TXIRRINDULARITZA. EUSKAL HERRIKO ITZULIA

Lehia itzalpean gelditu da Itzulian, eroriko larri baten ondorioz

Oletan behera gertatu da ezbeharra, bihurgune batean, eta Vingegaard, Evenepoel eta Roglic erretiratu egin dira. Hala, Skjelmose jarri da lider. Antolakuntzak ezerezean utzi ditu denborak, baina etapa jokatzen utzi die iheslariei; Meintjesek irabazi du.

Txirrindulariak lurrean, min hartuta, erorikoa izan den tokian.
Txirrindulariak lurrean, min hartuta, erorikoa izan den tokian.
enaut agirrebengoa
2024ko apirilaren 4a
18:25
Entzun

Itzuliaren historia luzeko pasarte beltzenetako bat bizi izan da gaur. Dozena bat lagun joan dira lurrera Oletako jaitsieran (Araba), eta eroriko larria izan da. Erietxera eraman behar izan dituzte erori direnetako zenbait. Jonas Vingegaard (Visma) izan da horietako bat. Lepauztaia eta zenbait saihets apurtu ditu. Beste bi faborito handiek, Primoz Roglicek (Bora) eta Remco Evenepoelek (Soudal) ere ezin izan diote orekari eutsi. Zanga batean sartuta gelditu da Itzuliko liderra. Pixkanaka, bere onera bueltatu da. Evenepoel bere kabuz jarri da zutik, baina eskuin besoa luzatu ezinda. Vingegaard, berriz, ez zen mugitzeko gai, eta ohatilan igo dute anbulantziara, lepokoa jarrita eta oxigenoarekin. Aurreko egunetan ere izan dira erorikoak, baina gaurkoa larriagoa izan da.  

Anbulantzia guztien beharra izan da kaltetutakoak erietxera eramateko. Baldintza horietan ezin zen lasterketarekin jarraitu. Untzilla eta Gatzagako igoerak gelditzen ziren oraindik, eta ziurgabetasuna handia zen. Sei iheslari tropelaren aurretik zihoazen; gelditzeko esan diete hasieran. Tropelean ere hanka lurrean jarri dute. Antolakuntzak, dena den, ez du bertan behera utzi etapa. Horren ordez, neutralizatu egin du sailkapen nagusiari begira. Ez dituzte denborak kontuan hartu. Tropelak lasai egin du helmugara artekoa. Iheslariei, berriz, garaipena jokatzeko aukera eman diete azken hogei kilometroetan.

Etapa batzuek soilik jokatzearen erabakia harrigarria izan da, eta txirrindularitza munduko hainbat pertsona erabakiaren aurka azaldu dira. Lasterketan bertan batzuk, sare sozialetan besteak. Baina denak bat datoz: Edo denak, edo inor ez. Antolakuntzak, ordea, bere erabakia hartu du, eta, gainera, podiumeko protokoloa ohi bezala egin.

Etapa lasai zihoan. Betiko borroka izan da ihesaldia osatzeko, eta gero, haize babesek tentsioa sortu dute tropelean. Lehiari dagozkion gorabeherak. Amaierako kilometroetan Oleta, Untzilla eta Gatzaga igo behar zituzten, eta faboritoak borrokarako prest zeuden. Bada, istripua gertatu da Oleta jaisten ari zirela, bihurgune batean, helmugatik 35 kilometrora. Seinalea bazegoen, ziklistak adi ibil zitezen, eta Mikel Landak (Soudal) aparteko arazorik gabe hartu du, lehen postuan. Haren atzetik, baina, hankaz gora joan dira dozena bat lagun. Inguru hori ondo ezagutzen duten zenbait ziklistak esan dutenez, goraguneak daude errepide horretan, asfaltoaren azpian dauden zuhaitz sustraiengatik, eta tinko eutsi behar zaio heldulekuari. 

Zorigaiztoko eroriko horrek ondorio larriak izan ditu: txirrindulariek kolpe handia hartu dute, eta Itzulia irabazteko hiru faborito nagusiak jokoz kanpo geratu dira: Vingegaard, Evenepoel eta Roglic. Ezerezean gelditu zaie txapeldun izateko helburua. Haiek erretiroa hartuta, Mattias Skjelmose (Lidl) jarri da lider. Tourreko prestakuntza ere baldintzatuko die erorikoak, Vingegaardi batez ere. Hark hartu du kolperik txarrena. Behintzat, konorterik ez du galdu. Azken bi Tourretan danimarkarra izan da nagusi, baina xede garrantzitsuagoa izango du orain: bere onera itzuli, eta lesioak ondo sendatzea.

Gatzagan ebatzi da etapa

Nafarroa atzean utzita, Arabako lurretan osatu da eguneko ihesaldia. Lehenik Louis Meintjesek (Intermarche), Reuben Thompsonek (Groupama) eta Mathieu Burgaudeauk (TotalEnergies) hartu dute aurrea, eta hortik gutxira Joseba Lopez (Caja Rural) gasteiztarra eta Mikel Retegi (Kern Pharma) iruindarra batu zaizkie. Karel Vacek (Burgos) ere iritsi da lasterketa burura. Sei ziklista horien artean jokatu dute garaipena, Oletako triskantzaren ondoren.

Azken hogei kilometroetan berrekin diote lehiari. Gatzagako igoera gelditzen zitzaien, eta bertan ebatzi du etapa Meintjesek. Vacek indartsu agertu da, Oletan gora komeriak izan dituen arren. Eraso egin du, baina Meintjesek ondo erantzun dio, eta bakarrik abiatu da Legutioko (Araba) helmugaren bila. Bigarren Thompson iritsi da, eta Vacek hirugarren izan da azkenean. Retegi laugarren sartu da, eta Lopez seigarren.

Roglic eta Evenepoel ziren lehen bi sailkatuak, eta bihar Skjelmoseren soinean izango da maillot horia. Gaur, ordea, ez du jantzi nahi izan podiumean. Bigarren Juan Ayuso (UAE) dago orain, lau segundora, eta hirugarren Kevin Vauquelin (Arkea), sei segundora. Pello Bilbaok (Bahrain) hiru postu egin du gora: zazpigarren jarri da, lidergotik hamabost segundora.

Itzulia, 5. etapa
Itzulia, 5. etapa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.