Lehortea amaiarazi dute Tolosaldeak eta Oriok

Emakumezkoetan, Tolosaldeak aurrenekoz irabazi du Euskadiko Traineru Txapelketa; gizonezkoetan, berriz, Orio nagusitu da: 23 urte pasatuak ziren azkenekoz gailendu zenetik. Lehia estua izan dute biek, eta «gustura» daude garaipena lortuta.

Gorka Aranberri Orioko patroia, eskuak altxatuta, bandera eskuan duela. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gorka Aranberri Orioko patroia, eskuak altxatuta, bandera eskuan duela. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko ekainaren 9a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Burua hotz eta bihotza bero. Halaxe lehiatu ziren atzo Tolosaldea eta Orio Euskadiko Traineru Txapelketan, eta haiek astindu zituzten banderak. «Oso gustura gaude. Negu polita egin dugu, eta bagenekien borrokan ibiltzeko moduan geundela. Behin irabazita, barneratzen ari gara orain», aitortu du Arene Portularrume Tolosaldeko arraunlariak. «Ondo ari gara lanean, eta uretan ere erakusten dugu; pozik eta gustura gaude», esan du, berriz, Ibon Arruti San Nikolas ontziko arraunlariak. Ilusioa aipatu dute biek ala biek, eta datorrenari heltzeko gogoa ere bai.

Balioa eman diote garaipenari; badituzte motiboak. Tolosaldeak lehen aldiz irabazi du Euskadiko Txapelketa, eta ez edonola: Donostia Arraun Lagunak-i gailenduta. Lehia estua izan zuten bi taldeek, baina Tolosaldeak bukaerara arte eutsi zion zeukan alde apurrari —78 ehunen atera zizkion aurkariari, segundo bat baino gutxiago—. «Zer bide egin dugun jakinda, oso berezia da aurrenekoz horrelako garaipen bat lortzea, eta are gehiago Arraun Lagunak-i irabazita». Iaz, Donostiako taldeak eskuratu zituen bandera guztiak, eta Gipuzkoako Txapelketan ere hura gailendu da, berriki.

Portularrumek adierazi du atzokoa estropada «gogorra» izan zela, baina ondo kudeatu zuten saioa. «Estropada eremua teknikoa zen. Asmatu genuen burua hotz izaten eta azkenera arte arraunkera ez galtzen. Beraz, ezin hobeto».

Garaipenak konfiantza eman die, baina burua ez dute haizez betea: «Hankak lurrean ditugu. Badakigu denboraldia luzea dela eta edozer gerta daitekeela». Ahala eta gaitasuna, ordea, erakutsi dituzte jada. «Euskadiko Txapelketa irabazteak badu bere garrantzia, eta agerian gelditu da borrokatzera gatozela».

«Zer ibilbide egin dugun jakinda, oso berezia da aurrenekoz horrelako garaipen bat lortzea, eta are gehiago Arraun Lagunak-i irabazita»

ARENE PORTULARRUMETolosaldeko arraunlaria

Orio ere bete-betean dago. Zazpigarren Euskadiko Txapelketa poltsikoratu zuen atzo, baina lehorte handia izan du tartean: 23 urte ziren azkenekoz irabazi zuela: «Hamalau-hamabost urte daramatzat honekin amesten, eta antsietate puntu bat ere bagenuen. 23 urte pasatu izanak, nahi edo ez, badu pisua». Bada, kendu egin du arantza hori.

San Nikolas ontzikoek bigarren luzean jo zuten erasoa, eta, azken txanpan Donostiarra taldeak estutu arren, ondo eutsi zioten tarteari; 2,78 segundo atera zizkioten. «Bigarren luzean olatu on batzuk etorri zitzaizkigun, eta txalupa askatu zenenean jo egin genuen; aurrea hartu genuen, eta estropada osoan aritu ginen jo eta jo alde txiki horrekin. Estropada oso gogorra izan zen, oso estua, beroa. Bukaerara ondo ailegatu ginen, indartsu, eta patroiak eskatu zuenean ondo erreakzionatu genuen, bandera lortzeko bezain ondo».

Jon Olasagasti Orioko presidenteak BERRIAri aurrez esana zion «Orio irabazle bat» egin nahi dutela. Bada, asmo horretan bide onetik doa gizonezkoen taldea. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi ditu jada.

Fitxaketa garrantzitsuak

Tolosaldeak eta Oriok aurrerapauso bat egin nahi izan dute, eta, horretarako, ondo indartu dute taldea. Sona handiko arraunlariak fitxatu dituzte. Besteak beste, bi patroi berri ditu aurten Tolosaldeak: Nerea Perez eta Nagore Osoro. «Popan esperientzia puntu hori lortzeak asko lagundu digu, eta ontzira batu diren arraunlariak ere eskarmentu handikoak dira. Atzokoaren moduko estropadetarako garrantzia dauka horrek, burua hotz edukitzeko eta lasaitasuna transmititzeko».

Era berean, aitortza egin nahi izan dio azken urteetan egindako lanari: «Ez ginen hona iritsiko orain arte lanean aritutako guztien lanik gabe. Aurten berri batzuk ditugu, baina betiko jendea gara, multzoa bera da. Irabazteak berezitasun hori ere badauka. Urtez urte azpitik gora egin dugu talde gisa».

Laster hasiko dute liga, eta hor ere pausoz pauso joan nahi dute, estropadaz estropada, baina, betiere, bandera eskuratzea helburutzat hartuta: «Asteburuan bezala aritzen saiatuko gara, eta espero dugu Arraun Lagunak-ekin lehian ibiltzea».

Oriok ere multzo indartsua du. Hainbat fitxaketa egin dituzte, eta, horien artean, bi izar gailentzen dira: Iker Zabala entrenatzailea eta Gorka Aranberri patroia. Helburua, bakarra: irabaztea. Borroka horretan, lau talde nabarmendu behar dira: Orio, Zierbena, Urdaibai eta Donostiarra. Atzo ohorezko txandan aritutako laurak, hain zuzen. Dena ondo bidean, lau oilar horiek ariko dira elkarri mokoka. «Otso handiak dira». Horrelaxe definitu ditu Arrutik. Aurkariei «errespetuz» begiratzen die: hau da, beldurrez ez, baina errespetuz bai. «Askok uste zuten erraz irabaziko genuela, baina azken bi estropadak ikusi besterik ez dago jakiteko ez dela erraza izango».

«Azken urteetan, irabazteko har hori pixkanaka galtzen ari zen Orion. Orain, berriz piztu zaigu»

IBON ARRUTIOrioko arraunlaria

Eztabaidaezina da, halere, ilusiorik eta gogorik ez dutela falta. «Iaz ere ilusio berezia sortu zen Orion. Etxekoen alde egin zen, eta, hala, bertakook sentitu genuen barnean geundela, baina, azken urteetan, irabazteko har hori galtzen ari zen pixkanaka. Orain, berriz piztu zaigu».

Ligari ekin aurretik, Tolosaldeak eta Oriok badute beste lehiaketa bat begiz joa: Espainiako Traineru Txapelketa. Asteburuan jokatuko dute, Castro Urdialesen (Espainia). Azken lorpenari segida eman nahi diote.

(ID_15043718) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-06-08, Bermeo. Euskadiko Arraun Txapelketa
Nerea Perez Tolosaldeko patroia bandera astintzen; azpian, taldeko arraunlariak txaloka. ARITZ LOIOLA / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.