Euskal Herriko Itzulia. Auto barrutik. Bingen Fernandez

Lau gurpil gainean balantzaka

Garmin-Cerveloko kirol zuzendaria da Bingen Fernandez. Profesionaletan hamalau sasoi egin ostean, bigarren urtea du taldean. Hanka zuztarretako giharrak lasaituta, buru lanak nekatzen du orain.

Bingen Fernandez zuzendaria, Garmin-Cerveloko autoan, atzo, Zumarragako irteeran. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Zumarraga
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Umetatik bizitza bi gurpilen gainean zihoala ikasi zuen Bingen Fernandezek. Hanketan zegoen gasolina, eta bizikletako heldulekua zen bizitzako bolantea. Euskadi, Euskaltel-Euskadi eta Cofidis artean, hamalau denboraldi egin zituen profesionaletan. Pedalei eragiten nekatuta, taldeburuei ur bidoiak eramaten ari zen bitartean hasi zen gorpuzten etorkizuneko proiektua, orain bi urte. Matthew White, Jonathan Vaughters eta Lionel Marie daude Fernandezen egungo egoeraren atzean. «Lionel zen nire zuzendaria Cofidisen. Matthew White, berriz, taldekidea nuen Cofidisen, eta Jonathan lasterketatik ezagutzen nuen». Batekin eta bestearekin hizketan hasi, eta Garmineko kirol zuzendari izateko eskaintza jaso zuen. «Lionel etorri zen ea proiektuan parte hartu nahi nuen galdezka». Ez zen erantzun erraza izan. «Baina, azkenean, konbentzitu ninduen».

Bi gurpilen gainean erraz mantentzen zuen oreka, baina lau gurpilen gainean balantzaka hasi zen. «Aldaketa handia zen, eta gogoan daukat lehenengo egunean ez nekiela nola gidatu behar nuen ere». Luze-luzea da auto barruko lanen zerrenda. «Batzuetan pare bat esku gehiago beharko lirateke. Mapa, lasterketaren xehetasun guztiak azaltzen dituen liburuxka, itzuliko irratia, ur bidoiak…». Eta zuzendarien eta txirrindularien arteko irrati bidezko konexioa —«niretzat beharrezkoa da irratitxo hori, zuzendariari lasterketaren parte izateko aukera ematen diolako»—. Auto bakoitzean zuzendaria eta mekani- karia soilik joaten direla kontuan hartuta, lan txiki gehiegi gauza onerako.

Baina esperientziak emango dio lasaitasuna. Bitartean, ume txikien ilusio berberarekin ari da lanean bizkaitarra. AEBetako taldea izaki, ingelesa da Garmin-Cerveloren hizkuntza. «Aginduak ingelesez ematen ditugu normalean, eta bilerak ere ingelesez egiten ditugu». Baina egoten dira salbuespenak. «Aurten, Christophe Le Mevel frantziarra etorri da taldera, adibidez, eta ingelesez kosta egiten zaionez, frantsesez errepikatzen dizkiogu agindu zehatz batzuk». Lau hizkuntza dakizki ondo Fernandezek: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Emaztearen ama amerikarra da. «Baina etxean euskaraz egiten dugu, eta hortik aurrerapen gutxi izango dut», dio barrez. «Ingelesa hobetu beharra daukat».

Profesional garaiak ahaztuta, buru lanak nekatzen du orain Garmin-Cerveloko kirol zuzendaria. «Koordinazio lanak». Hori bai, lasterketetako buruhausteek baino gehiago erotzen omen dute etxeko lanek. «Txirrindulari bakoitza zein itzulitara bidali erabakitzeak, bakoitzaren sasoia aztertzeak... denbora asko kentzen dute kontu horiek».

Tropelean jarraitzen duten txirrindulari askoren adin tarte berekoa da Fernandez. Aginduak ematean errespetu aldetik arazorik izan ote du txirrindulariren batekin? «Ez, ez. Cofidisetik iritsi nintzen Garminera, beste talde batetik etorri nintzen, eta horrek lagundu egin zidan mugak ipintzen». Mugak aipatuta, kirol zuzendari bat izan daiteke txirrindulariaren laguna? «Distantzia gorde behar da. Neurri batean, konfiantza handia eduki daiteke. Baina ezin zara lagun handia izan, momentu batzuetan tentsioa egoten delako lasterketetan edo bileretan, eta erabakiak hartzeko garaian kaltegarria izan daitekeelako. Oreka hori aurkitzea da zailena».

Polonian, galduta

Bizkaitarra dagoeneko hasi da bitxikerien zakua betetzen. «Iazko Poloniako Tourrean lasterketa hasierara joateko bide ofiziala itxita zegoen, lanengatik. Buelta handia eman behar zen, eta galduta ibili ginen». Azkenean, antolatzaileei deitu behar izan zieten, eta hamabost minutu atzeratu zuten irteera. «Kasualitatez, 13 zenbakia zeukan autoak, eta, berandu bazen ere, iristen ari ginela, trenbideko barrerak itxi egin ziren». Mekanikaria bere onetik atera omen zen. Baina bizkaitarrak umore ukitua eman nahi izan zion egoerari. «Lasai egoteko esan nion; 13 zenbakia geneukala, halakoren batean helduko ginela eta ondoren etapa irabaziko genuela». Eta hala izan zen. «Dani Martinekin irabazi genuen etapa, eta ondoren baita itzulia bera ere».

Kirol zuzendariak lasterketetara hegazkinez joaten dira, baina taldeko Skoda markako auto bakoitzak urtean 50.000 kilometro inguru egiten dituela argitu du Fernandezek. Kilometro asko dira, eta, zatiketa eginda, etxetik kanpo egun asko. «Lehen baino gehiago. Gogorra da. Orain, gainera, hiru zuzendari bakarrik gaude taldean, eta World Tourreko probetara bik joan beharra daukate. Lan gehiago edukiko dugu aurten, baina esperientzia berria da niretzat, eta momentuz ez naiz aspertzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.