Lemazain berriekin

Iñigo Juaristik, Iraia Iturregik eta Aintzane Encinasek osatuko dute euskal selekzioaren talde tekniko berria. Azaroaren 25ean jokatuko dute, Txekiaren aurka

Ezkerretik eskuinera: Luis Mari Elustondo Euskadiko Federazioko presidentea; Mikel Larrañaga Eibar fundazioko presidenteordea; Iraia Iturregi, Iñigo Juaristi eta Aintzane Encinas hautatzaileak, eta Jon Redondo Jaurlaritzako kirol zuzendaria, euskal selekzioko elastikoei eusten, atzoko aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2017ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Euskal selekzioak arduradun berriak ditu aulkian. Juango Arregik kargua utzi zuen Realera joateko, eta Euskadiko Federazioak izen aski ezagunen alde egin du. Iñigo Juaristi urte luzez Athleticeko entrenatzaile izandakoak hartuko du kargua, eta luxuzko laguntzaile parea izango du alboan: Iraia Iturregi eta Aintzane Encinaz, Athleticeko eta Realeko jokalari ohi historikoak. Hirurek azaroaren 25ean egingo dute debuta, Eibarren, Txekiar Errepublikaren aurkako lagunartekoan. Asteburu horretan gizonezkoen Espainiako Ligako jardunaldia dago, eta Alaves-Eibar partidaren arabera zehaztuko dute partidaren ordua. Sarrerei dagokienez, bost euroan egongo dira salgai.

Emakumezkoen euskal selekzioak jokatuko duen hamargarren partida izango da, eta etxeko aurrenekoa 2014ko abenduaz geroztik. Jaurlaritzak pisu handia izan du aurkaria lortzeko negoziazioetan, eta Jon Redondo Jaurlaritzako kirol zuzendariak partidaren testuinguruari «balioa» eman behar zaiola nabarmendu zuen atzo eginiko aurkezpen ekitaldian. «Berdintasun errealari garrantzia ematen diogu. FIFAren egutegi ofizialean agertzen den egun bat da, eta Lehen Mailako estadio batean jokatuko da».

FIFA leiho batean jokatu ahal izateko, UEFAren baimena behar du Euskadiko Federazioak, eta Espainiako Federazioaren bidez lortu du baimen hori. «Ez da erraza izan konbentzitzea. Espainiak politika zentralista du, are gehiago futbolean, eta dauden ate gutxiak ixten saiatzen zaie gure nortasun zantzuen aldarrikapenei», azaldu zuen Luis Mari Elustondo Euskadiko Federazioko hautatzaileak. Egun beretan, Espainiako selekzioak beste lagunarteko bat jokatuko du, eta hara deituak diren jokalariek ezingo dute euskal selekzioarekin jokatu.

Txekiar Errepublika 15.a da UEFAko sailkapenean, eta ez da inoiz sailkatu ez Munduko Koparako, ez Europako Txapelketarako. Iñigo Juaristi hautatzaile berriak, baina, nabarmendu zuen garai onean dagoela gaur egun aurkaria. «Duela gutxi 0-1 galdu zuten Alemaniaren aurka, eta bana egin zuten Islandiarekin; talde ona da». Xehetasun gehiago eman zituen. «Ia beti berdinek jokatzen dute, eta hasierako hamaikakoko zortzi kide Slavia Pragakoak dira, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan dagoen talde batekoak. Beste hirurak Bundesligan ari dira».

Juaristik lehen partida izango du karguan, eta ilusioz dago. «Eskaintza jaso eta berehala esan nuen baietz. Erronka polita da, harro egoteko modukoa». Juaristi zazpi denboraldiz izan zen Athleticeko entrenatzaile, eta lau aldiz irabazi zuen liga. Bide berria hasteko, maila handiko laguntzaileak hautatu ditu. Iturregi —bost aldiz jokatu zuen selekzioarekin— ziur dago euskal selekzioak maila emango duela. «Emakumezkoen euskal futbola belaunaldi aldaketa batean dago, baina aurretik ere izan ditu antzeko egoerak, eta maila eman du. Sakon lan egitea ez da erraza, gutxitan elkartzen direlako jokalariak, eta ez dago denborarik. Baina aurreko partidetan ikusi da Europa mailako selekzioekin lehiatzeko gai dela. Esaterako, iaz, Irlandarekin». Jokalari ohia Athleticeko beheko mailetan dago egun lanean.

Encinas ere entrenatzen ari da, Realean, baina selekzioarekin izango du lehen esperientzia nagusiekin, iragan ekainean erretiroa hartu zuenetik. «Aldagelaren hutsunea nabaritzen dut gehien, baina oso pozik hartu nuen euskal selekzioaren deia. Lan ona egin dezakegula uste dut». Encinasek hiru partida jokatu zituen selekzioarekin.

1937ko selekzioa gogoan

Partida, halaber, aukera izango da 1937tik 1939ra munduan barrena jokatu zuen Euskadiko selekzioa gogoratzeko. Talde haren sorreraren 80. urteurrenean, Jaurlaritzak hainbat ekitaldi antolatuko ditu partidaren atarian. Aurki aurkeztuko dituzte ekitaldiok. Selekzio hark beste nazio baten aurka jokatu zuen lehen partida Txekoslovakiaren aurkakoa izan zen, eta 3-2 galdu zuen. «80 urte geroago, emakumezkoek jokatuko dute itzuliko partida», aurreratu zuen Redondok.

Partidaren egunean, Eibarren bertan partida girotzeko ekintzak antolatuko dituzte, Untzaga plazan. Eibar kirol elkarteak eta Eibarko Udalak erraztasun guztiak jarri dituzte partida antolatzeko. Atzoko aurkezpenean Mikel Larrañagak hitz egin zuen Eibar fundazioaren izenean, eta taldeak emakumezkoen futbolarekin duen konpromisoa berretsi zuen. Sarrerak azaroaren 13an jarriko dituzte salgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.