Lehenengo irabazlea izan nahi du

Iberiar Superkopa jokatuko du gaur eta bihar Bera Berak. Gaur, finalerdietan, Benficaren aurka neurtuko dituzte indarrak donostiarrek

Lyndie Tchaptchet Bera Berako jokalaria jaurtiketa bat egiten Granollersen aurkako partidan. BERA BERA.
ainara arratibel gascon
2023ko irailaren 08a
00:00
Entzun
Super Amara Bera Bera talde irabazlea eta oso lehiakorra da. Denboraldiak hasten diren aldiro, beti jartzen du erronka gisa jokatzen dituen titulu guztiak lehiatzea. Aurten, ez da salbuespena izan. Lau garaikur eskuratzeko aukera izan dezake Donostiako taldeak. Lehena, asteburu honetan. Eta ez du aukera hori galdu nahi.

Imanol Alvarezek zuzentzen du taldea, eta gaur eta bihar jokatuko du Iberiar Superkopa, Benficarekin, Malagarekin eta Madeirarekin batera. Pizgarri asko dituen txapelketa da. Batetik, etxekoen babesean egingo du, Gaska kiroldegian jokatuko baita. Bestetik, irabaziz gero, lehen txapelduna izango da, estreinakoz jokatzen baita Iberiar Superkopa. Taldea «gogotsu eta ilusioz» dago, Imanol Alvarez teknikariak eta Maitane Etxeberria eta Elke Karsten jokalariek nabarmendu dutenez.

Garaikurra eskuratzeko bidean Bera Berak izango duen lehen oztopoa Benfica izango da (20:00,ETB4). Espainiako liga Portugalgoa baino indartsuagoa izan arren, ez da nolanahiko aurkaria, Portugalgo talderik indartsuena baita Benfica. Bederatzi aldiz irabazi du liga, eta zortzi bider Kopa. Aurreko sasoian bietan gailendu zen.

Alvarezek honela aztertu du haien jokoa: «Gu baino mantsoago jokatzen duen taldea da, eta horrek mesede egin diezaguke defentsako lanean». Baina segidan azpimarratu ditu Portugalgo taldearen indarguneak: «Jokalari oso garaiak dituen taldea da, fisikoki indartsua eta urrutitik jaurtitzaile onak dituena. Oso adi egon beharko dugu defentsako lanean. Ezin diegu leku batzuetatik eroso jaurtitzen utzi; bestela, oso arriskutsuak dira, eta estu har gaitzakete».

Bera Berak aurreko asteburuan ekin zion denboraldiari, Gaskan bertan. Donostiarrek 37-27 hartu zuten mendean Granollers. Nahiz eta lehen zatiaren azken minutuetan Herrialde Katalanetako taldea aurretik jarri zen, kontrolpean izan zuten neurketa. Mariane Fernandes izan zen partidako jokalaririk onena. Bederatzi gol sartu zituen brasildarrak. Zaleek, gainera, denboraldi honetarako donostiarrek egindako bi fitxaketak ikusteko aukera izan zuten: Carmen Arroyo eta Lyndie Tchaptchet. «Denboraldi hasieran beti dago urduritasun puntu bat. Baina larunbatean jada kendu genuen urduritasuna», ziurtatu du Etxeberriak.

Antzera mintzatu da Karsten: «Taldea oso ondo dago, eta gogo handiz txapelketa honetan lehiatzeko. Gogor aritu behar dugu defentsan, horrek korrika egiteko modua emango digu. Komeni zaigun erritmoa jarri behar diogu norgehiagokari. Hala eginez gero, aukera handiak izango ditugu irabazteko». Larunbatean, Karstenek ez zuen denbora asko jokatu. Izan ere, denboraldiaurrean min hartu zuen lepauztaian. Halere, argentinarra dagoeneko osatu da.

Duela bi denboraldi Espainiako Kopa jokatu zuen Donostian Bera Berak. Faborito zen irabazteko, baina finalerdietan Guardesek kanporatu zuen. Etxean jokatzeagatik presioa duten galdetuta, ezetz erantzun du Etxeberriak. «Etxean jokatzea pizgarria da beti. Presioa baino gehiago, ilusioa daukagu zaleei beste titulu bat emateko».

Malaga edo Madeira

Donostiarren partida baino lehen jokatuko da beste finalerdia. Bertan, Malagak eta Madeirak neurtuko dituzte indarrak (18:00). Finalerako sailkatuz gero, Karstenek eta Etxeberriak argi dute noren aurka jokatu nahi duten finala: Malagaren aurka. «Talde gogorra eta zaila da, baina haren aurkako partidak beti dira politak jokatzeko eta ikusteko. Ederra izango zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.