Orio eta Arraun Lagunak nagusi Euskadiko Traineru Txapelketan

Faboritoek ez dute hutsik egin Getarian. Oriok hiru segundo atera dizkio Donostiarra bigarren sailkatuari, eta Arraun Lagunak-ek hamar Tolosaldeari.

Orioko arraunlariak garaipena ospatzen, gaur, Getarian. FOKU
Orioko arraunlariak garaipena ospatzen, gaur, Getarian. FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko ekainaren 7a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iaz ohiko bilakatu zen irudia sarritan errepikatuko dela dirudi: Orioko eta Arraun Lagunak-eko patroiek aurten ere bandera mordoxka astinduko dituzten itxura du. Faboritoak izan dira nagusi gaur Getarian (Gipuzkoa) jokatu den Euskadiko Traineru Txapelketan, eta oriotarrek zein donostiarrek indartsu daudela erakutsi dute aurredenboraldiko proba garrantzitsuenetako batean. Eguraldia lagun izan dute arraunlariek, baina, denborek erakutsi duten moduan, itsasoa mugitua zegoen, eta izan da palka jarri duen traineru bat edo beste.

Gizonezkoak lehiatu dira lehenik, eta lehen txanda ikusgarria izan da, emozioz betea. Aurreneko luzetik aurrea hartu du Hondarribiak; lehen ziabogan segundo bat atera dio Zierbenari, baina handik ateratzerako hiruzpalaukoa zen tartea. Bizkaitarrek, ordea, eutsi egin diote tarte horri, eta bigarren eta hirugarren ziabogetan ere berbera zen errenta. Atzetik, Getaria 11 segundora ere ibili da.

Etxeko taldearen azken luzea, baina, sekulakoa izan da. Azken ziabogan Hondarribiak bederatzi segundoko errenta zuen Getariarekiko, baina olatuak baliatuta, Esperantzak atzetik aurrerakoa egin eta majo estutu du Ama Guadalupekoa. Azken txanpan, Joseba Amunarriz Hondarribiako patroiak gakoa izan den olatu txiki bat hartu du, eta berdeek horri esker eutsi diote lehen postuari. 1.31 segundora amaitu ditu lanak Getariak, eta 2.01era Zierbenak. Santurtzik ia 40 segundo gehiago behar izan ditu.

Bigarren txandan, berriz, nor baino nor aritu dira Orio eta Donostiarra. Hasierako txanpatik atzean utzi dituzte Bermeo eta Lekittarra, eta lehen ziabogarako zortzi eta hamahiru segundo atera dizkie haiei Oriok, hurrenez hurren.

San Nikolasek erakutsi du zergatik zen gaurko faborito nagusia: Donostiarra ere atzean utzi du bigarren luzean, eta bi trainerutik gorakoa zen errenta lan erdietarako. Lehen txandakoekiko konparaketa are esanguratsoagoa zen: bigarren ziabogara Hondarribia baino hamalau segundo bizkorrago heldu da Orio.

Dena den, Donostiarrak ez du amore eman. Hirugarren luzean segundo bat edo beste jan dio Oriori, eta laugarrenean are gehiago. Azken txanpan, olatuak baliatuta, hiru segundo eskasean utzi dute tartea donostiarrek, eta, irabazi ez, baina mezua bidali diote Oriori: aurten ere ez diote ezer oparituko. 27 segundora heldu da Bermeo, eta 40ra Lekittarra.

GIZONEZKOEN SAILKAPENA

  1. Orio 20:44.24

     

  2. Donostiarra 20:47.63

  3. Hondarribia 21:04.45

  4. Getaria 21:05.76

  5. Zierbena 21:06.46

  6. Bermeo 21:12.00

  7. Lekittarra 21:25.00

  8. Santurtzi 21:44.24

Emakumezkoen lehen txandan nagusi izan da Euskotren Ligako talde bakarra, Tolosaldea, joaneko luze on bat baliatuta. Lanean bi minutu zeramatzatenerako sei segundo ateratzen zizkion Hondarribiari, hamar Lekittarrari eta 11 Ondarroari. Ziabogan bederatzi segundokoa zen Hondarribiarekiko tartea.  

Dena den, bigarren luzean tarte hori ez handitzea lortu du Ama Guadalupekoak, are, segundotxo bat murriztea ere lortu du. Iaz maila galdu ostean, aurten ez dira lehen mailan arituko, baina gaur erakutsi dute gorenera itzultzeko asmoa dutela. Ondarroa 43 segundora helmugaratu da, eta Lekittarra 54ra. 

Arraun Lagunak-en trainerua, gaur, Getarian. FOKU
Arraun Lagunak-en trainerua, gaur, Getarian. FOKU

Aurkariak bigarren txandan zituen Tolosaldeak. Aurkariak, edo aurkaria. Lanean hasi bezain pronto zabaldu du txandakideekiko tartea Arraun Lagunak-ek. Ziabogan 11 segundo atera dizkio San Juani, hemezortzi Kaikuri eta 24 Deusturi. Txanden konparaketa eginda, Tolosaldeak baino lau segundo azkarrago egin ditu lanen erdiak Donostiako traineruak.

Bigarren luzean sendo aritu dira Arraun Lagunak-eko neskak, Tolosaldearekiko tartea areagotu dute, eta nagusitasunez irabazi dute Euskadiko Txapelketa, historian laugarrenez. Aurten ere, aurkariek gogotik egin beharko dute lan donostiarrei gauzak zail jartzeko.

EMAKUMEZKOEN SAILKAPENA

  1. Arraun Lagunak 11:21.81

  2. Tolosaldea 11:31.11

  3. San Juan 11:36.62

  4. Hondarribia 11:39.32

  5. Kaiku 12:07.75

  6. Ondarroa 12:14.89

  7. Deustu 12:15.56

  8. Lekittarra 12:25.51

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE