Urteko txapelketarik garrantzitsuena ate joka du erremonteak, larunbatean hasi eta irailaren 27ra bitarte jokatuko baita buruz buruko txapelketa. Iaz mila lagunetik gora bildu ziren Galarreta pilotalekuko harmailetan finala zuzenean ikusteko, eta aurten ere goi mailako txapelketa espero dute antolatzaileek. Javier Urrizaren hutsunea izango da berritasun nagusia, eta horrek finalera heltzeko atea zabalduko die partaide guztiei. Banaka zortzi aldiz txapeldun izanak erretiroa hartu du aurten, baina beste lau pilotari jardungo dira txapela eskuratzeko lehian: Imanol Ansa, Endika Barrenetxea, Aritz Juanenea eta Xabier Azpiroz. Erronka handia izango du Ansa II.ak, azken bi urteetan txapela jantzi ondoren hirugarrena baitu begiz joa. Hura izango da faborito nagusia.
Txapelketa aurkezteko ekitaldia gaur egin dute, Donostiako Miramar jauregian. Bost erremontista izan dira bertan, Josetxo Ezkurrak ere parte hartu baitu. Besteak beste, atariko neurketa izan da aurkezpenaren ondoren, Galarretan: Ezkurra II.ak eta Azpirozek jokatu dute, eta azken horrek lortu du multzoen fasera sartzea, 30-24 irabazita. Ezkurra II.ak txapelketa biribila osatu du; eskaileraren beheko aldetik abiatuta lau kanporaketa gainditu eta onenen artean sartzeko zorian izan baita. Azken koska ez du gainditzerik izan, eta, hala, iaztik ligaxkarako sailkatuta zeuden hiru pilotariengana batu da Azpiroz.
«Txapelak irabazten oso berandu hasi naiz. Hori bai, bolada onean nabil, eta bolada luzatzen segitu nahi dut»
IMANOL ANSAErremontista
Ekainaren 27an hasita, Oriamendi enpresako erremontista ia denek parte hartu dute txapelketan, eta lau onenak lehiatuko dira ligaxkan. Denek denen aurka jokatu beharko dute, eta, puntuazio sistema kontuan hartuta, oso garrantzitsua izango da galduta ere ahalik eta tanto gehien egitea. 30 tanto egiten dituenak lau puntu bilduko ditu. 29 eta 27 bitartean egiten dituenak, bi puntu, eta 26 eta 24 bitartean egiten dituenak, puntu bakarra. Punturik ez batzeko edota puntuak galtzeko arriskua ere izango dute erremontistek. Izan ere, 23 eta 17 tanto artean egiten dituenak ez du punturik batuko, eta 17 tanto baino gutxiago eginda galtzen duenak puntu bat galduko du.
Ligaxkako lehen sailkatua zuzenean igaroko da final handira, eta bigarrenak eta hirugarrenak elkarren aurka jokatuko dute finalerdia. Laugarren sailkatua aurrera jarraitzeko aukerarik gabe geratuko da. Finalerdia irailaren 20an izango da, eta finala, berriz, handik astebetera, hilaren 27an. Ligaxkari larunbatean ekingo diete Ansa II.ak eta Azpirozek.
Ansa II.a, sasoi onean
Buruz burukoan agertu izan dira izar handiak azken urte luzeetan. Koteto Ezkurrak 11 txapel jantzi zituen, eta Urrizak, berriz, zortzi. Bada, hurrengo belaunaldia marka dezakeen erremontista Ansa II.a da, askoren iritziz. Azken bi txapelak bere egin ditu, eta begiz joa du hirugarrena. «Helburua txapela irabaztea izango da, baina ez diot horri bakarrik begiratu nahi, baizik eta txapelak atzean duen lanari». Dena den, gustatuko litzaioke txapelak pilatzen jarraitzea. «Prozesu xumea izan dut erremontista gisa, eta Ezkurra eta Urrizaren zenbakietara iristea ezinezkoa izango dut. Txapelak irabazten oso berandu hasi naiz. Hori bai, bolada onean nabil, eta bolada luzatzen segitu nahi dut». Konfiantzarik ez du falta. «Prestakuntzari begira, fisikoki beste martxa bat sartu diot gorputzari, ikusten dudalako aurkariak ere gero eta hobeto daudela».
Hasieran, Ansa II.aren aurkari nagusia Barrenetxea IV.a izango da. Hark ere bi txapel baditu banaka lortuak: 2019an eta 2021ean, biak Urrizaren aurka. Koadroko sakatzailerik onena bera da, eta ilusioz helduko dio lehiari. «Urte asko daramatzat zeregin honetan, eta helburu nagusia gozatzea izango dut. Atzelari bakarra naiz buruz buru bost final jokatu dituena, eta seigarrenean egotea galanta litzateke». Presiorik ez du izango. «Otsailean hamar egunetik gora egin nituen ospitalean, eta horrek balio izan dit kirola beste filosofia batekin hartzeko. Presiorik gabe jardungo dut».
«Atzelari bakarra naiz buruz buru bost final jokatu dituena, eta seigarrenean egotea galanta litzateke»
ENDIKA BARRENETXEAErremontista
Juaneneak ere finalerako sailkatzea izango du helburu, duela bi urte bezala, eta inoiz ez bezala prestatuta helduko dio txapelketari. «Fisikoki sekula baino hobeto nago. Bi hilabete daramatzat buru-belarri prestatzen, eta ea fruituak jasotzen ditudan».