Lezamara bueltan da

Athleticek lau urterako fitxatu du Yuri Berchiche. Frantziako komunikabideen arabera, 23 eta 25 milioi euro artean ordaindu ditu

2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Argitu da Yuri Berchicheren etorkizuna. Azkenean zurrumurruak bete, eta Athleticekin sinatu du ezker hegaleko atzelari zarauztarrak. Talde zuri-gorriak atzo jakinarazi zuenez, 2022ra arteko akordioa sinatu du 28 urteko jokalariak.

Yurik baloiari lehen ostikadak Donostiako Antiguoko taldean eman zizkion. Han lau denboraldi pasatuta, Realaren harrobira egin zuen salto. Realean urtebete eskas eginda joan zen zarauztarra Athleticera. Bi denboraldi eman zituen Lezaman; jokatzen, ordea, bat eta erdi. Gazte mailan, Julen Guerrero Athleticeko jokalari ohiaren aginduetara zela, lau hilabetez taldetik kanpo utzi zutenepaile bati oldartzeagatik.

2007an aldaketa handia izan zuen Yuriren kirol ibilbideak. Hegazkina hartu, eta Ingalaterrako Tottenham Hotspur taldean hartu zuen lur. Ingalaterran, baina, ez zuen bere mailarik onena ematerik lortu. Lehen denboraldia bigarren taldean egin zuen; bigarrena, berriz, Cheltenham Townen utzita.

Ondorioz, berriro Espainiako Ligara bueltatu zen. Valladoliden pasatu zituen bi denboraldi, eta han lortu zuen Lehen Mailan debuta egitea. Hala ere, bigarren taldean izan zuen lekua Yurik. Hala, etxe aldera egin zuen berriro ezker hegaleko atzelariak. Espainiako Bigarren B Mailan zen Real Unionekin fitxatu zuen. Irunen emaniko itxura onak Realeko ateak zabaldu zizkion 2012an.

2014tik aurrera, gorakada

Realaren lehen taldean lekurik ez, eta Eibarren jokatu zuen utzita. Hura izan zen, ezbairik gabe, Yurik orduan har zezakeen erabakirik onena. Eibarren zela, taldeak bi maila igo zituen erreskadan: Espainiako Bigarren B Mailatik Lehen Mailara. Yuri jokalari ziur eta mugiezin horietakoa zen 2012-14ko sasoietako talde armagin hartan. Bere zazpi golak eta emaniko maila paregabea Eibarren bi denboraldi historiko haietako gakoetako bi izan ziren.

Orduan, bai: Realeko ateak erabat zabalik aurkitu zituen Yurik. 2014tik 2017ra jantzi zuen kolore txuri-urdineko elastikoa. Postuaren lehian Alberto de la Bellarekin aritu zen aurreneko bi denboraldietan. Hirugarrenean, aldiz, Yuri izan zen atzeko ezker hegalean nagusi. Europan eta Ligan erakutsitako maila paregabea tarteko, foku ugari izan zituen gainean.

Yuri fitxatzearen alde serioen agertu zen taldea orduan Unai Emeryren agindupean zegoen Paris Saint-Germain izan zen. Hamahiru milioi euroren truke joan zen. Emeryren aginduetara pasatutako denboraldian, Frantziako Liga, Frantziako Kopa eta Frantziako Ligako Kopa irabazi ditu. 32 partida jokatu ditu, eta bi gol sartu.

Hainbat taldetan jokatu ostean, Athleticen jokatuko du, ondo bidean, datorren lau denboraldietan. Epe horretan inork eraman nahiko balu, Yuriren etete klausula ordaindu beharko luke, ehun milioi eurokoa.

Ostiralean aurkeztuko dute, eta astelehenean jarriko da Eduardo Berizzo entrenatzailearen aginduetara. Itxura batean, taldekide izango dituen Mikel Balentziagarekin eta Christian Ganearekin izango du lehia hamaikakoan postua ziurtatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.