Emakumezkoetan Arraun Lagunak-ek eta gizonezkoetan Oriok, biek ala biek iazko urtea amaitu bezala abiatu dute aurtengoa. Marka guztiak hautsita, liga eta Kontxako Bandera ongi merezita irabazi zituzten iaz Lugañene eta San Nikolas ontziek. Bada, lehengo lepotik dute burua. Gipuzkoako Traineru Txapelketa irabazi zuten biek joan den astean, eta garaikurren zerrenda horri Euskadiko Txapelketakoa gehitu zioten atzo, Getarian (Gipuzkoa). Arraun Lagunak-ek nagusitasunez irabazi zuen, hamar segundoren aldea atera baitzion Tolosaldeari, bigarren sailkatuari. Donostiarrek historian laugarrenez eskuratu zuten titulua. Oriok, berriz, zortzigarrenez poltsikoratu zuen, Donostiarrari hiru segundoren aldea aterata.
Eguraldia lagun izan arren, itsaso mugitua topatu zuten arraunlariek, eta estropada irabaztea kosta egin zitzaiela kontatu du Martxel Aldai Orioko arraunlariak (Aia, Gipuzkoa, 1997). «Ez genituen baldintzarik onenak izan, baina, sufrituta ere, eustea lortu genuen. Lehen luzean ez ginen nahi bezala aritu, baina bigarrenean bai. Ziabogatik bueltan, lan ona egin genuen, eta hor lortutako aldea erabakigarria izan zen bukaeran». Hain zuzen, txanda berean jardun zuten Oriok eta Donostiarrak, eta garaipena nahiko eskura izan zuten oriotarrek. «Gorka Aranberri patroiak adierazten zigun lasai egoteko, baina guk ikusten genuen Donostiarra gainean genuela. Ez ginen asko fidatzen. Azkenean, hiru segundoren aldea lortu genuen, eta oso pozik gaude irabazi genuelako; harro. Beti da ona irabaziz hastea».
«Bi titulu ofizialak guk irabazi ditugu, eta badakigu gure gain hartu beharko dugula faboritoaren zama»
MANEX ALDAI Orioko arraunlaria
Irabaztera ohituta dagoen bestea Arraun Lagunak da. Gizonezkoetan ez bezala, emakumezkoetan txanda ezberdinetan aritu ziren lehen bi sailkatuak. Tolosaldea nagusitu zen lehen txandan, eta denbora hori aintzat hartuta arraun egiteak mesede egin zien, Aiora Belartieta Arraun Lagunak-eko arraunlariak esan duenez (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 2002). «Itsasoa zakar zegoen, eta ez ginen eroso ibili, baina bagenekien Tolosaldeak zer denbora egina zuen, eta ongi kudeatu genuen gure lana. Bigarren luzean serio egin genuen lan, eta aski izan zitzaigun garaipena lortzeko». Bandera eskuratu izana garrantzitsua dela aitortu du Belartietak. «Oraindik urrun dugu gure mailarik onena, baina titulu honek konfiantza emango digu Euskotren ligari begira. Negua gogorra izan da, luzea, baina lanaren fruituak hain azkar jasotzen hasteak motibazioa pizten du arraunlarion artean».
Lehenaz gain, Eusko Label Ligan are faboritoagoa izango da Orio. «Orain arte jokoan izandako bi titulu ofizialak guk irabazi ditugu, eta badakigu gure gain hartu beharko dugula faboritoaren zama». Halere, oriotarrek gainean izan dute Donostiarra bi asteburutan. Gipuzkoakoan, esaterako, segundo erdi baten aldea besterik ez zen egon bi traineruren artean. Aldairen ustez, «presioa ongi kudeatzen asmatzea» izan daiteke gakoetako bat. «Ataka zailak bizi beharko ditugu denboraldi honetan. Nahi gabe ere, irabazi behar hori barruan sartuta daukagu, horrek presioa sortzen digu, eta ikusi beharko da estropada zailetan nola moldatzen garen. Itsasoko baldintzek laguntzen ez digutenean, edota atzetik gabiltzan egun batean, gai izan beharko dugu hondoa ez jotzeko. Buruz ongi prestatuta gaude».

Iazko egitura bera
Presio kontuei buruz zerbait badakite Arraun Lagunak-ekoek ere. «Gizonezkoetan Oriori gertatzen zaion bezala, baliteke presioak eragitea guri ere. Azkenean, geure buruari jartzen diogun zerbait da, baina aurrez lantzeko modukoa. Ematen du derrigortuak gaudela irabaztera, denbora onak eginda gainera, eta ez da ahaztu behar gu ere pertsonak garela. Tolosaldea, San Juan eta abar aurkari gogorrak izango dira. Guretzat berebiziko garrantzia izango du buruan pentsamendu onak ditugula lehiatzeak».
«Ematen du derrigortuak gaudela irabaztera, denbora onak eginda,
AIORA BELARTIETA Arraun Lagunak taldeko arraunlaria
eta ez da ahaztu behar gu ere pertsonak garela»
Bi taldeek iazko egiturari eutsiko diote. «Bizpahiru fitxaketa egin ditu taldeak, baina multzoaren muina ez da batere aldatuko. Helburua izango da jokoan daukagun guztia irabaztea, betiere umiltasuna abiapuntu hartuta», dio Aldaik. Arraun Lagunak-ek ere ez du aldaketa handirik izango. «Patroi lanetan Nagore Osoro ariko da lehen aldiz, baina gainerakoan egiturari eutsiko diogu. Ahalik eta estropada gehien irabaztea izango da gure helburua».