Pilota

Final-zortzirenen zozketa egin eta gero, prest dago Lau eta Erdiko Txapelketa

Pilota Pro Ligak azken lau ekitaldietako egiturari eta lehiaketa sistemari eutsi die. Ostiralean hasiko da txapelketa, Durangon, eta azaroaren 22an jokatuko dute finala, Bilbon. Bigarren urtez jarraian, pilotariek lau eta erditik sakatu beharko dute.

Lau eta erdiko Txapelketa. RAUL BOGAJO / FOKU
A Serieko lau eta erdikoa jokatuko duten pilotariak, antolatzaileekin eta babesleekin, gaur, Bizkaia frontoian. Peio Etxeberria eta Jon Ander Peña ez dira egon aurkezpenean. RAUL BOGAJO / FOKU
Julen Etxeberria.
Bilbo
2026ko urriaren 6a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela gutxi arte pilota profesionaleko txapelketen aurkezpenek bazuten misterio kutsu bat: azken ordura arte, enpresek ez zuten esaten zein pilotarik jokatuko zuten, eta zain egon beharra zegoen aurkezpena egin arte zein pilotari azaltzen ziren ikusi eta txapelketa nortzuk jokatuko zuten jakiteko. Halaber, aurreikus zitekeen arren, aurkezpena egin arte ez zuten esaten finala non eta noiz jokatuko zuten ere. Aurtengo A Serieko Lau eta Erdiko Txapelketaren aurkezpenak, ordea, misterio gutxi izan du, inoiz baino xehetasun gehiago jakinak baitziren: zein hamabi pilotarik jokatuko duten, eta noiz eta non jokatuko diren partida asko; tartean, finala: azaroaren 22an izango da, Bilboko Bizkaia frontoian. Finalera iristeko bidea baino ez zen falta zehazteko, eta gaur argitu dute hori, zozketa eginda, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Pilota Pro Ligak lehen aldiz antolatu du Lau eta Erdiko Txapelketa, eta, hasieran zenbait aldaketa garrantzitsu egin nahi bazituen ere, pilotariekin izandako desadostasunak direla eta, eutsi egin die azkeneko lau ekitaldietako egiturari eta lehiaketa sistemari. Hamabi pilotarik jokatuko dute berriro, enpresa bakoitzetik seik. Aspek sei pilotari hauek aukeratu ditu: Peio Etxeberria, Javier Zabala, Jokin Altuna, Joseba Ezkurdia, Dario Gomez eta Aitor Elordi. Azken ekitaldian aritu ziren sei pilotari berberak dira. Baikotik, berriz, sei pilotari hauek ariko dira: Unai Laso, Erik Jaka, Iñaki Artola, Iker Larrazabal, Jon Ander Peña eta Beñat Senar. Iazkoaren aldean, bi dira berritasunak: Laso eta Senar ariko dira Iraitz Zubizarretaren eta Joanes Bakaikoaren ordez. Laso min hartuta zegoen iaz, eta ez zuen jokatu. Senarrek, berriz, B Serieko lau eta erdiko txapela irabazi zuen iaz, eta lehen aldiz jokatuko du maila nagusikoa. Peio Etxeberria ez da egon aurkezpenean, aita izan baitzen atzo. Peña II.a ere ez ez da egon, min hartuta baitago. Hala ere, ondo bidean, jokatu egingo du. 

Ostiralean hasiko da txapelketa. Egun horretan jokatuko dute final-zortzirenetako aurreneko partida, Durangon (Bizkaia): Elordi eta Larrazabal ariko dira elkarren aurka (21:00, ETB1). Larunbatean jokatuko dute bigarren partida, Iruñeko Labriten, eta Jaka eta Laso ariko dira (17:15, ETB1). Igandean, berriz, Dariok eta Senarrek jokatuko dute (17:15, ETB1), Lekunberrin (Nafarroa). Astelehenean, azkenik, Artolak eta Peña II.ak neurtuko dituzte indarrak, Tolosan (Gipuzkoa), 17:15ean (ETB1).

«Oso gogotsu nago. Uda gogorra izan dut, baina gorputzak eutsi egin dio, eta oso ondo nago»

UNAI LASO Baikoko pilotaria

Final-zortzirenetako irabazleak final-laurdenetako ligaxkarako sailkatuko dira. Han izango dituzte zain lau zerrendaburuak: Etxeberria, Zabala, Altuna eta Ezkurdia. Elordiren eta Larrazabalen arteko partidaren irabazleak, eta Darioren eta Senarren arteko lehiarenak Peio Etxeberria eta Ezkurdia izango dituzte aurkari A multzoan. Jakaren eta Lasoren arteko partidaren irabazlea eta Artolaren eta Peña II.aren arteko partidarena, berriz, Zabalarekin eta Altuna III.arekin ariko dira B multzoko ligaxkan.

Hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta bi multzoetako lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan: A multzoko lehenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta B multzoko lehenak, A multzoko bigarrenaren kontra. Azaroaren 7an eta 8an jokatuko dituzte finalerdiak: lehena, Donostian, eta, bigarrena, Gasteizen. Irabazleek finala jokatuko dute bi aste geroago, azaroaren 22an, Bilbon. Tartean dagoen igandean, azaroaren 15ean, hirugarren eta laugarren posturako norgehiagoka jokatuko dute, Arrasaten (Gipuzkoa).

Pilota Pro Ligak eutsi egin die Esku Pilotako Enpresen Ligak (EPEL) iaz lau eta erdian txertatutako bi aldaketei: batetik, pilotariek lau eta erditik sakatu beharko dute; eta, bestetik, finalean ez beste partida guztietan, pilotariek egunean bertan aukeratuko dituzte pilotak, neurketa hasi baino ordubete lehenago. Pilota Pro Ligako material hautatzaileek, Martin Alustizak eta Mikel Urrutikoetxeak, jada aukeratu dituzte txapelketan erabiliko diren pilotak.

Pilotariak, gogotsu

Pilotari guztiak «gogotsu» daude. Tartean, Laso: «Oso gogotsu nago. Uda gogorra izan dut, baina gorputzak eutsi egin dio, eta oso ondo nago. Pausoz pauso joan nahi dut, eta final-zortzirenetan Jakari irabaztea eta final-laurdenetarako sailkatzea da lehen helburua. Partida oso zaila da, eta bete-betean aritu beharko dut irabazi nahi badut, Jaka aurkari indartsua baita. Udan B Serieko Mastersa jokatu du, eta oso ondo aritu da: gutxigatik ez du irabazi txapela. Jonekin [Mariezkurrenarekin], berriz, sanmateoetako txapeldun izan zen».

«Uztailean sufritu nuen gehien. Abuztuaren 11z geroztik, ordea, oso ondo nabil. Sasoiko nago, eta eskuak ondo ditut»

JOKIN ALTUNA Aspeko pilotaria

Uda ederra osatu du Lasok, bost txapel irabazi baititu. Altuna III.a, ordea, apalago aritu da. Hala ere, ez dio garrantzi handirik eman horri. «Emaitza hobeak lortu ditudanean ez diot garrantzi handirik eman; beraz, orain, emaitzak horren onak izan ez direnean ere, ez diot garrantzi handirik eman. Uztailean sufritu nuen gehien. Abuztuaren 11z geroztik, ordea, oso ondo nabil. Sasoiko nago, eta eskuak ondo ditut. Partida gutxiago izan ditudanean, lau eta erdikorako entrenatzeko aprobetxatu dut, ahalik eta ondoen iristeko. Gogotsu nago».

Dario, berriz, bi hilabetez egon da min hartuta udan, baina jada hilabete darama lehian, eta prest dago lau eta erdikoari ekiteko. «Ahalik eta azkarren egon nahi nuen frontoian, eta lortu nuen. Pozik nago, eta gogotsu. Ez da ondoen moldatzen naizen modalitatea, baina saiatuko naiz ahalik eta ondoen kantxaratzen. Final-laurdenetako ligaxkarako sailkatzea da helburua, eta horretan nagusiekin borrokatzea. Baina, lehenbizi, Senarri irabazi behar diot. Oso partida zaila izango da, oso aurkari gogorra baita».

ostiralean hasiko da b seriekoa ere

B Serieko lau eta erdikoa ere ostiralean hasiko da, Atarrabian (Nafarroa). Hamabi pilotari ariko dira: Baikotik, Agirre, Amiano, Bakaikoa, Eskiroz, Zubizarreta III.a eta Zubizarreta IV.a; eta, Aspetik, Alberdi II.a, Apezetxea II.a, Egiguren V.a, Murua, Rekalde eta Salaberria. Amiano, Rekalde, Murua eta Zubizarreta IV.a izango dira zerrendaburuak. Finala azaroaren 14an jokatuko dute, Irunen (Gipuzkoa).

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA