Munduko Kopa

Leo Messi: baloia sarera, marka zakura

Argentinarra Munduko Kopan inoiz izan den golegilerik oparoena bihurtu da, hemezortzi sartuta. Debuteko lehian berdindu egin zuen Kloseren hamasei goleko marka, eta atzo Austriari bi sartu zizkion. Mbappe atzetik segika dauka.

Messi Austriari sartuta lehen gola ospatzen. CARLOS RAMIREZ / EFE
Messi Austriari sartuta lehen gola ospatzen. CARLOS RAMIREZ / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko ekainaren 23a
07:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askorentzat, inoizko futbolaririk onena da Leo Messi. Eta eszeptikoen zalantzak uxatzeko, argentinarrak beste argudio bat jarri du mahai gainean: Munduko Koparen historian gol gehien sartu duen jokalaria bilakatu da. Atzo gauean ezarri zuen marka berria, Argentinak Austriaren kontra jokatu zuen partidan.

Messiren 28. partida izan zen selekzioen arteko txapelketa nagusian, eta hamazazpigarren eta hemezortzigarren aldiz sareratu zuen baloia. Aurretik, gainera bost penalti huts egin zituen. Bost egun lehenago, hiru gol egin zizkion Aljeriari, eta Miroslav Kloseren pare jarri zen. Alemaniarrak 16 gol egin zituen 2002 eta 2014 artean, 24 partidatan, eta haren markak ia ukiezina zirudien. Haatik, txapelketaren azken bi aldietan martxa bizkortu du Messik, Klose harrapatu eta gainditzeraino.

Argentinarrak bide luze eta malkartsua egin behar izan du golegileen gailurrera iristeko. Munduko Kopa seigarrenez ari da lehiatzen, eta denbora agortzen ari zitzaion Kloseren marka ontzeko. 28 partidatan ezarri du marka. Messik errekorra egin zuen Maradonak Ingalaterrari sartu zizkion bi gol historikoen 40. urteurrenean. 

Baina  ikusteke noiz arte eutsiko dion markari. Izan ere, atzetik segika dauka Kylian Mbapeek. Goizaldean jokatu du hark Iraken kontra, bi gol sartu ditu, eta 16 daramatza. Beraz, dagoeneko harrapatu du Klose, eta bira dauka Messi. 16 golak beste horrenbeste partidatan sartu ditu.

Hain justu,  Mbappek alde dauka denbora. Frantziarrak 27 urte ditu oraindik, eta dagoeneko txapelketaren historiako jokalaririk zitalenen artean dago. 2018an jokatu zuen Munduko Kopa lehen aldiz, eta lau gol sartu zituen. Gero, kopuru horri beste zortzi gol erantsi zizkion Qatarren. Eta aurtengo txapelketari modu paregabean ekin zion, Senegalen aurka baloia bi aldiz sareratuta. Lehenago edo beranduago, hura eseriko da Munduko Kopako golegile onenen tronuan, Messiri aurrea hartuta. Ordea, ikusteko dago marka noren esku gelditzen den aurtengo txapelketaren ondoren. Messirentzat handia litzateke gutxienez lau urtez sailkapenaren buruan egotea.

(ID_16209625) FIFA WORLD CUP 2026
Mbappe erdian, taldekideek inguratuta, Iraki sartatutako goletako baten ostean. JIJI PRESS / EFE

Aurreneko marka ere argentinar baten esku egon zen, lehen Munduko Koparen ondotik: Guillermo Stabilek zortzi gol sartu zituen 1930ean Uruguain jokatu zen txapelketan. Gero, Sandor Kocsis hungariarrak 11 goleko erreferentzia ezarri zuen 1954an. Gutxi iraun zion pozak, Just Fontainek hamahiru gol sartu baitzituen lau urte geroago. Geroztik, ez da beste jokalaririk izan Munduko Kopa bakarrean Fontainek baino gol gehiago sartu duenik.

Gerd Mullerrek hamalau egin zituen 1970an eta 1974an, eta hala, hobetu egin zuen marka orokorra. Langa hori gaindiezina izan zen hurrengo hiru hamarkadetan. Ronaldo Nazariok, ordea, hamabost gol egin zituen 1998 eta 2006 artean. Brasildarrak marka ezarri zuenean, Klose ez zegoen urruti, baloia hamar aldiz sareratu baitzuen 2002ko eta 2006ko aldietan. Kopuru horri beste lau ale gehitu zizkion Hegoafrikan, eta 2014an jarri zuen ginga, Brasilen: bi gol gehiago sartu zituen, eta munduko txapeldun bilakatu zen Alemaniarekin.

Final hura luzapenean irabazi zuten alemaniarrek, Argentinaren aurka. Ametsak azken unean egin zion ihes Messiri. Hirugarren Munduko Kopa izan zen Rosarioko izarrarentzat, eta haren gol kopurua nahiko apala zen oraindik: bakarra egin zuen 2006an, hutsean geratu zen 2010ean, eta lau sartu zituen 2014an.

Lau urte geroago, ate aurrean behin asmatu zuen bakarrik Messik. Argentina final zortzirenetan kanporatu zuen Frantziak, eta egun hartan, bapo egin zuen Mbappek: bi gol sartu zituen, penalti bat eragiteaz gain. Hemeretzi urte baino ez zituen, eta Munduko Kopa aurrenekoz ari zen jokatzen. Bada, ez zuen beldur eszenikorik izan, eta Kroaziaren kontrako finalean ere arrastoa utzi zuen markagailuan –frantziarren laugarren gola sartu zuen–. 2022ko finalean, berriz, hiru aldiz zulatu zuen Argentinaren atea. Munduko Koparen finaletako golegile nagusia bilakatu zen Mbappe.

Haatik, garaikurra Messik altxatu zuen. Argentinarrak zazpi golekin amaitu zuen azkeneko Munduko Kopa, eta hirurekin hasi aurtengoa. Modu horretan, Kloseren pare ipini zen. Gainera, Aljeriaren aurka, Munduko Kopako lehia bakarrean hiru gol sartu dituen jokalaririk zaharrena bilakatu zen Messi; 38 urte eta 357 egun, horra hor marka berria.

Bataz beste, Kocsis nagusi

Nolanahi ere, izan da Messi baino golegile helduagorik txapelketaren historian. Sailkapen horren gorenean Roger Milla kamerundarra dago: 42 urterekin sartu zuen bere azken gola, 1994an. Cristiano Ronaldo bigarren ipiniko litzateke aurtengo Munduko Kopan asmatuko balu. Era berean, sei Munduko Kopatan ate aurrean asmatu duen jokalari bakarra izango litzateke. Txapelketa hasi aurretik, zortzi gol ageri ziren portugaldarraren zakuan; den-denak multzoen fasean sartuak. Harry Kane ere zortzi golekin iritsi zen Ipar Amerikara, eta debutean beste bi batu zituen bildumara. Hartara, hamasei jokalarik sartu dute hamar gol edo gehiago Munduko Koparen historian. Ordea, 1974az geroztik ez da izan txapelketa bakarrean hamar goleko langa gainditu duenik.

Golegilerik onenen artean, Kocsisek dauka bataz bestekorik onena: 11 gol sartu zituen bost lehiatan, hots, 2,2 partidako. Garai batean, aurrelaririk zitalenek etekin handia ateratzen zioten txapelketa bakoitzari. Futbolak bilakaera handia izan du, ordea, eta aurrelarien jarduna askoz ere konplexuagoa da gaur egun. Taktikoki oso egitura landuak izaten dituzte aurrean, eta haien jarduna ez da golak egitera mugatzen. Halere, 2022an Mbappe asko hurbildu zen hamar goleko langara: zortzi gol sartu, eta bere egin zuen aldi horretako golegile nagusiaren saria.

Inor ez da sekula golegilerik onena izan bi Munduko Kopatan, eta erronka hori ere jomugan du Mbappek. Messi bi aldiz izan da txapelketako jokalaririk onena, baina inoiz ez golegilerik oparoena. Kanek 2018an jokatu zuen lehen aldiz Munduko Kopan, eta beste inork baino gol gehiago sartu –sei guztira–. Erling Haalandek horixe egin nahi du orain: debutean arrastoa utzi. Indartsu hasi du txapelketan, beste harrapakari askok bezala. Bolbora usaina dario aurtengo Munduko Kopari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA