Tokioko olinpiar estadioan egindako itxiera ekitaldiarekin amaitu dira 32. Olinpiar Jokoak, COVID-19ak eragindako pandemiak guztiz baldintzatutakoak. «Tokioko Olinpiar Jokoak itxaropenarenak, bakearenak, eta elkartasunarenak izan dira», adierazi du NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidente Thomas Bachek, joan den uztailaren 23an hasitako jokoak ixteko ekitaldian. Bien bitartean, estadioaren kanpoaldean, protesta egin dute hainbat herritarrek, ez baitira ados egon jokoak pandemia egoera batean egitearekin. Japoniako hiriburuak Parisi pasatu dio lekukoa. 2024an Frantziako hiriburuan dira egitekoak jokoak.
Azkeneko bi asteotan estadioan zintzilik egondako NOBen bandera eraitsi dute, eta jokoen antolakuntza batzordeko buru Seiko Hashimotok Anne Hidaldo Parisko alkateari eman dio bandera. Itxiera ekitaldian Parisekin konektatu dute, han lekuko aldaketa zuzenean ikusteko ekitaldia prestatu baitute. Bien bitartean, pixkanaka itzali da joan den uztailaren 23an piztutako su olinpikoa.
Anne Hidalgo, banderarekin. Efe
Bach japoniarrez oroitu da diskurtsoan: «Lortu duzuenaz harro egon zaitezkete. Garai zailotan, oparirik preziatuenetakoa eman diozue munduari: itxaropena». Estadioan hitz horiek entzuten ari ziren, hain zuzen, Jokoetan parte hartu duten selekzioetako ordezkariak.
Eta behin gaur lehiaketa guztiak amaituta, AEBak nagusi, Rio 2016an bezala, dominen sailkapenean. Jokoen erdiak jokatuta, Txina zegoen lehen tokian sailkapenean, urre gehiago lortuta. Baina, azkenean, bai urrezko domina gehiago eta baita domina gehiago ere irabaz ditu AEBetako selekzioak: 39 urrezko domina, zilarrezko 41, eta brontzezko 33 (113 guztira). Rion 46 izan ziren urrezkoak, eta, orotara, 121 domina kolkoratu zituzten estatubatuarrek.
Txina sailkatu da bigarren tokian: urrezko 38, zilarrezko 32, eta brontzezko 18 (88 guztira). Japonia herrialde antolatzailea sailkatu da hirugarren tokian dominen sailkapenean: urrezko 27, zilarrezko 14, eta brontzezko 17 (58 guztira).
Errusia garaile, emakumezkoen eskubaloian
Hainbat final jokatu dira, gaur, Olinpiar Jokoak bukatzeko. Atletismoan, Eliud Kipchogek (Kenya) irabazi du urrea maratoian. Abdi Nageeye (Herbehereak) izan da bigarren, eta Bashir Abdi (Belgika) hirugarren. Emakumezkoen eskubaloian Errusiako Olinpiar Batzordeak irabazi du urrea, Frantziari 25-30 irabaziz. Brontzerako lehian Norvegiak 36-19 irabazi dio Suediari. Saskibaloiko finalean, AEBetako selekzioa 90-75 gailendu zaio Japoniakori.
Gimnastika erritmikoko taldekakoan Bulgariarentzat izan da urrea, Errusiako Olinpiar Batzordearentzat zilarra, eta Italiarentzat brontzea.
Bulgariako gimnastika erritmikoko taldea, gaur, lanean. Efe
Emakumezkoen boleibolean Brasilek aurreikuspenak bete ditu, eta, finalean, 3-0 nagusitu zaio AEBetako selekzioari. Brontzerako neurketan, Serbiak 0-3 irabazi dio Hego Koreari.
Eta gizonezkoen waterpoloan ere gaur jokatu dira dominak banatzeko partidak. Finalean, Serbiak 10-13 irabazi dio Greziari; eta brontzerako lehian, 9-5 gailendu zaio Hungaria Espainiari.