazi du buruz burukoa, beste behin lau eta erdikoa eta beste behin binakakoa. Lasok irabazitako txapelen zerrenda bikain horri, ordea, esanahi bereziko txapel bat falta zitzaion: ez zuen inoiz irabazi txapela Iruñeko sanferminetan. Askotan esana zuen nafarra izanik ilusio handia pizten ziola etxean, etxekoen aurrean eta etxeko festarik handienean txapeldun izateak. Bitan egona zen hori lortzear, bitan jokatua baitzuen lau eta erdiko finala, baina bietan galdu zuen, eta esku hutsik geratu. Hirugarrenean bete du aspaldiko nahia. 22-20 irabazi dio gaur eguerdian Jokin Altunari finalean, Nafarroa Arenan. San Fermin eguna egun handia baldin bada nafarrentzat, are handiagoa bilakatu du Lasok. Festa handia izan da Nafarroa Arena bete-betean.  

Lasok pareta bat bota du gaur irabazita, inoiz ez baitzuen mendean hartu Altuna III.a banakako final batean. Hirutan jokatu zuen amezketarraren aurka banakako txapel bat jokoan zela, behin buruz buru, behin lau eta erdiko txapelketan eta beste behin sanferminetako lau eta erdikoan, eta inoiz ez zen gai izan hari irabazteko. Laugarren ahaleginean lortu du. Horregatik ere berezia da gaur jantzitako txapela. Baita beste arrazoi honengatik ere: duela urtebete, min hartuta zegoen, eta amorruz eta inbidiaz ikusi zuen finala. Etsipenetik gozamenera igaro da urtebetean

Final ikusgarria jokatu dute Lasok eta Altuna III.ak, muturrerainoko gogorra. Lehen bi tantoak partidak izan duen gogortasun ikaragarriaren isla izan dira: Lasok egin du aurreneko tantoa, bien artean hemezortzi pilotakada jo eta gero, eta, Altuna III.ak berdindu egin du, 26 pilotakadaren ostean. Hurrengo tantoak, ordea, laburragoak izan dira, batek zein besteak huts egin baitu: lehenbizi, Lasok, eta, jarraian, Altuna III.ak.

Sakeari heldu dio orduan Lasok, eta min egiten hasi da. Lehen kolpearekin arriskutsu, piloteoan indartsu, eta tantoa bukatzen eraginkor aritu da Baikoko aurrelaria, eta, horri esker, lau tantoren aldea lortu du: 8-4. Partidak Lasoren aldeko joera zuen, baina lehia oso gogor zihoan, eta biak hasiak ziren nekea sumatzen. Argi zegoen: nekeari ondoen eutsiko zionak irabaziko zuen. 

Laso aurretik joan izanagatik, freskoago sumatzen zitzaion Altuna III.ari, eta, pixkanaka-pixkanaka, freskotasun hori erakusten hasi da. Horri esker, behetik gora egin du amezketarrak, eta aspaldiko partez, neurketa berdindu du: 11na. Lehen etenaldi luzera, ordea, Laso iritsi da aurretik: 12-11. Oso gogor zihoan partida: 221 pilotakada jo zituzten guztira, ia hamar tanto bakoitzeko.

Nekeak jota

Baikokoari egin dio mesederik handiena etenak: arnasa hartu du berriro, eta bizi-bizi hasi da tantoak egiten. Lau egin ditu jarraian, eta ordu arteko alderik handiena lortu du: 16-11. Altuna III.a nahi eta ezin aritu da tarte horretan.

Baina amezketarrak nekez ematen du amore, eta suspertu egin da berriro. Nola, gainera, sei tanto egin baititu bata bestearen atzetik, eta partidan bigarrenez aurretik jarri: 17-16. Egoera erabat aldatu da: Altuna III.a indartsu ari zen, eta Laso, berriz, beteta. Hala ere, nafarra gai izan da berriro lehia berdintzeko. Bigarren eten luzera, ordea, gipuzkoarra iritsi da aurretik: 18-17. Biek eskertu dute bi minutuko atsedena, baina, bereziki, Lasok, hura ari baitzen nekea gehien sumatzen. 

Baina bigarren etenak ez du izan hasieran aurrenekoaren eragin ona Lasorengan, eta Altuna III.ak egin ditu lehen bi tantoak. Inoizko alderik handiena lortu du Aspekoak: 20-17. Lehiak itxura ona zuen beretzat; txarra, aldiz, Lasorentzat. «Sufritu Unai, hustu!», esan dio Jon Mariezkurrenak Lasori aulkitik. Esan, eta egin ere bai, nafarrak egin baititu azken bost tantoak. Ikusgarria izan da azken tantoa, direnak eta ez direnak itzuli baitituzte bi pilotariek, baina Altuna III.ak huts egin du azkenean, eta Lasok garaipen gogoangarria lortu. Lehertuta bukatu dute biek, ordubete pasatxo aritu baitira jo eta ke, eta ia 400 pilotakada jo baitituzte. 

Lasori berari ere kosta egin zaio garaipena ospatzea. «Buruko mina dut, lehertu egin bainaiz, eta asko sufritu. Oso-oso pozik nago, lehen aldiz irabazi baitiot banakako final bat Jokini».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA