Txirrindularitza

Leknessundek irabazi du Vueltako zazpigarren etapa, ihesaldia biribilduta

Azken mendatean jo du erasoa norvegiarrak, eta bakarrik helmugaratu da. Lehen garaipena du itzuli handi batean.

Andreas Leknessund Vueltako zazpigarren etapa irabazi izana ospatzen. JAVIER LIZON / EFE
Andreas Leknessund Vueltako zazpigarren etapa irabazi izana ospatzen gaur, Aramon Valdelinaresen. JAVIER LIZON / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko abuztuaren 28a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Balentria eginda, Andreas Leknessundek (Uno-X) irabazi du Espainiako Vueltako zazpigarren etapa, ihesaldia biribiltzea lortu baitu. Norvegiarrak lehen garaipena eskuratu du itzuli handi batean. Bukaera gogorra zuen gaurko etapak: Aramon Valdelinares lehen mailako mendatean bukatu da saioa. Bada, hantxe jo du erasoa Leknessundek, eta lasterketaren buruan zihoazen beste lau txirrindulariek ezin izan diote segitu. Luze egin zaizkio azken kilometroak, baina ondo eutsi dio aldeari, eta irribarretsu helmugaratu da. Haren taldekide Tobias Johannessen helmugaratu da bigarren, 34 segundora, eta Wout van Aert (Visma) hirugarren, 47 segundora. Ihesaldian izan dira hiruak.

Sailkapen nagusiari dagokionez, ez da aparteko aldaketarik izan. Tadej Pogacarrek (UAE) arazorik gabe eutsi dio lidergoari. Are, aldea handitu du. Enric Masek (Movistar) jarraitzen du bigarren, 3.50era, eta Primoz Roglicek (Red Bull) hirugarren, 4.50era. Laugarren postura egin du jauzi Felix Gallek (Decathlon), eta zazpigarren posturaino jaitsi da Richard Carapaz (Education First).

Tropelak utzi egin dio gaur ihesaldiari bere bidea egiten. Zazpigarren etapa hasi eta berehala jo du erasoa Van Aertek, eta hari segitu dio Leknessundek. Milan Vader (Q36.5) ere saiatu da ihesaldian sartzen, baina ezin izan dio luzaroan eutsi erritmoari. Hurrengo kilometroetan, eraso asko egon dira atzean, eta, azkenean, Eddie Dunbar (Q36.5), Aleksei Lutsenko (NSN) eta Johannessen ere batu dira lasterketaren burura, ehun kilometroren faltan. Ondo ulertu dute elkar bost txirrindulariek, eta gogor egin dute lan kilometro askotan.

Atzetik hogei ziklista inguruko multzo batek jarraitu die, baina ez dute lortu boskotea harrapatzea. Tropela, berriz, lasai aritu da. Helmugarako hogei kilometro falta zirela, lasterketa buruak minutu eta erdi pasatxora zuen atzeko multzoa, eta zazpi minutura tropela. Aramon Valdelinares mendatean hautsi da lasterketa, eta azti ibili da Leknessund, aurrera egin eta etapa irabazteko. Uno-X taldeak lehenengo urtea du txirrindularitzaren gorengo mailan —World Team mailan—, eta ezin hobeki ekin dio aro berriari, hiru itzuli handietan irabazi baititu etapak —Italiako Giroan Fredrik Dversnesekin, Frantziako Tourrean Soren Waerenskjoldekin, eta gaur, Vueltan, Leknessundekin—.

Bihar egun lasaixeagoa izango dute txirrindulariek, ibilbidea ez baita izango hain aldapatsua. 171 kilometro egin beharko ditu tropelak, eta bigarren mailako mendate bakarra gainditu beharko dute ziklistek. Litekeena da etapa esprintean bukatzea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA