Laugarren txapela ere nahi du

Itxakok Txapeldunen Ligako finala jokatuko du lehendabiziko aldiz, Larvik Norvegiako taldearen kontra

Itxakoko jokalari eta entrenatzaileak, herenegun, Gyorko pabiloian, Txapeldunen Ligako finalerako sailkapena ospatzen. SONIA SALSAMENDI.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Itxako denboraldi honetan egiten ari dena azaltzeko hitz egokiak aurkitzea gero eta zailagoa da. Sekulakoa baita. Bikaina. Historikoa. Igandean egin zuen orain arteko azkeneko urratsa Lizarrako taldeak: Txapeldunen Ligako finalerako sailkatu zen Ambros Martinek zuzendutako taldea, Gyori kanporatu eta gero. Hungarian jokatu zuten nafarrek finalerdietako itzulikoa. Bost goleko aldea zuten poltsikoan, eta, ondorioz, aurkariaren pistan lortutako 24nako berdinketa nahikoa izan zuten finalerako sailkatzeko. Finalean, Larvik Norvegiako taldea izanen dute aurkari nafarrek. Gaur bertan eginen dute maiatzean jokatuko diren partiden ordena erabakitzeko zozketa.

Gyoriren kontrako Hungariako partidaren beldur zen Itxakoko entrenatzailea, baina taldeak bere aurpegirik onena erakutsi zuen aurkariaren pistan. Partida irabaztera atera ziren lehen unetik Ambrosen jokalariak. Hori zen Itxakok Gyoriri aurre egiteko behar zuen jarrera, eta emaitzak ezin hobeak izan ziren. Norgehiagoka ezin izan zuen irabazi Lizarrako taldeak, baina berdinketak garaipenaren zaporea zuen, Itxako lehendabiziko aldiz Txapeldunen Ligako finalera sailkatzeko balio baitzuen.

Jokalarien eta taldeko gainontzeko kideen artean pozak eztanda egin zuen partida amaitu eta gero. Ez da erraza izan Txapeldunen Ligan Itxakok egin duen bidea. Lehen mailako aurkariak izan ditu aurrean. Baina aurrera egiteko gai izan da, eta, igandean, Gyori kanporatu eta gero, lortutakoaz gozatzeko ordua zen. Emozioari ezin eutsi ziren jokalariak pistan, elkarri besarkatzen.

Denek azpimarratu zuten merezitako saria dela Txapeldunen Ligako finalean aritzeko aukeraItxakorentzat. Egindako lan onari esker ailegatu dela Lizarrako taldea ailegatu den tokira alegia. «Sekulako lana egin dugu. Finalerako sailkatu gara, eta finalera ere irabaztera joanen gara, zalantzarik gabe», azpimarratu zuen Patri Pinedok. Andrea Barno kapitainari zail egin zitzaion sentitzen zuena azaltzeko hitzak aurkitzea. «Zoragarria da hau, ez dut hitzik aurkitzen sentitzen dudana azaltzeko. Denok bikain egin dugu gure lana, eta lan horrek eraman gaitu finalera».

Macarena Aguilarri, berriz, kosta egiten zitzaion Itxako finalean dela sinestea, partida amaitu eta gero. «Hagitz kontent gaude, baina zaila da lortu dugun guztiaz jabetzea une honetan. Finalera ailegatuta, noski, irabazi nahi dugu, baina, batez ere, une honetaz gozatzeko aukera profitatu behar dugu».

Silvia Navarro atezainak taldeko kide guztien laguntza eskertu zuen Gyoriren aurkako partida bukatu eta gero. Jada Itxakon ez diren jokalariena ere bai. «Taldetik pasa diren guztiena ere bada gaur [igandean] lortu dugunaren zati bat. Denei eskertu nahi diet egindako lana».

«Hau da nahi nuena»

Emozioei eusten ohi die Itxakoko entrenatzaile Ambrosek, baina igandean inoiz baino hunkituago agertu zen epaileek partidaren amaiera adierazi zutenean. Irribarre handi batek hartu zion aurpegia, eta bere hitzen bidez, halaber, argi utzi zuen Itxako Txapeldunen Ligako finalerako sailkatu izana sekulakoa izan dela entrenatzailearentzat ere. «Hagitz kontent nago, nigatik, bai eta jokalari guztiengatik ere. Hau da nahi nuena, hau lortzeko egin dut lan».

Nahi zuena lortu du Ambrosek. Baina finalerako sailkatu eta gero, gehiago nahi duela aitortu zuen. «Azken koxka gelditzen zaigu. Finala irabazteko eginen dugu lan». Lortuz gero, denboraldiko laugarren txapela izanen litzateke Itxakorentzat, ABF liga, Espainiako Kopa eta Superkopa irabazi eta gero.

Entrenatzailearen emozio bera sumatzen zitzaion Itxakoko presidente Miguel Bujandari ere. «Sekulako partida egin dugu. Une bakar batean ere ez dut arriskuan ikusi kanporaketa gainditzeko aukera». Itxakok ez zuen huts egin. Bigarrenez ari da sasoi honetan Txapeldunen Ligan, eta finalean aritzeko txartela poltsikoan du jada. Sekulako marka da. Eta, zalantzarik gabe, urtetik urtera taldeak egin duen lanaren ondorio. Isileko lana izan da hori urte luzez, baina orain fruituak jasotzeko ordua da.

Argi dago Itxakok finala irabazteko jokatuko duela. Baina, galtzen badu ere, Lizarrako taldeak lortu duenari merezi duen garrantzia aitortu behar zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.