SASKIBALOIA

Laugarrena, zaila, baina ez ezinezkoa

Tauk Estudiantes izango du kontrario Espainiako Kopan; ACB Ligako lehen itzulia partida bakarra galduta bukatu du, lider

Jon Rejado.
GASTEIZ
2003ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Aurtengo denboraldiko Kopan parte hartuko duten taldeak zehaztuta, kanporaketak nola izango diren jakinarazi zen atzo. Txapelketa hartuko duen hirian, Sevillan, egindako zozketan bide zaila egokitu zitzaion Tau Baskoniari bere historiako laugarren Kopa lortzeko. Estudiantes utzi beharko du bide bazterrean, Caja San Fernando etxeko taldea edo Pamesa Valentzia gero, eta, ezustekorik ez egotekotan, Bartzelona bera finalean.

Ezustekoak bermatzen dituen txapelketa bat izan arren, Tau Baskoniak ez du inongo lasaitasunik erakusteko aukerarik izango. Hala nola, txapelketari hasiera emateko Kopan historikoa den norgehiagoka bateko protagonista izango da, Estudiantesekin batera. Hainbatetan neurtu dituzte indarrak, eta biek argi erakutsi dute beti Kopa gustoko dutela; iragan denboraldian lehen kanporaketan egin zuten topo , gasteiztarren aldeko emaitzarekin (74-81). Estudiantes gainduz gero, Caja San Fernando eta Pamesa Valentziaren arteko partidaren irabazlearekin neurtu ditu indarrak Tauk. Etxeko taldeak aurrera eginez gero, hasiera batean Pamesa baino ahulagoa izan arren, pabiloia alde izateak laguntza handia eman diezaioke. Pamesak irabaziz gero, ordea, are partida zailagoa egokituko zaio. Iragan denboraldiko Kopan Baskoniak Paco Olmosen taldea hartu zuen menpean Valentziako zaleen aurrean, eta hori ez dute ahaztu.Taularen beste adarrean, nola ez, talde indartsuak bildu dira ere. Hala nola, Ricoh Manresa DKV Joventutekin ariko da, eta Bartzelona Real Madrilekin. Lehen partidan Manresa da aurrera jarraitzeko aukera gehien duena, batez ere Ligan zehar erakutsi duen seriotasuna mantenduz gero. Pesicek eta Julio Lamasek entrenatzen dituzten talderen arteko partida kataluniarren alde egin beharko luke, baina Kopan ezer aurreratzea ezinezkoa da.

Neguko txapeldun

Gasteizen Espainiako Kopa ilusioz gainezka hartzen dela esan beharrik ez dago, batez ere TaukACB Ligako lehen itzulian erakutsi duen maila dela eta. Dusko Ivanovicek entrenatzen dituen jokalariak Neguko txapeldunak bilakatu dira, eta ez nolanahiko marka eginez gainera. Partida bakarra galdu dute arabarrek, Bartzelonaren kontra, gutxitan ikusten den nagusitasuna erakutsiz lesioekin hamaika arazo izan arren.

Dena den, alde ilunik egon da ere Gasteizko taldean. Erasoan erraztasun paregabea izan arren, defentsan puntu asko hartu ditu Tauk denboraldi hasieran. Horretaz gain, une askotan errebotea eskuratzeko arazoak agerian gelditu dira, saskiraketa ikusgarriekin estali arren. Azken jardunaldietan, ordea, alor horreta hobekuntza izugarria erakusten du Tauk. Pamesaren kontra oso ondo moldatu zen defentsa, eta, igandean bertan, Capabro Lleidaren partida defentsan irabazi zuten, Ivanovicek berak onartu bezala (60-66).Bestalde, Sevillan orain dela hamar urte egindako Kopa aski gogoratua da oraindik Gasteizen. Bartzelonaren kontra galdu zuen arren finalean, Marcelo Nicola izan zen txapelketako argazkiaren protagonista. Argentinarrak kantxa esku-ohean utzi behar izan zuen, saskia txikitu ondoren lurrera buruz-behera erori baitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.