Arrauna

Lehen urratsa Hibaikak eta San Pedrok egin dute

Hibaikak eta San Pedrok bi segundoko aldea atea dute Bermeon

Hibaika, rmeon jokatutako erljupekoan. OSKAR MATXIN EDESA
pettan uralde
2023ko irailaren 16a
18:47
Entzun

Emakumeen erlojupekoak eman dio hasiera kanporaketen asteburuari. Hiru ontzi besterik ez, baina maila antzekoan espero ziren eta hala izan da. Itsasoan izanik, Bermeoko estropada jotzen zuten talde gehienek asteburuko estropada garrantzitsuen bezala. Baina Bermeoko urek ez dute protagonismo hori eraman. Ura bare-bare egon da, eta haizeak ez du gehiegi gogaitu. Arraunean egiteko eremu erosoa.

Egoera horretan, Euskotren ligako seigarren sailkatua hasi da lehen. Hibaikak elegitea jarri zuen, kanporaketa hauek jokatzearekin ez zeudelako ados, baina ostegunean ezezkoa jaso, eta amorrua arraunean islatu behar izan dute. Hasieratik erritmo altuan aritu dira, eta arraunkera sendoa erakutsi dute IƱaki Mendizabalek zuzentzen dituen arraunlariak. Ondoren, Kaiku atera da. ETE ligako garaileak, denboraldian erakutsitako joerari jarraipena eman nahi izan dio, eta bere maila eman dute. Azkenik Zumaia. Telmo Deunak, Kontxako Banderan bizitako momentu gozoari segida emateko intentzioarekin heldu da Bermeora.

Lehen luze indartsua egin, eta ziabogan, Hibaikak 5.27ko denbora ezarri du. Jarraian Kaiku iritsi da, eta denbora berbera errepikatu du. Begiradak Zumaiko traineruan zeuden, denbora parekotasun horretara batuko ote zen jakiteko. Baina Telmo Deunak segundo bat gehiago behar izan du.

Bigarren luzea, eta dena erabakitzeko. Hibaikak ez du zalantza egin, eta segituan ireki du tartea aurkariekin. Segundo bat Kaikuren aldean, eta bi Zumaiarekin. Helmuga 10.51an egin du Hibaikak. Kaikuk estutu egin du azken txanpan baina ez du errenteriako taldearen denbora hobetu, eta bi segundo pasatxora heldu da. Zumaia denbora hobetzear zegoen, eta hustu egin dira hirugarren postua saihesteko. Baina ez dute lortu eta 10.55era iritsi da traineru gorria. Hiru ontziak lau segundo eskasean daude, eta Kontxako Banderan erakutsi duten maila errepikatu dute. Hibaikak pausoa eman du, baina ezin dira fidatu.

Ustekabea Santurtzik

Gizonetan sekulako berdintasuna ikusi da, itsasoaren egoeraren mesedeetan. Baina berdintasun horretan, eta denen ezusterako, Santurtzik egin du erlojupekoko proba motelena. Eusko Label ligako traineruak, besteen aldean, faboritismo puntu argi bat zuen, baina ez du hori erakusten jakin. Historiaren beste aldean, Sanpedrotarra. Asier Carballedak zuzentzen duen taldeak, estropada izugarria egin du, eta bost traineruetako azkarrena izan da.

Estropada hasi orduko, erreferentzien arteko gerra izango zela argi geratu da. lehenik, Galiziako bi ontziak atera dira: Ares eta Bueu. Ondoren Lapurdi, Santurtzi eta San Pedro. Lehen balizan, ia denbora berdinak kalkatu dituzte, baina aurrea Santurtzik zuen. Bigarrenerako, ordea, Sanpedrotarra gailendu da, Santurtziri lau segundo aterata. Lan erdiak pasata, hegan egiten hasi da Libia, eta denborak hobetuz joan da. hala ere, beste lau ontziak segundo erdian zeuden. Hirugarren ziabogan, 15.07ko denbora egin du ontzi moreak, eta Sotera zazpi segundora jarri du. Ordurako, Santurtzi ez zen ezta bigarren ontzia ere, eta sailkapenean ondoratzen joan da. Azkenean, San Pedrok eraman ditu bost puntuak. Bigarren Bueu izan da, bi segundora, hirugarren Ares laura, laugarren Lapurdi zazpira, eta azkena Santurtzi zortzira.

Egundoko kolpea jaso du Santurtzik, eta zaila izango du egoerari buelta ematea biharko estropadan. Bestetik, Sanpedrotarrak aukera ona izango du lidertza mantentzeko. Izan ere, ibaiko eremuetan oso ondo aritzen den taldea da, eta erlojupekoan gaur emandako maila erakutsi du denboraldi osoan zehar. Beste hiru ontziek ere badituzte aukerak, eta fokuetatik kanpo ustekabea ematen saiatuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.