Arrauna

Lehen urratsa Hibaikak eta San Pedrok egin dute

Hibaikak irabazi du lehen estropada, eta kanporaketa bideratuta utzi du. San Pedrok, ustekabea eman, eta erlojupeko azkarrena egin du. Santurtzi azkena izan da.

Hibaika, ahalegin betean, atzo jokatutako estropadan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
pettan uralde
2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Emakumeen erlojupekoak eman zion hasiera kanporaketen asteburuari. Hiru ontzi besterik ez, baina maila antzekoan espero ziren, eta hala izan zen. Itsasoan izanik, Bermeoko estropada jotzen zuten talde gehienek asteburuko estropadarik garrantzitsuentzat. Baina Bermeoko urek ez dute protagonismo hori eraman. Ura bare-bare egon zen, eta haizeak ez zuen gehiegi gogaitu. Arraunean egiteko eremu erosoa.

Egoera horretan, Euskotren ligako seigarren sailkatua hasi zen, Hibaika. Helegitea jarri zuen kanporaketak jokatzearekin ez zegoelako ados, baina ostegunean ezezkoa jaso, eta amorrua arraunean erakutsi behar izan zuten. Ondoren, Kaiku atera zen, ETE ligako garailea, eta azkenik, Zumaia. Oso lehiatua izan zen estropada, baina azkarrena Hibaka izan zen. Helmuga 10.51n egin zuen, eta hurrengoak Kaiku eta Zumaia izan ziren, hurrenez hurren, bi eta hiru segundora. Hiru ontziak lau segundo eskasean daude, eta Kontxako Banderan erakutsi zuten mailan aritu dira berriro. Hibaikak pausoa eman du, baina ezin da fidatu. Gaur (ETB1 11:25) erabakiko da, Portugaleteko uretan.

Gizonetan ere sekulako berdintasuna ikusi zen, itsasoaren egoeraren mesedetan. Baina berdintasun horretan, eta denen ezusterako, Santurtzik egin zuen erlojupekoko probarik motelena. Eusko Label ligako traineruak, besteen aldean, faboritismo puntu argi bat zuen, baina ez zuen hori erakusten jakin. Historiaren beste aldean, San Pedro. Asier Carballedak zuzentzen duen taldeak, estropada izugarria egin zuen, eta bost traineruetako azkarrena izan zen, 20.12ko denbora eginda. Bigarren Bueu izan zen, bi segundora, hirugarren Ares laura, laugarren Lapurdi zazpira, eta azkena Santurtzi zortzira.

Egundoko kolpea jaso zuen Santurtzik, eta zaila izango du egoerari buelta ematea gaurkoestropadan (ETB1 12.00). Bestetik, San Pedrok aukera ona izango du igoera lortzeko. Izan ere, ibaiko eremuetan oso ondo aritzen den taldea da, eta erlojupekoan atzo emandako maila erakutsi du denboraldi osoan zehar. Beste hiru ontziek ere badituzte aukerak, eta fokuetatik kanpo ustekabea ematen saiatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.